
Eskoletan mugikorra debekatzeko EAE mailako dekretu baten beharra berretsi du Altxa Burua taldeak. Abenduan, 20.000 sinadura aurkeztu zituen Gasteizko Legebiltzarrean, Lakuari marko juridiko bat eskatuz. Sinadura bilketak zabalik jarraitzen du. Ondorengo helbidean –https://altxaburua.eus/nextcloud/index.php/apps/forms/s/EZiZ3tTABw7HcSq6kSbwZ2fz– eskuragarri dagoen formularioa sinatzeko deia berretsi du. Jada, 20.140 atxikipen lortu dituzte.
Agiriak honela dio: «Eskoletatik telefono mugikorrak baztertzeak dakartzan onurak eta hauek onartu eta erabiltzeak ekarritako kalte larriak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diot eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzeko beharrezkoa den marko juridikoa sortzea, Unescok GEM23 txostenean proposatu duen bezala».
Herritarrak kontzientziatzeko kanpainak bultzatzea» ere eskatzen du testuak; esaterako, «adikzio-diseinuak dituzten bideojokoetan, sare sozialetan edo pornografian sartzeko aukera ematen duten telefono adimendunak edukitzeak adingabeen osasunean eragin kaltegarriak eragiten dituelako».
Altxa Buruako kide diren Miren Rosek eta Mikel Cerezok GARAri azaldu diotenez, Lakuako Hezkuntza Sailarekin «izan ditugun hiruzpalau bileretan, erabakia ikastetxe bakoitzaren eskumena dela esan digute, ez dutela goitik beherako inposaketa baten beharrik ikusten. Baina dekretua ez sortzearen aldeko argudio sendorik ez digute ematen».
«Murtziak mugikorrak eskolara eramatea debekatu zuen duela urtebete. Aditzera eman dituzten datuen arabera, epe honetan eskola eremuko ziberjazarpena %73 jaitsi da eta ikasleen arteko eta irakasleekiko errespetua nabarmen hobetu da»
«Egungo egoerak ziurgabetasuna besterik ez du sortzen, eta eskolak babesik gabe uzten ditu. Demagun semaforoa gorrian gurutzatzeagatik Zarautzen isuna jartzen dizutela, eta Donostian ez. Horrek nahasmena besterik ez luke eragingo, ba gauza bera gertatzen da eskolekin eta mugikorrekin. Gerta daiteke ikastetxeak mugikorra ikasle bati kentzea eta norbaitek esatea ez duela horretarako eskumenik. Marko juridiko gabeziak sortzen duen ziurgabetasuna eta eragin ditzakeen talkak ekiditeko, dekretu bat beharrezkoa da. Erkidego askotan, baita Europako herrialdeetan ere, hartzen ari diren erabaki bat da, gurean zergatik ez?».
«Ez gaude teknologiaren edo mugikorren kontra, baina gauza guztiek bere momentua dute. Mugikorra eskolara eramatearen onurak frogatzen dituen ebidentzia zientifikorik ez dago, baina ebidentzia zientifiko askok ohartarazten gaituzte ondorio negatiboez; horien artean, eragiten duten arreta faltaz, zeren, nahiz eta motxilan gordeta izan, umeen atentzioa mugikorrean jarrita dago. Haien arteko harremanetan ere eragin izugarria dute, patioan mugikorrarekin badaude, ez baitituzte haien artean harremanak garatzen; eta ziberjazarpena areagotzen dute».
Rosek eta Cerezok Murtziaren adibidea aipagai dute: «Duela urtebete, mugikorrak eskolara eramatea debekatu zuen. Hori egin zuen lehenengo erkidegoa izan zen. Aditzera eman dituzten datuen arabera, epe honetan eskola eremuko ziberjazarpena %73 jaitsi da eta ikasleen arteko eta irakasleekiko errespetua nabarmen hobetu da».
Bestelako ekimenak
«Egoerari erantzungo dion dekretu koherente» bat eskatzeko bultzatu duen sinadura bilketaz gain, Altxa Buruak beste hainbat ekimen egin ditu adin txikikoen artean mugikorren erabilera gutxitzeko eta, hartara, bideratutako neurriak har daitezen.
«Hezkuntza eta Osasun sailetara gutunak igorri ditugu; denda, kafetegi, udal eraikin, kultur etxe eta kiroldegietan ‘Gurea erabili dezakezu’ leloarekin pegatinak jartzeko kanpaina martxan jarri dugu. Donostialdean, 300 bat dendak bat egin dute dagoeneko ekimenarekin.
Ikastetxeak ere inplikatzen ari dira, eta gurekin bat egiten ari dira. Orixe ikastolan, adibidez, umeekin batera joan ziren dendetako erakusleihoetan pegatinak jartzera. Eskoletarako lagungarri izan daitezken ‘Mugikorrik gabeko arnasgunea’ dioten kartelak eskuragarri ipini ditugu», gogoratu du.
«Ez gaude teknologiaren edo mugikorren kontra, baina gauza guztiek bere momentua dute. Mugikorra eskolara eramatearen onurak frogatzen dituen ebidentzia zientifikorik ez dago, baina ebidentzia zientifiko askok ohartarazten gaituzte horrek dakartzan ondorio negatiboez», adierazi du Altxa Buruak.
