Aitor Manterola
Elkarrizketa
Juan Carlos Garcia Gonzalez
Saskibaloiko epailea

«Epaileak hanka sartzea jokoaren barruan dago»

«Nahigabe» hasi zen epaile lanetan Juan Carlos Garcia Gonzalez (Bilbo, 1969), eta 37 urte ari da betetzen zeregin horretan. Lanbide du, eta ACB ligan eta Euroligan aritzen da. 2016ko Olinpiar Jokoetan gizonezkoen finalean jardun zuen. Epaileen «zintzotasuna» nabarmendu du.

Juan Carlos Garcia, Bilbon.
Juan Carlos Garcia, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Epaileek arautegi baten erara gobernatzen dituzte partidak, jokalariak eta entrenatzaileak. Agintari dira, alde horretatik. Elkarrizketa honetarako argazkiak ateratzeko, ordea, agindua izatea tokatu zaio. Ondo moldatu da Juan Carlos Garcia saskibaloi epailea. Kiroltasunez eta errespetuz aritu da argazkilariarekin Bilboko Euskalduna zubiaren inguruan.

Modu berezian ariko zara bizitzen azkeneko denboraldi hau, azkena duzulako ACB ligan, adinagatik.

Baditut leku batzuk bereziak, eta badakit kantxa horietan, azkeneko aldiz joan eta gero, ez dudala beste aukerarik izango. Berezia izaten ari da.

Bukatzeko, hasi egin behar. Nola ekin zenion epaile lanari duela 37 urte?

Saskibaloian jokatzen nuen, eta entrenatzaile ere banintzen. Titulu bat atera, eta infantilak entrenatu nituen Basaurin bi denboralditan. Eskoletan epaileak behar izaten zituzten haurren partidetarako, eta lagunen eskaerei baiezkoa ematen nien. Ez neukan har berezirik epaile izateko. Gustatu egin zitzaidan, eta aurrera. Saskibaloiak eraman ninduen epaile izatera.

Ibilian-ibilian, Olinpiar Jokoetako gizonezkoen txapelketako finala eman zizuten 2016an, AEBak eta Serbiaren artekoa.

Esperientzia politena izan zen, eta handiena ere bai. Oraindik ere oilo-ipurdia jartzen zait gogoratzean.

Euroligako finala falta orain?

Ederra litzateke. Helburu egingarriak izan behar dira buruan, eta orain buruan dudana da hurrengo partida. Lan ona egiteak emango dit aukera balizko final horretarako.

Unerik txarrena zein izan da?

Espainiako Kopako finala, 2019koa, Bartzelona eta Real Madrilen artekoa. Bartzelonak irabazi zuen Real Madrilen kantxan, epaileok oker adierazitako jokaldi baten eraginez. Onartu genuen, eta ondorioak izan genituen. Baina itzuli nintzen, zigortu egin gintuztelako hilabete eta erdirako, eta besteek nirekiko zuten konfiantza berreskuratu nuen.

Epailea epaile jaiotzen da?

Uste dut ezetz. Baina esango nuke berezkoa ere badela, eta denborarekin konturatzen zarela baduzula zerbait berezia horretarako. Hala ere, hasten zarenean, ez duzu espero eliteraino iristea. Saskibaloia da nire pasioa, eta bertan segitzeko eta jarduera ezberdin bat egiteko aukera eman zidan epaile izateak.

«Saskibaloia da nire pasioa, eta bertan segitzeko eta jarduera ezberdin bat egiteko aukera eman zidan epaile izateak»

Zer zen epaile izatea hasieran?

Ardura zen, gauzak ondo egin beharra, erantzukizuna emaitzan ez eragiteko, partida bere horretan joatea. Orain izena jartzen diet bizipen horiei guztiei, baina hasiera hartan ez. Txilibitua hartzen nuen, eta ikusten nituen bi talde. Pentsatzen nuen: «Ño, hauek irabaztera datoz, eta nik gauzak ondo egin behar ditut». 

Definizio bat da inpartziala izatea, baina partida baten barruan gertatzen diren hainbat egoera emozionalekin, erraza al da?

