Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Derrigorrezko bidaiak gutxitzeko gakoa soluzio kolektiboak dira, bereziki garraio publikoa

Mugikortasuna ongi eta aske bizitzeko giltzarrietako bat da. Oiartzunen egindako ‘Gipuzkoa Nodal’ ekitaldian, Donostia-Baiona Eurohiriko nodoez mintzatu dira hainbat aditu eta erakundetako ordezkari. Azaldu dutenez, multimodalitatea bultzatzen ari dira bidaietan auto gutxiago erabiltzeko.

Gipuzkoa Nodal ekitaldiko partaide batzuk, hitzaldi eta hitzaldi arteko atsedenaldian, Oiartzunen.
Gipuzkoa Nodal ekitaldiko partaide batzuk, hitzaldi eta hitzaldi arteko atsedenaldian, Oiartzunen. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Gipuzkoa Nodal. Mugikortasun multimodala lurralde polizentriko baterako’. Izenburu hori izan du ostiral honetan EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, RAZ-ek eta Oiartzungo Udalak bertako Landetxe kultur aretoan egin duten gogoeta ekitaldiak. Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru izan dira, horien artean Carles Llop Hirigintza katedradunak gidatu duena. Bertan, Donostia-Baiona Eurohiriko nodoei modu holistikoan heldu diete.

Artitz Videgain Euskal Hirigune Elkargoko ordezkaria hasi da, 1900. urteko Lapurdiko mapa bat erakutsiz. Herri ttipi dentso batzuk ageri dira. Jendeak bost kilometro egiten zituen egunean garai hartan. Hurbiltasuna eta polizentrismoa ziren lurraldearen ezaugarriak. Ordutik gauzak anitz aldatu dira. «Orain, zinez gutiengo ttipi bat bizi da hor. Hiriak izugarri zabaldu dira. Baionan eta Angelun biztanleria bi aldiz biderkatu da, baina eremua fiteago aldatu da. Hiriburun eta Mugerren ere baserri sakabanatuetatik etxebizitza asko izatera igaro gara», deskribatu du Videgainek.

Toki horietan autobus zerbitzu on bat ezartzea biziki zaila dela aitortu du. Egunero 45 kilometro inguru egiten ditu orain jendeak, ia denak autoz. Denboraren historia bat ere bada hau. Lehen, bost kilometro egiteko ordubete behar zen. Orain, 45 kilometro egiten dira ordu erdiz.

Egunero 45 kilometro inguru egiten ditu orain jendeak, ia denak autoz

 

Dentsitateak, berriz, apalak dira hagitz, eta ez da eremurik Ipar Euskal Herrian etxebizitzarik ez denik. Egoera horretan, zer egin?

2017an Elkargoa sortu zen, eremu osoko mugikortasuna eta hirigintza koordinatzeko tresna. Anbizio handiko xedea jarri zuen 2020an: autoz egindako bidaiak erdira jaistea, multimodalitatea estrategia bezala baliatuz. Adibidez, tren geltokia hiriaren sarreran badago bertan aparkalekuak jarriz azken kilometroak garraio publikoan egiteko; aitzinetik erreserbatzen diren autobusak erabiliz edota bizikleten aparkaleku eta babeslekuak proposatuz. Helburua da denbora osoan autoa erabili gabe bidaiatzea.

Bertzalde, lehen marka ezberdin pila bat ezagutu behar ziren garraio publikoan mugitzeko, baina 2022tik dena da Txik Txak. Elkargoko kideak baieztatu duenez, eraginkorra izan da. «Askoz bidaiari gehiago ditugu. Baina ez dugu lortzen autoak murriztea».

Horretarako, hiru egiteko ezarri dituzte: herrien eta hirien sareak sortzea eta hobeki identifikatzea; hirigintza hurbila egitea; eta aparkalekuak eskaintzea garraio publiko zerbitzuarekin lotzeko.

Lehen pausoa: Mugi txartela

Eluska Renedo Gipuzkoako Garraio Agintaritzako zuzendaria da. 2012an sortu zen Agintaritza, mugikortasuna sare oso bezala planteatzeko. Lehen pausoa Mugi txartela martxan jartzea izan zen, mugikortasuna hobetzeko.

«Prezio bera ezarri genuen modu guztietarako eta hala moduen arteko lehia ekonomikoa ezabatu eta zerbitzuak hobetzea bultzatu genuen. Bidaia merketu genien gehien erabiltzen dutenei, jendea erakartzeko», agertu du Renedok.

