
CPAC goi-bilera (Ekintza Politiko Kontserbadorearen konferentzia) 50 urte baino gehiago dituen topaketa «kontserbadorea» da, baina Ronald Reagan eta garai hartan bilkura eratu zutenak baino are muturrerago eskuinean dagoen jendea elkartu du egunotan. Larunbatean, Trump bera izan zen konferentzia itxi zuena. Ordubete baino gehiagoko mitina egin zuen, besteak beste Elon Musk goraipatu zuen.
Washington ondoko National Harbor-en bertaratutakoei inkesta egin die CPACek egunotan, 2028ko hauteskundeetarako zein presidentegai nahi ote duten galdetuz. JD Vance presidenteordea gailendu da galdeketan. Badaezpada ere, ez dute galdetu Trump berriz aurkezterik nahi ote duten.
Geroz eta ozenago entzuten ari den ideia zabaldu da topaketa eskuindarrean, horratik: Trumpek hirugarren agintaldi baterako aukera izatea. Agintaldia betetzerako 82 urte izatea aski ez balitz, AEBetako konstituzioak berak debekatzen du bi agintaldi baino gehiago egotea Etxe Zurian.
Baina Trumpek, agintea hartu zuenetik lau aldiz gutxienez, erdi txantxa erdi iradokizuna egin du. Trumpekin ohi den bezala, ezinezkoa dirudiena egia bihurtzeko moduaren bila hasiak dira bere jarraitzaile batzuk.
Franklin D. Roosevelt-en lau agintaldiak
Konstituzioan muga Herrialdearen sorreratik egon den ideia izan da (britainiar monarkiatik lortu zuten independentzia, eta errepublikaren ideian sartuta dago hil arteko erregerik ez izatea), baina Konstituzioan ez zuten agintaldien muga ezarri 50eko hamarkadara arte. Franklin D. Roosevelt-ek lehenago lau agintaldi egin zituen.
1940an, II. Mundu Gerran, hirugarrenez aurkeztu zen eta irabazi egin zuen. Lau urte beranduago, laugarren agintaldia lortu zuen, baina boterea lortu eta gutxira hil zen.
Edozelan ere, horrelakorik berriz ez gertatzeko konstituzionalki jarri zioten muga presidenteen agintaldi-kopuruari, 22. emendakinaren bidez.
Orain, bigarren agintaldia hasi baino ez da egin, baina Trumpek sarritan iradoki ohi du boterean jarraituko duela 2028tik aurrera. Funtsean, Trumpen aldeko zirkuluetan egin nahiko luketen aldaketa zera da: «Bi agintaldi baino gehiago» debekatzea dakarren lekuan «bi agintaldi kontsekutibo» (elkarren jarraian) ñabardura sartzea. Hala, Trumpek berriz aurkezteko aukera izango luke, baina ez Barack Obamak.
Trump eta Julio Zesar
Aste honetan iradoki du berriz ere Estatu Batuetako presidenteak –«beste lau urte» oihu egiten ziotela jarraitzaileek–, eta CPACeko bileran horri buruzko panel bat ere jarri dute, Trumpen aurpegia Julio Zesarren figura batean zegoela (nonbait, ez zieten azaldu Brutus nor zen eta Zesarrek nola amaitu zuen). .
Dagoeneko bada agintaldi-muga aldatu nahi duenik. Andy Ogles Tennesseeko kongresistak Konstituzioa emendatzeko proposamena aurkeztu du, Trumpi berriz hauteskundeetara aurkezteko aukera emateko.
Trumpentzat zehazki litzateke salbuespena, bere aurrekoek (Obama, Bush, Clinton) ez lukete halako aukerarik izango. Proposamenak ez du aukera errealik aurrera egiteko. Edozelan ere, Trump2028 kamisetak banatu dituzte CPAC konferentzian.
Steve Bannon estratega ultra izan zen taula gainetik Trumpek agintaldia errepikatzearen ideia ekarri zuena topaketa eskuindarrera.
«Trump nahi dugu 2028an. Hori da jasan ez dezaketena. Bera bezalako norbait historian behin edo birritan baino ez da agertzen herrialde baten historian. Ezta? Trump nahi dugu», esan zuen.
Gero, hitzaldia amaitzeko eten bat egin eta agur nazia egin zuen denen aurrean. Segidan, mundu guztiak ikusitako keinu nazia egin izana ukatu zuen, besterik gabe jendea agurtu zuela esanez.
Espetxean ere egona da Bannon, funtsean Trumpen alde egiteagatik 2021eko Kapitolioaren aurkako erasoaren ikerketan, legez behartuta egon arren uko egin baitzion parte hartzeari.
Azken asteotan ikusi dugun etengabeko mugimendua, izan Etxe Zuriko aginduetan, adierazpenetan, kaleratzeetan edo agentzia federalen itxieretan, Bannonek aspaldi botatako ideia batetik dator: «Eremua urez betetzea» edo «uholdea sortzea»; hau da, aurkariei erreakziorako tarterik eman gabe etengabeko neurriak hartzea, ohartzen direnerako bere muturreko agenda atzera bueltarik gabeko errealitatea izan dadin.
Duela zortzi urte Trumpek oztopo ugari izan zituen Etxe Zurira sartzean, eta sistemak berak ezarritako muga konstituzionalek eta kontrabotereek, gutxi asko, funtzionatu zuten; 2021ean hauteskundeak galduta ere botereari eutsi nahi izan zionean, esaterako.

Gureak, medio siglo ante una pregunta sencilla que requiere respuestas complejas

Un árbol único, que solo existe en siete pueblos navarros, está en plena floración

Aranceles de Trump para islas deshabitadas, bases militares y territorios con la ikurriña

La Ertzaintza entra en el gaztetxe Etxarri de Errekalde y los jóvenes abandonan el local