Bai. Ikasi egiten da. Orain ezberdin ikusten dut kirola, epaile izateko prozesuak eraginda. Pasioak ez nau baldintzatzen. Saskibaloian, ez daukat gustuko talderik, baina jendeak ez dit sinesten. Epaileak hanka sartu badu, hanka sartu du. Jokoaren barruan dago hori.

Beste epaile bati esan izan diozu hanka sartu duela erabakiren batean?

Zaila da hanka-sartze bat komunikatzea, baina elkartzen garenean, aipatzen dizkiogu elkarri. Ez hanka sartu duela, hanka zertan edo zergatik sartu duen baizik. Hori da gakoa. Ikasten segitzeko beste modu bat da. Kirola etengabeko bilakaeran doa, eta epaile bezala ez bagina joango bide berean, atzean geldituko ginateke.

«Orain, askoz irekiagoa da, hiruko jaurtiketan oinarritzen da asko, eta lehen hertsiagoa zen. Estatu Batuetatik datorren joera da»

Zeri erreparatzen diozu saskibaloiaren bilakaeran?

Jokatzeko moduan izan den aldaketari, adibidez. Jokoa ezagutzea funtsezkoa da, eta asko laguntzen dit jokalari eta entrenatzaile izan izanak. Orain, askoz irekiagoa da, hiruko jaurtiketan oinarritzen da asko, eta lehen hertsiagoa zen, sistemak eta abar. Estatu Batuetatik datorren joera da.

ACB ligako partidatik partidara arteko tartean zer lan egiten duzue?

Alde batetik, arlo fisikoa. Jokoari dagokionez, oraintxe daukat bilera bat, igandeko partida aztertzeko ondorengoa. Hiru epaileok bakarrik aztertu dugu bakoitzak bere lana, eta orain hirurok eta epaileen batzordeko teknikari batekin online bilera egingo dugu. Datorren igandean partida izango banu, hori prestatzen hasiko nintzateke: taldeak, bilakaera, jokalarien sasoi puntua, min hartutakoak dituzten ala ez... Gero, hiru epaileok bateratzen dugu bakoitzak bildutako informazioa, eta partida jokatuko den hirian ere elkartzen gara. Euroligan ere egiten ditugu bilera horiek, eta teknikari bat egoten da gurekin.

Jokoaz gain, jokalari bakoitzaren izateko era edota kantxan dituen jarrerak ere aurrez aztertu beharko dituzue, ezta?

Ezagutzen joaten gara kantxan bertan, edo telebistan ikusten ditugunean. Beharrezkoa da. Adibidez, astebete lehenago badakit zein partida izango dudan Euroligan, eta aurreko aste horretan bi talde horien partiden zatiak ikusten ditut, jokoa eta jokalariak aztertzeko.

Partida bat jokatzen ari den moduak edota taldeen ohiko jokamoldeek epaitzeko irizpide teknikoak asko aldatzen dituzte?

Bai. Puntu asko dituen partida batean erritmoa bizia izango da, asko jaurtiko dute, eta erreboteetako lehia ez da askotan gertatuko. Ondorioz, epaileontzat errazagoa da. Aldiz, erritmoa geldoagoa bada, jokoa gehiago lantzen badute, egoera gehiago izaten ditugu momentuan aztertzeko eta erabakitzeko.

Erreboteetako lehia epaitzea da zailena?

Baloirik gabeko jokoa da zailena. Baloia leku batean bakarrik dago, eta hor jokalari batzuk daude. Gainontzekoak urrunago ibiltzen dira. “Blokeo indirektoak” izan daitezke aparte dauden jokalari horien artean, eta hor azaltzen dira hainbat egoera: jaurtitzailea nola ateratzen den blokeo horietatik jaurtiketa egitera, edota nola defendatzen duten aurkariek egoera horietan.

(Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Partida batzuetan gehiago uzten diezue taldeei jokatzen, falta gutxiago adieraziz, baina beste batzuetan, kontrakoa. Zer dela-eta?

Taldeak partida hori nola jokatzen ari diren kontuan hartu behar da. Aurreko batean Efesek 110 puntu sartu zituen, baina beste batean puntu gutxiagotara jokatu nahiko du. Partida hasi aurretik, egoera horiek guztiak aurreikusita eduki behar ditugu. Gero, partidan zehar aldagai asko daude, eta laurden batetik bestera alda daiteke taldeen jokoa.

