
Otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) deklaratu zuteneko 49. urteurrena beteko da. Saharako Euskadiko Ordezkaritzak ekitaldi instituzionala egin du asteazken goiz honetan Gasteizko Goiuri jauregian urteurrena ospatzeko.
Saharar herriaren autodeterminazioarekiko konpromisoa berretsi eta haren subiranotasunaren aldeko borroka historikoa gogoratu dute ekitaldian parte hartu dutenek: Gasteizko Gobernuko, Batzar Nagusietako, hainbat udaletako eta Europako Parlamentuko ordezkariek, hala nola alderdi politikoetakoek, sindikatuetakoek eta gizarte eta elkartasun erakundeetakoek ere. Saharar herriaren eskubideen, justiziaren eta bakearen aldeko konpromisoa berretsi dute.
Hasteko, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuteneko ekitaldi xume bezain garrantzitsua gogoratu dute: Gauez, goizaldean, basamortuaren erdian, espainiar soldaduak bezperan erretiratu ondoren, beren ikurra altxatu eta independentzia aldarrikatu zuten.
Berriro gerran bizi dira
Espainiak Sahara abandonatu zuen eta dagozkion ardurak bete gabe jarraitzen du, «traizioz traizio», Madrilgo Akordioen ondoren Sahara Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan utzi zuenetik 49 urte igarota, NBEk akordio haiek legez kanpokotzat jo zituen arren. Azaroaren 13an bost urte beteko dira gerra berriro piztu zenetik, 2020an Marokoko armadak su-etena hautsi zuenetik, hain zuzen, eta berriro gerran bizi direla oroitu dute.
«Saharar herriaren lagunok ez dugu ahazten», esan dute aurkezpenean. «Horregatik bildu gara hemen otsailaren 27ko egun esanguratsu hura gogoratzeko eta kausa honen aldeko sostengua agertzeko, baita haren ordezkari legitimoari, Fronte Polisarioari. Herri hori erresistentzia eta duintasun eta ausardia eredu da. Sahararrek diotenez, uzten den borroka baino ez da galtzen, eta eurek ez dute utziko».
Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkari Mohamed Fadel Mojtarrek bere eskerrona agertu du Euskal Herriaren elkartasunarekin, eta haren ondoren Saharako Parlamentuko zuzendariorde Abdalahe Laman Merjik esan du saharar herriak nazio askapenerako mugimenduen eta herrien autodeterminazioaren historian esperientzia eredugarria eraiki duela. «Errepublikaren aldarrikapena, oroz gain, saharar herriak aske eta duintasunez bizitzeko borondate burujabearen gauzatze legitimo eta atzeraezina da», esan du, eta Euskal Herriko instituzioetatik eta elkartasun mugimenduetatik jasotako laguntza eskertu du.
Kooperazioaren esparruan udal askoren lankidetza biltzen duen Euskal Fondoaren izenean, haren presidente Natividad Lopez de Muniainek saharar herriaren abegikortasuna nabarmendu du, hala nola beti esperantzari eutsi izan diola, eta herri horri laguntzeari ez uzteko eta adorea galdu gabe segitzeko eskatu du.

Hildakoak gogoan
Ekitaldiaren erdi aldera, gatazka horretan, gerran, kartzelan edo desagertu ondoren hildakoak gogoan, minutu bateko isilunea egin dute. Hildako horien artean euskaldun solidarioak aipatu dituzte, hala nola Jose Antonio Arderius ‘Chibani’, Txomin Aurrekoetxea eta Maria Rosario Arrizabalaga ‘Mariarro’. Haien hurkoei plaka bana eman diete oroigarri gisa.
Lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaileen aipamena ere egin dute, errepresioari aurre eginez kalean beren eskubideak aldarrikatzen dituzten horien eredugarritasuna nabarmenduz. Ines Ibañez de Maeztu Arartekoaren Ondokoak Nazioateko Zuzenbidetik agertu du bere ikuspegia. Giza eskubideen kultura arrisku egoeran dagoela uste du, «azkenaldion Nazioarteko Zuzenbidea desegiten ari balitz bezala». Esan duenez, «saharar herriaren borrokak gogorarazten du seguruenera hain zuzen kasu sahararrak iragarri zuela Nazioarteko Zuzenbidearen krisi hau». Gogorarazi duenez, duela 50 urte Nazioarteko Justizia Auzitegiak saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aitortu zuen, baina denbora horretan guztian ez dela eskubide hori gauzatzea bermatu ezta lurraldearen okupazioa galarazi ere. Alde positiboan, aitzitik, iaz Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak EBren eta Marokoren arteko arrantza eta nekazaritza akordioak baliogabetu zituela gogorarazi du.

Saharar herriarekiko konpromisoa
Gasteizko Paramentuko Saharar Herriarentzako Bakea eta Askatasuna Saharan taldearteko ordezkari Diana Urreak talde horren konpromisoa berretsi du, eta zentzu horretan bihar bertan egingo duten aldarrikapena aipatu du, leku guztietan borroka horretan jarraitu beharra nabarmenduko duena, eta urtarrilaren 28an lurralde okupatuetara egin zuten bidaia galarazi bazieten ere, hara joaten jarraituko dutela, sahararrekin jarraituko dutela ziurtatu du.
Errepublika Arabiar Demokratikoa 84tik gora herrialderen, eta estaturik gabeko herri askoren –tartean Euskal Herriaren– onarpena du, Pernando Barrena GUE/NGL taldeko europarlamentariak gogorarazi duenez. Gatazkak konpontzeko, nazioarteko legedia errespetatzea funtsezkoa dela esan du, eta ez dela onargarria Ukrainaren okupazio bidegabea salatzeko bakarrik erabiltzea. Bere esparruan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia errespetatu eta bere gain hartzeko eskatzen diote EBri. Azpimarratu duenez, epai horrrek dio saharar herriaren zilegizko ordezkari bakarra Fronte Polisarioa dela.
Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren zuzendari Francisco Javier Cortesek elkartasunaren eta lankidetzaren beharra nabarmendu eta txalotu du, tartean proiektu humanitarioak edo hezkuntzakoak.
Hitza hartu duen azkena Salamu Hamudi Bachri Fronte Polisarioko Estatu espainoleko ordezkari ondokoa izan da. 49. urteurren honetan zorionak eman dizkio bere herriari estatua sortu zuelako, horretarako ausardia izan zuelako. Hala ere, esan duenez, esfortzu hori eta ausardi hori ez ziratekeen posible izango nazioarteko elkartasuna ere izan ez balitz, eta elkartasun horretan Euskal Herrikoak leku nabarmena duela. Etsairik handiena potentzia handiak eta inperialismoa dituztela esan du, baina baita ezaxola eta ahanztura ere, eta sahararrak ziurgabetasunean bizi direla, eta horregatik dela garrantzitsua Euskal Herriaren sostengua, «adorea ematen digulako eta gure borroka duina dela eta jarraitzea merezi duela erakusten digulako».

Fíjate bien la próxima vez que te montes

Los aranceles de Trump se vuelven contra las automovilísticas de EEUU

Bide laburrari agur ederra eman dio Chill Mafiak BECen

Franco, «perplejo» en su regreso para celebrar el 75 aniversario de la Txantrea
.jpg)