NAIZ

Gernikako Sare Feminista: «Lopez entrenatzaile roletik zein herritik at izatea berme bat da»

Gernikako Sare Feministak ontzat eman du Mario Lopez Lointek Gernika taldeko entrenatzaile ohiari ezarritako zigorra eta prozesu osoan zehar egondako mobilizazioak eta biktimari emandako babesa nabarmendu ditu.

2023ko abenduan Gernikako Sare Feministak egindako manifestazio jendetsua.
2023ko abenduan Gernikako Sare Feministak egindako manifestazio jendetsua. (Aritz LOIOLA)

Bizkaiko Auzitegiak Mario Lopez Lointek Gernika taldeko entrenatzaile ohiari hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri ondoren, Gernikako Sare Feministak prozesu osoan zehar egin diren mobilizazioak eta biktimari emandako babesa goraipatu ditu.

«Beti esan dugu epaitegietan ebazten zena ebazten zela, guk erasotua sinesten dugula eta berarekin gaudela. Baita ere justizia feminista baten alde gaudela, bermeak nahi ditugula eta, nahiz eta zigor punitibisten alde ez gauden, Lopez entrenatzaile roletik zein herritik at izatea berme bat bada, behintzat ume eta emakumeontzat», adierazi du talde feministak.

Izan ere, epaileak frogatutzat jo du 1998an, biktimak 13 urte zituenean, eta auzipetuak 31, adingabearekin bakarrik 50 aldiz egon zela, eta «izaera sexualeko hainbat jokabide» izan zituela, «gero eta maizago eginak, eta gero eta larriago».

Hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorraz gain, auzitegiak, halaber, biktimaren etxebizitzatik 300 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ezarri dio Lopezi bost urtez, espetxe baimenak edo baldintzapeko askatasuna baliatzen hasten denetik edo beste edozein arrazoirengatik espetxetik irteten denetik zenbatzen hasita. Gainera, ezingo du saskibaloi talderik entrenatu eta 80.000 euroko kalte-ordaina ere eman beharko dio biktimari.

Gernikako Sare Feministak ontzat eman du zigorra eta, horretaz gain, erasotuarentzat erreparatzaile izan diren beste une batzuk ere egon direla nabarmendu du: «2023ko abenduko lehen manifestazio jendetsua, 2024ko atxikimendu eta babes kanpaina, epaitegi aurreko elkarretaratze zaratatsua...».

«Inpunitateak herria izan du aurrez aurre. Gora borroka feminista», aldarrikatu du.