Zaleen ustez, irizpidea aldatzen duzue gogoak ematen dizuelako.

Partida batzuetan, lehen zatian talde bakoitzak zazpi falta egiten ditu, baina bigarrenean hogei adierazten dizkiegu. Tartea dutelako intentsitatea igotzeko, fisikoago jokatzeko. Taldeak saiatzen dira hori egiten, eta epaileoi oharkabean pasatzea espero dute, faltak egin arren adierazi ez diezazkiegun. Guk ez dugu irizpidea aldatzen.

Eta alderantziz, zuen irizpideek baldintza dezakete taldeen jokoa?

Lan kaskarra egiten badugu, bai. Horregatik gutxitu behar dugu gure hanka-sartzeen kopurua. Badakigu beti egingo dugula akatsen bat, hala ere. Ez badugu interpretatzen jokoa nondik nora doan, oker ariko gara, eta baldintzatu egingo dugu taldeen jokoa. Horregatik da garrantzitsua jokoa ezagutzea eta ulertzea.

Zorrotzegi epaitzen baduzue, falta gehiegi adieraziz, jokoa geratzen da, eta horrek eragina du ikuskizunean. Sentitzen duzue ardura duzuela zuek ere partidak ikusgarriagoak izan daitezen?

Bai, dudarik gabe. Ulertu daiteke guk ere lagundu egin behar dugula horretan, eta ez baditugu jartzen behar diren erremintak, gaizki goaz. Baina badaude taldeak ikuskizun mota horretara baino beste zerbaitetara jokatzen dutenak. Hori ez da gure ardura. Eta gero, kontuan hartu behar da zer den ikuskizuna eta zer den ondo jokatzea.

Jokalari batekin eztabaida izaten baduzu, edota kalera botatzen baduzu, hurrengoan berriz epaile zarenean haren partidan, aurrekoak baldintzatu egin zaitzake?

Ahaztu egin behar dugu aurretik zer gertatu den. Bestela, ez nintzateke epailea izango.

Pertsonak izanda, ez du ba erraza ematen.

Hain zuzen, pertsonak garelako. Ez dut izenik emango, baina jokalari bat kaleratu egin nuen, eta nire bila etorri zen, atzetik. Denboraldi honetan, antzeko zerbait gertatu zait beste jokalari batekin. Berriz izan naiz bi jokalari horien partidak epaitzen. Lehendabiziko jokalariak ez zidan aurpegira begiratu ere egin. Aldiz, bigarrengokoak barkamena eskatu zidan. Bien jarrera ezberdina izan arren nirekin, berdin epaitu behar ditut. Eta horixe egin nuen elkarren aurka duela gutxi jokatu zuten azkeneko partidan, duela gutxi.

«Jakina aitortzen eta onartzen ditugula akatsak. Baita barkamena eskatu ere. Baina ez dugu jokalariek-eta duten bozgorailua gure iritzia emateko»

Epaileei leporatzen zaizuen bestea da inoiz ez duzuela onartzen akatsik egin duzuenik.

Ez da egia. Jakina aitortzen eta onartzen ditugula akatsak. Baita barkamena eskatu ere. Baina ez dugu jokalariek-eta duten bozgorailua gure iritzia emateko.

Leporatzen zaizuen bestea: tranpa egiten duzuela, talde baten edo batzuen alde.

Pedagogia onena da zaleei esatea guk ez dugula gustuko talderik. Miribillan epaile izan naizenean, talde bat da beltzez doana, eta beste kolore batekin doana bestea. Badakit zaila dela hori ulertzea zalearen ikuspegitik, baina epaile izanez gero, azkar ulertzen eta barneratzen da.

Baskoniari edo Bilbo Basketi epaitzea egokitzen zaizunean, presio handiagoa sentitzen duzu aurkariak pentsa dezakeelako hemengoen alde egin dezakezula?

Ez, baina etxean ari naizenean pentsatzen dut oso ondo egin behar dudala nire lana, hemengoa naizelako. Gainontzeko partidetan bezala, azken batean.

