
Emakumezkoen Vueltaren antolakuntzak 2025ko edizioa jokatuko duten taldeen zerrenda argitaratu du ostiral honetan, eta parte hartuko duten 21 talde horien artean dago Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa euskal ordezkaria, gonbite txartela eskuan duela.
Lasterketak WorldTeams kategoria nagusiko 13 talde izango ditu irteeran; hau da, Movistar, AG Insurance-Soudal Team, Fenix-Deceuninck, Canyon SRAM zondacrypto, FDJ-SUEZ, Human Powered Health, Lidl-Trek, Liv AlUla Jayco, Team Picnic PostNL, Team SD Worx-Protime, Team Visma-Lease a Bike, UAE Team ADQ eta Uno-X Mobility.
Horrez gain, antolakuntzak ProTeams eta Continental Teams kategorietako zortzi talde gonbidatu ditu, horien artean Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa. Gainontzeko gonbidatuak honako hauek dira: Arkéa-B&B Hotels, Cofidis Women Team, EF Education–Oatly, BePink - Imatra- Bongianni, Lotto Ladies, Team Coop-Repsol eta Eneritz Iturriagaetxebarria txirrindulari ohiak zuzentzen duen Eneicat-CMTeam.
Emakumeen Vuelta maiatzaren 4tik 10era bitartean burutuko da. Jokatu beharreko zazpi etapetako ibilbideak martxoaren 10ean aurkeztuko dituzte Bartzelonan, lasterketako irteera ofiziala izango den hirian, hain zuzen ere.
Aurrez, ordea, badu euskal taldeak zereginik. Esaterako, martxoaren 22an Emakumen Milano-San Remo lasterketaren aurreneko edizioan parte hartuko du, «Classicissima» delakoan aritzeko ere gonbitea jaso baitu.
O Gran Camiño
Bestalde, O Gran Camiño itzuliko hirugarren etapan erlojuaren aurka aritu dira, Ourense eta Pereiro de Aguiarren artean 15,5 kilometro egin ostean. Israel taldeko Derek Gee kanadarrak eraman du etapa eta lidergoa ere eskuratu du, Magnus Cort Nielsen aurreneko postutik kenduta.
Aurreneko bi egunetan euskal txirrindulariek batere zorterik izan ez badute ere, erlojupeko honetan lan txukunagoa egin dute. Hala, Euskaltel-Euskadiko Txomin Juaristi seigarren postuan sailkatu da Derek Geerengandik 33 segundora. Urko Berrade zazpigarrena izan da etapan, Juaristik baino bi segundo gehiago behar izan dituelarik. Hain zuzen, Txomin Juaristi da O Gran Camiño itzuliko euskaldunik onena, sailkapen nagusiko seigarren lekuan baitago, Derek Gee lider berriarengandik 40 segundora.
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»

LAB denuncia que Metro Bilbao ha contratado a la empresa israelí I-SEC Aviation Security