Hezkuntza Sailari bidalitako eskutitz zabalean ohartarazten denez, «eskolak mugikorrik gabeko gune bihurtzen direnean, irakasleen eta ikasleen jarduna errazten da, errendimendua hobetuz, ikasleen kontzentratzeko gaitasuna handitzen da, jazarpena eta ziberjazarpena murriztu egiten dira, mugikorrarekiko mendekotasuna gutxitu egiten da, ikasleen arteko harremanak sustatu egiten dira, ariketa fisikoa bultzatu egiten da eta emaitza akademikoak hobetzen dira».
Rosen eta Cerezoren hitzetan, «kezka eta ardura nabariak dira. Urtarrilaren 31n Azpeitian ostiral arratsalde batean egin genuen topaketan, ehun bat pertsona elkartu ginen, ostiral arratsalde bat izanik! Herri desberdinetakoak bildu ginen, baita eskola publikoko, kristau eskoletako eta ikastoletako kideak ere. Kontu honetan ikastetxe desberdinek bat egiten dute. Lehen Hezkuntzan, eskolen %85 debekuaren alde dago, eta DBH-n, %50».
Dagoeneko, 160 taldek osatzen dute Altxa Burua; 80 dira Gipuzkoan, 40 Bizkaian, eta beste horrenbeste Araban.
Catherine L´ecuyer aditua Legebiltzarrean
Pasa den otsailaren 10ean, Legebiltzarreko hezkuntza batzordean Catherine L´ecuyer aditua izan zen, «ikastetxeetan mugikorrak eta erloju adimendunak erabiltzeari buruz» hizketan.
Bere hitzartzean nabarmendu zuenez, «literatura zientifikoak zenbait eragozpen adierazten ditu haurra pantaila baten eraginpean adin goiztiarrean dagoenean: oldarkortasuna, arretarik eza eta hiztegiaren murrizketa, besteak beste. Hori dela eta, Amerikako Pediatria Akademiak honakoa gomendatzen du: 0-2 urte, zero pantaila denbora, eta 2-5 urte, ordubete baino gutxiago egunean. Kanadako Pediatria Elkarteak ondorio berberak atera ditu, eta argi eta garbi esan du: ‘Ez dago pantaila haurtzaroan sartzearen aldeko ebidentziarik’. Gomendio horiek ez dira hezkuntzako iradokizunak edo aholkuak, osasun publikoko gomendioak baizik».
Sei urtetik aurrera, bigarren hezkuntzara arte, «haurra irakurketa-idazketa sendotzeko fasean sartzen da. Irakurketa-idazketa hobeto ikasten da eskuz idatzita, Aristotelesengandik baitakigu, gero Montessorik esan zuen, eta gaur egun neurozientziak berresten du eskuaren mugimendu adimenduna funtsezkoa dela garunaren garapen egokirako. Badakigu pantailak multiataza teknologikora bultzatzen dituela gure gazteak, bai ikasgeletan, bai etxeetan, eta horrek arreta iraunkorra murrizten du, ikaskuntzarako funtzio betearazle giltzarrietako bat baita».
«Debekatzea edo ez debekatzea, dilema sinplista»
Hamar eta hogeita bost urte bitarteko gazteetan, gaineratu zuen L´ecuyerrek, «gutxi aipatzen den fenomeno bat gertatzen da. Garunaren heltze bat gertatzen da, motibazio-sistema berrosatzen duena. Frogatu denez, garunean dopamina gehiago ekoizten denez, nerabeek sentsazio berriak bilatzeko joera dute. Berria, atsegina edo erakargarria dena gehiago baloratzen dute arriskua baino. Baina nerabezaroaren ezaugarri horrek ez du ondo konbinatzen drogen erabilerarekin, auto bat gidatzearekin, pornografiaren kontsumoarekin, sareetan egotearekin edo smartphone bat izatearekin, zeren autoerregulazio-ahalmenaren murrizketa horrek mendekotasun-portaerak izatea dakar, eta gailu digitalen eta sareen erabilerari dagozkien arriskuak handiagotu egin daitezke aldi horretan».
L´ecuyerren aburuz, «‘haurrei debekatzea edo ez debekatzea’ sarritan entzuten dugun dilema erabat sinplista da, eta ez dio arretarik jartzen erroko arazoari. Kontua ez da hemen eztabaidatzea debekatzea ala ez debekatzea. Kontua da haurrak babestea. Enpresa teknologikoei etxeetan edo ikasgeletan zer sartu behar duten erabakitzen uztea Pizza Hut enpresari etxeetako eta eskola-jantokietako menua egiteko eskatzearen antzekoa da.
«Hezkuntza-teorian aditua naiz, eta esan diezazueket tableta eta smartphonea ez direla tresna pedagogikoak. Gaur egun hala direla uste badugu, ez da horren inguruko ebidentzia sendoak agertu zaizkigulako, marketin-kanpainarik eraginkorrenetako baten biktima izan garelako baizik».

El nivel del mar en el Golfo de Bizkaia se ha elevado 8,43 centímetros en tres décadas
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

El fin de la globalización abre debates de calado en la izquierda