«Estigma dago epaileekiko, kirolean aritzen garen eragileen artean ‘gaiztoak’ gara, arraroak»

Ondorioa da, hortaz, zaleok epaileak aurreiritzi okerrekin epaitzen zaituztegula?

Okerrekin baino, aurreiritziekin. Bakoitzak izango ditu bereak, eta normala da. Estigma dago epaileekiko, kirolean aritzen garen eragileen artean “gaiztoak” gara, arraroak.

(Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Izateko era aldatu dizu epaile izateak?

Hainbesterako ez, baina gauzak beste era batera ikusteko aukera eman dit. Lehen, oso emozionala nintzen, eta orain, gauzak lasaitasunez aztertzea gustatzen zait.

Entrenatzaileak burua jaten izaten al dituzue denbora guztian?

Protestarik ez dagoenean ere gauzak esaten dizkigute, baina onera. Telebistan ematen du burua jaten ari zaizkigula, baina ez da horrela. Ez da gure lana baldintzatzeko izaten. Arrazoia ere askotan ematen digute, edo jokaldi bat bideoan ikusi aurretik esan izan digute arrazoia ez badute afaltzera gonbidatuko gaituztela. Jokalariekin nola hitz egiten duten eta zer esaten dieten entzutea gustatzen zait asko.

Jokalariak zailagoak dira tratatzeko garaian?

Bai. Jokalari batzuk, gaizki jokatzen ari direnean, epaileen aurka hasten dira. Horixe izaten da zailena guretzat, baina psikologikoki indartsu egon behar dugu. Urteak daramatzagu hori lantzen adituekin.

Zein dira Europako kantxa zalapartatsuenak?

Serbiakoak eta Greziakoak dira gogorrenak. Azkenean, bizimodua erraza ez den lekuetan bizi bazara, zaleak ere halakoxeak izaten dira. Bestelakoak dira, esaterako, Europa iparraldeko kantxetako zaleak: askoz lasaiagoak.

«Beharrezkoa da epaitzeko bideoa erabiltzea. [...] Hala ere, bada zer hobetu, eta uste dut erabakiak azakarrago hartu beharko genituzkeela»

Zer da Partizan-Izar Gorria Belgradeko derbian epaile izatea?

Euroligan lehen aldiz jokatu zutenean epaitu nuen, eta Partizan zen etxekoa. Ez pentsa infernua izan zenik. Bi klubek ondo landu zuten segurtasunarena. Ez zuten ezer bota kantxara, eta bi taldeetako zaleen artean ere ez zen liskarrik izan. Azkeneko bi segundotan Izar Gorriak sartu zuen hiruko batekin erabaki zen partida. Kluben artean ez dago derbi hori bezalakorik.

Oso gutxitan ematen dizuete arrazoia jokalariek eta entrenatzaileek partidan bertan. Pedagogia egokia litzateke hori egitea?

Lagundu egingo luke. Baina ezer ez esatea guri balio handikoa da niretzat. Erabaki ona hartu dudala esan nahi du.

Erabaki bat hartu duzu, jokalariren batek esan dizu okertu egin zarela, eta jarraitu egiten du jokoak. Erraza al da kontzentrazioa ez galtzea?

Jokoarekin segitu behar dugu, ez dago besterik.

Eskarmentuak lagundu dizu egoera horiek hobeto kudeatzen?

Bai, lehen pentsatzen nuen erabaki guztiak ondo hartzen nituela. Gainera, zenbat eta eskarmentu gehiago, jokalariek hobeto ezagutzen naute, eta azkenean, konfiantza sortzen du horrek.

Zer iritzi duzu jokaldi batzuk epaitzeko bideoa erabiltzeaz?

Beharrezkoa da. Jokaldi bakar batek partida erabaki dezake. Orain, gainera, telebista bidez entzun egiten dira epaileen arteko solasaldiak bideoan dagoen jokaldiaz hizketan, eta horrek balio du zaleek ikusteko ez daukagula aldeko talderik. Oso pedagogikoa da. Hala ere, bada zer hobetu, uste dut erabakiak azkarrago hartu beharko genituzkeela, eta horretarako beharrezkoa da irudi onak izatea.