Erantsi duenez, sarea eraginkorra izateko garraioz aldatu beharra dago eta kostatzen ari zaie oraindik jendea horretara animatzea. Garraio publikoan egiten diren bidaien %80 Mugirekin egiten dira. «Mugik informazio oso baliagarria ematen digu: bidaiarien bizitokia, adina, sexua... Altxor handi bat da gure garraio publikoaren plangintza hobetzeko, simulazio bidez garraioa hobetzen saiatzen baikara».

Bertze datu bat ere eman du zuzendariak: Euskotrenek hobekuntzak egin ditu hainbat geltokitan eta 2012tik %15 igo dira bidaiariak.

Hiri ertainen garrantzia

Madalen Gonzalez Bereziartua arkitekto doktoreak Gipuzkoa polizentrikoan sakondu du, horretaz egin baitzuen 2017an defendatu zuen tesia. Hiri ertainen garrantzia azpimarratu du ondorioen artean. XVII. mendeko mapak erakutsi ditu. Bertan ikusten da zenbat hirigune zeuden eta nola garatu ziren haien inguruan azpiegiturak eta administrazio politikak. Adibidez, Tolosan fabrikak erdigunetik aldenduta eraiki ziren, baina ez urrunegi, langileak iritsi zitezen. Hirien konfigurazioak ere eraiki du garraioa, azaldu duenez.

«Biztanleriaren erdia Donostia inguruan bizi da, baina beste erdia barnealdean. Gipuzkoak nodoz osatua egon behar du, Gipuzkoa osoak»

 

XIX. mendean 200 hirigune eta 90 udalerri zeuden. «Gaur egun, antzinako fabrika horietatik saltoki handietara igaro gara, eta 200 hirigune historiko horiek, mugikortasun pribatuaren eztandarekin, hiriburutik hurbil daude. Hala gertatu da denbora gutxian herri txiki batzuetan etxebizitzak bikoiztea».

Ondorio gisa, lurraldearen barnealdeak indar ikaragarria izaten jarraitzen duela azaldu du. «Biztanleriaren erdia Donostia inguruan bizi da, baina beste erdia barnealdean. Gipuzkoak nodoz osatua egon behar du, Gipuzkoa osoak», azpimarratu du.

Irisgarritasuna hobetzeko frogak

Zuriñe Varela City Science Lab Gipuzkoako zuzendari teknikoa da. Esplikatu du kolaboratzaileek erakarri zutela proiektu honetara. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundia, lurraldearen ulermen orokor bat duena. Bertzetik, Mubil, mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren fundazioa, ibilgailuen balio katean lanean ari diren enpresak lotzen dituena. Hirugarrenik, Bostongo Unibertsitatearekin eta Tecnuneko taldearekin egiten duten ikerketa lana.

Gonzalezek errandakoaren ildotik, Donostia hirigunetik haragoko bailarek duten nortasun handia nabarmendu du, «historikoki orografiagatik garatu diren kokapenen ondorio. Hiri barruan mugitzeko oinez ibiltzen gara asko, baina behin kanpoan, kotxez. Irisgarritasun hori lantzen ari gara, mugitzeko denbora kontuan izanda. Esku-hartze ezberdinak frogatu nahi ditugu irisgarritasuna hobetzeko», aipatu du.

Mugikortasuna ikasi egiten da

Llopek adierazi bezala, neurtzea mugimenduez konturatzea da, eta polizentrismoa lurralde batean bizitzeko dauden modu ugariak onartzea da. Defendatu duenez, mugikortasuna ere ikasi egiten da.

«Derrigorrezko bidaiak murrizteko, soluzio kolektiboak behar dira, bereziki garraio publikoa», aldarrikatu du. Gonzalez bat dator: «Mugitu behar badugu, mugikortasuna izan dadila ahalik eta eraginkorrena eta kolektiboena».

Videgainek kontatu du Elkargoan eztabaida batekin dabiltzala orain: «Lan gehienak kostaldean daudenez eta etxebizitzak lantokitik gero eta urrunago, enpresak barnealdera mugitzen ahalegindu behar dugu ala dentsitatea handitu behar dugu kostaldean?».

Michelle Poyourow AEBetako gonbidatu bereziak, Jarrett Walker + Associates-ekoak, bertze ikuspuntu bat erantsi du: «Tarteka egiten diren desplazamenduetan zerbitzua eskaintzea oso garrantzitsua da, hor hasiko delako jendea garraio publikoan konfiantza izaten. Plangintza egitean egun osoko desplazamenduetan pentsatu behar dugu, ez lanekoetan bakarrik. Jendeak askatasunez erabakitzeko aukera duela sentitu behar du eta hori ahalik eta gehien eskaini behar dugu zerbitzu publikoarekin», aldarrikatu du.