Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Jatorri eta kultur aniztasuna hizpide izan du Sortuk aurtengo Plaza Hutsean

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 500 bat militante bildu dira alderdi independentistak antolatu duen herrigintza topagunean. Hasiera eman dion solasaldi orokorrean, Xabier Iraolak eta Olatz Egigurenek azalpen orokor bat eman dute, eta jarraian arlokako bost solasaldi egin dituzte.

Plaza Hutsan parte hartu duten militanteen argazkia.
Plaza Hutsan parte hartu duten militanteen argazkia. (Jon URBE | FOKU)

Sortuk 2025eko Plaza Hutsa ospatu du Andoaingo Bastero kulturgunean. Izaro Zinkunegik aurkeztu duen saioan, Xabi Iraola eta Olatz Egiguren Sortuko Herrigintza lantaldeko kideek jatorri eta kultur aniztasunak Euskal Herriaren askapen eta nazio eraikuntza prozesuan zein paper jokatu behar duen azaldu dute.

Iraolak Euskal Herria jasotzen ari den immigrazioaren argazkiaren gako nagusiak eman ditu eta, aipatu duenez, «egungo Euskal Herria inoizko askotarikoena» da jatorriari eta kulturari erreparatuta. Fenomenoaren dimentsioaz ohartzearen garrantzia azpimarratu du, eta Euskal Herriko bizitzaren esparru guztiak zeharkatzen dituenez, Euskal Herriaren eraikuntza eta eraldaketa prozesua ere zeharkatu behar dituela gaineratu du.

Lubakiak ongi kokatzearen beharra azpimarratu du, ezker abertzaleak bere proiektuari ahalik eta jende gehien erakartzeko estrategiak garatu behar dituela gogoratuz, «kanpokoa versus bertakoa» lubakia baztertuz, eta joera erreakzionarioak mundu mailan egituratzen eta batalla kultural gogorra garatzen ari diren testuinguruan, herri espresio ezberdinekin batera «agenda nazional eraldatzaile bat martxan jartzea» planteatuz.

Egigurenek azaldu du ezker independentistak jatorri eta kultur aniztasunari bere ikuspegi propiotik begiratzen diola; Euskal Herria nazio ukatua eta zatitua den kontzientziatik, askapen prozesua bururaino eramateko helburutik eta herritar guztiek eskubide eta betebehar berdinak eduki behar ditugunaren konbentzimendutik. «Garenetik, daukagun egitekotik eta gure proiektu politikoari lotuta», borobildu du.

Kulturartekotasun eredu propio baten alde egin du Xabi Iraolak, euskara ardatz edukiko duena, eta «irekiduren» alde egin du, ixteko joeren aurrean

Iraolak azpimarratu du kohesioa dela «aurrean dugun erronka nagusiena, ziur asko». Ghettoen sorrera posibleen aurrean, harremanak eta zubiak eraikitzearen beharra adierazi du eta gaineratu du hurrengo urteotan lehentasunezko kontua izango dela. Kulturartekotasun eredu propio baten alde egin du, euskara ardatz edukiko duena, eta «irekiduren» alde egin du, ixteko joeren aurrean.

Egigurenek gaineratu du ezker abertzaleak eremu guztietan eta etengabe ikuspegi inklusibo bat txertatu behar duela, eta ‘Bidaide’ txostenaren lau ildo estrategikoak aletu ditu: Euskal Herria harrera herri bilakatzea, aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzea, arrazakeriaren kontrako lana eta mugimendua indartzea eta hizkuntzari loturiko ildoa, «harrera linguistikoa» deitu duena.

«Gure esentzietan itxi» edo «gure nazioaren parte egin»

Solasaldi orokorra amaituta, argazkia atera dute eta jarraian, ordu eta erdiz, bertaratutakoak bost solasaldi ezberdinetan banatu dira ‘Bidaide’ txostenak planteatzen duen tesi orokorra arlo ezberdinetan lurreratzeko: ‘Euskara, Euskal Herria eleaniztun eta kulturaniztunean’, ‘Kulturarteko hezkuntzari 360 graduko begiradak’, ‘Ekonomigrazioa: migrazio prozesuen arrazoi eta ondorio ekonomikoak’, ‘Inklusioa eraikiz. Esperientzia publikoak eta komunitarioak ezagutuz’ eta ‘Erreakzio autoritarioa eta arrazakeria’.

San Vicente: «Euskal herritarra da Euskal Herrian lan eta bizi den oro. Ez gara esaten nekatuko, orain dela 50 urte esaten genuen. Hortik eraikitzen ari gara herria eta hortik eramango dugu askatasunera»


Plaza Hutsaren amaierako interbentzioan Oihana San Vicentek gogoratu du azken urteotan Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzen ari dela, etorkizunerako berme bakarra «herri proiektua elkarrekin imajinatu eta eraikitzea» dela eta «jatorri eta kultur aniztasuna Euskal Herria goitik behera zeharkatzen duen erronka nagusienetakoa» dela.

Honen aurrean, bi aukera planteatu ditu: «gure esentzietan itxi» edo «gure hizkuntza eta kultura irekiaren begiradatik eta, nazio zapaldu gisa, euskal herritar berri horiek askapen prozesuaren eta gure nazioaren parte nola egiten dugun elkarrekin pentsatzea». «Euskal herritarra da Euskal Herrian lan eta bizi den oro. Ez gara esaten nekatuko, orain dela 50 urte esaten genuen, eta gaur berresten gara. Hortik eraikitzen ari gara herria eta hortik eramango dugu askatasunera». Eta Porrotx eta Zapotxin pailazoek girotuta, amaiera eman diote 2025eko Plaza Hutsari.