
Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalek asteon iragarri dute udalerriotako udaltzainen bost postu betetzeko lan eskaintza publiko bateratua egingo dutela, «hurbilagoa» izango den Udaltzaingo eredua bermatzeko helburuarekin. Iragarpena egin orduko, baina, ahots eszeptikoak altxatu dira EAJn, zalantzan jarriz lan poltsaren legezkotasuna. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak NAIZi ziurtatu dio prozesuak legezko berme guztiak izango dituela, eta beraiei dagokiena berdin bete dezatela eskatu die Lakuako arduradunei.
Urola bailarako hiru udalok, EH Bilduren agintepean guztiak, «herritarren beharretara egokitutako Udaltzaingo eredu hurbila eta komunitarioa» indartu nahi dute. Horretarako, prozesu bateratua abiatuko dute bost udaltzain postu betetzeko eta lan-poltsa ere eratuko dute, aurrerantzean egon daitezkeen beharrak asetzeko. Erakunde hauetako arduradunek azaldu zutenez, herriaren ezagutza eta euskararen erabilera «funtsezko elementuak» izango dira hautaketa prozesuan. Zumaiak aterako du deialdia eta mandatu baten bidez zabalduko du beste bi udalerrietara.
«Beste udaltzaingo eredu bat egon daitekeela sinisten dugu, udaltzaina lana egingo duen herrian errotuta egon dadin», adierazi du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak.
Azaldu duenez, normalean, udaltzaingoei dagokien lan deialdiak Arkautitik bideratzen direla erkidego osora. Akademia horretan froga batzuk gainditzen dituzte eta hizkuntza eskakizuna Zumaia, Azpeitia eta Getariak eskatuko duten berdina da (B2a euskaraz). Arkautitik Urola bailarako herri hauetara bidaltzen dituzten agente askok, baina, ez dute herri horietan lan egin nahi, Ostolazak zehaztu duenez. «Bat edo beste gelditu da, baina gehienek, gure herrietan aldi baterako soilik egoten ziren, aukera zutenean beste nonbaitera joateko», esan du.
Udalek nahi dute, aldiz, udaltzainek hori baino errotze handiagoa izan dezatela herrian. «Gure deialdia aurkeztuta, plaza hemen atera dezakete hemen geratzeko asmoa dutenek», berretsi du.
Legeak zehazten du udaltzainek euskararen B2 maila egiaztatu behar dutela eta udalek, beraz, ezin dute maila altuagoa eskatu, deialdi propioa egingo badute ere. Hala ere, Zumaiako alkateak jakinarazi du deialdira aurkeztuko diren beharginek euskaraz egin beharko dituztela frogak. «Azterketa euskaraz egiteko, ezagutza bat izan behar duzu», esan du. «Gure komunikatzeko hizkuntza, hiru herrietan, euskara da –nabarmendu du–. Udaletxeetan lanerako erabiltzen dugun hizkuntza euskara da, txostenak, dokumentazio guztia, harreman pertsonalak, euskaraz dira. Bada, etortzen diren udaltzain batzuk ez dute gaitasunik euskaraz aritzeko. Hori da ekidin nahi duguna».
EAJ, mesfidati
Azpeitia, Zumaia eta Getariak iragarritako deialdi bateratua mesfidantzaz hartu dute EAJn, jeltzaleek egindako adierazpenek ulertzera eman dutenez. Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak, adibidez, zalantzan jarri zuen prozesuaren legezkotasuna, «lege-esparruarekin bat ez datorren jardueraren bat egongo balitz, ez dugu beteko», adierazita. Imanol Lasa EAJko buruzagi eta Gipuzkoako foru diputatu ohiak, halaber, zuzenean EH Bilduren kontra egin zuen. Baieztatu zuen koalizio abertzaleak ez duela herri proiekturik eta, beraz, «ezta polizia eredurik ere».
Arkautitik aparteko deialdia egiteak harrotu ditu hautsak jeltzaleen artean, baina, egiaz, Gasteizko akademia ez da herriotako prozesuaz aparte egongo. «Legeak esaten du deialdia bukatzen denean udaltzainek Arkautin egin behar dutela formakuntza. Horretaz aparte, kontratazio mahaian bost pertsona egongo dira, eta horietako bat Arkautiko ordezkaria izango da. Guk eskatuko diogu etortzeko, legeak ere hala eskatzen duelako»
«Noski, legeak eskatzen dituen berme guztiekin egingo dugu deialdia, bestela ezingo genuke egin, lan eskaintza aurkezteko idazkariaren eta kontu-hartzailearen aldeko txostena behar dugulako», argitu du Ostolazak. Eta Zupiriari zuzendu zaio: «Guk ere eskatzen diogu legea bete dezala». Izan ere, Arkauti derrigortuta dago deialdian sartu diren agenteei formakuntza ematera, «ezin du sine die atzeratu», ohartarazi du Ostolazak. «Beraz, gu ere adi izango gara», berretsi du.
Pello Otxandiano Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramailea ildo beretik mintzatu zen ostegunean, kazetariek gaiari buruz galdetu ziotenean. Ziurtatu zuen hiru udalerriok ez dutela legeak ezarritako esparrutik kanpoko ezer egiteko intentziorik, eta udalen ekimena goraipatu zuen, «gertuko polizia eredua» sustatzeko neurria dela iritzita.
«Aurrerapauso bat da. EH Bilduren urrats honek bide interesgarria irekitzen du», azpimarratu zuen.
Deialdia, martxoan
Aurreikuspenen arabera, martxoan zehar zabalduko dute Udaltzaingoen Lan Eskaintza publikoa Azpeitia, Getaria eta Zumaiako udalek, azken honek kudeatuta, hiru erakundeen erabakiz. Hiru herriotan aritzeko bost udaltzain postu eskainiko dituzte hasiera batean: hiru Zumaiarako, bat Getariarako eta bat Azpeitirako. Edonola ere, prozesuan zehar kontratatu beharreko udaltzain kopurua handitzea aurreikusiten dute udalek.
ELA, aldeko
Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalek iragarritako deialdi bateratua «norabide egokian» hartutako erabakia dela agertu du ELAk ohar batean.
Adierazi duenez, Arkautiko prestakuntza eredua «gainezka eta zaharkituta» dago, Ertzaintzak jasotzen duen formakuntza bera ematen baitzaie udaltzainei ere. «Udaltzaingoa asistentziala eta hurbilekoa izan beharko litzatea eta udalerriko errealitatera oso errotuta egon», esan du sindikatuak.
Hori dela eta, Eudeli eta tokiko erakundeei dei egin die lan poltsa propioen aldeko hautua egin dezaten.
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»

LAB denuncia que Metro Bilbao ha contratado a la empresa israelí I-SEC Aviation Security
