Kazetaria / Periodista

Ukraina eta estatubatuarrak

AEBetako hiri gehienetan erraz aurki daitezke bandera hori-urdinak. Gerra hasi zenetik, elkartasun handia ikusi da. Ez dira gutxi ukrainar jatorriko estatubatuarrak ere. Donald Trumpen hitzek asko aztoratu badituzte ere, beren herrialdearen aldeko jarrera historikoa mantenduko dela espero dute.

Donald Trump con el secretario de Interior Doug Burgum y el secretario de Estado, Marco Rubio.
Donald Trump con el secretario de Interior Doug Burgum y el secretario de Estado, Marco Rubio. (EUROPA PRESS)

Ukrainako auziak AEBko ohiko jostura asko urratu ditu azken asteotan. Nazioarteko gaiak gutxitan dira estatubatuarren gai nagusia, etxeko gaiek gidatu ohi dute eztabaida politikoa, ekonomian hasi eta immigrazio, enplegu edo beste edozein auzitaraino.

Baina Donald Trumpen balantza eta pendulu mugimenduak bati baino gehiagori aldarazi die orain arteko jarrera; errepublikanoen artean, batez ere; besterik ezean, AEBko presidenteak argi utzi baitie ordezkari errepublikano guztiei erabat bere menpe egon beharko dutela. Estrategia ondo irten zaio, gairik arantzatsuenetan ere bere esana bete baitute gehiengo errepublikanoko kongresukideek, bai gobernuko kide polemikoenak berresteko, bai asteon bertan aurrekontuaren lehen urratsak abiarazteko.

Azken inkesten arabera, herrialdearen polarizazioak eta alderdien araberako ikuspegiak erabateko isla dauka nazioarteko auzien irakurketa egiterakoan. Ukrainara etorrita, boto-emaile eta jarraitzaile demokraten eta errepublikanoen arteko zatiketa nabarmena da. Oro har, Ukrainari laguntzearen aldeko jarrera nagusi den arren, zehatzago begiratuz gero, AEBk Kievi «gehiegi» laguntzen diola uste dutenak %30 dira dagoeneko, Pew etxeak otsail honetan egindako inkestaren arabera.
Gerra hasi zenean, %7k baino ez zuten esaten gehiegizko laguntza zela, eta ia erdiek uste zuten gutxiegi zela (egun %22 dira).

Errepublikano bozkatzen dutenei galdetuta, ia erdiak dira Ukrainari gehiegi laguntzen ziola diotenak, eta aski eta gutxiegi dela diotenak batuta %30 baino ez. Kontrako jarrera dago demokraten artean, multzo handiena are laguntza handiagoa ematearen aldekoa baita, %35.

Era berean, estatubatuar gehienek uste dute Ukraina lagunduta AEBko segurtasun nazionalari ere mesede egiten diotela, baina hor ere alderdien arteko banaketa agerikoa da. Gallup etxeak egindako galdeketa baten arabera, Ukrainaren aldeko jarreran 30 puntuko aldea dago demokratengandik errepublikanoengana, %84tik 54ra, baina azken horietan ere gehienak dira Kieven aldeko. Errusia, berriz, gaizkien baloratzen dute demokratek, %4k baino ez diote aldekotasunik agertzen. Errepublikanoen artean gehiago dira, baina oso gutxi hor ere: %16.

Errepublikanoak deseroso daude

Ukrainako gaian Trumpen jarreratik urrun egon izan dira errepublikano gehienak historikoki, belatz militaristetatik hurbilago. Baina egoera berrian, birkokatzea ere gertatu da, Marco Rubio Estatu idazkariarengandik hasita. Municheko Segurtasun Konferentzian, JD Vance presidenteordeak europarrei errieta egiten zien bitartean, zubigile edo polizia onaren rola egokitu zitzaion Rubiori.  

Oro har, errepublikanoek Trumpekiko erabateko otzantasuna erakutsi badute ere, izan da presidentearengandik distantzia hartuta bere jarrera historikoari eusten saiatu den errepublikanorik, mezua modulatuta eginda ere. Thom Tillis Ipar Carolinako senatariak, esaterako, Vladimir Putinen aurkako hitz gogorrak izan ditu egunotan, Trumpek Zelenskiri «diktadore» deitu berritan. «Vladimir Putinentzat mundu egonkor batean lekurik dagoela uste duenak joan dadila Ukrainara, doala Europara, denbora eman dezala ulertzen gizon hori minbizia dela; nire bizialdian demokraziak izan duen arrisku handiena da». Todd Young Indiako senatariak ere baietz erantzun du Putin «diktadorea» ote den galdetu diotenean. Kongresuko 271 ordezkari errepublikanoetatik 19k baino ez dute berdin erantzun.

 

Gutxi dira (19) Trumpen aurka hitz egitera ausartu direnak. Demokraten artean Bernie Sanders da Ukrainaren alde eta Putinen kontra ozenen mintzatu  dena.

 

Demokraten artean ozenen mintzo direnetako bat ezkerreko sektoretik datorren senatari independente bat da. Bernie Sandersek egunak daramatza Ukrainari elkartasuna adierazten: «Ez dut errepublikanorik entzun nahi askatasunaz hizketan, ez badute adorerik Trumpi esateko Putini eta Ukrainari buruz dioena gezurra dela. Errusiak hasi zuen gerra, ez Ukrainak. Putin da diktadorea, ez Zelenski».

Trumpen jarrera defendatzea are zailagoa bihurtu da errepublikanoentzat asteon, Nazio Batuetan AEBk ezetz bozkatu dionean Errusiaren inbasioa gaitzesteko ebazpenari. Sekula ez zuten irudikatuko euren herrialdea Europa, Japonia edo Kanadaren aurka bozkatzen, Errusiaren eta Ipar Korearen ondoan. «Txinak eta Kubak ere abstenitzea erabaki dute eta!», esan zuen ordezkari ezagun batek, eta Don Bacon kongresukideak ere «Trump administrazioak ederki izorratu du gaur» esan zuen. Utah-ko John Curtisek ere «ezinegona» adierazi zuen «Errusiaren eta Ipar Korearen alde berean» jartzeagatik. «Horiek ez dira gure lagunak. Jarrera hori aldaketa izugarria da askatasunaren eta demokraziaren ideia amerikarretatik. Denok nahi dugu gerra amaitzea, baina Ukrainaren subiranotasuna eta segurtasuna bermatzen duen neurrian lortu behar da».

Diaspora antolatua

Ukrainar diaspora ere haserretu du Trumpen jarrerak, baina ez dira harritu. Lobby garrantzitsua daukate Kongresuan, eta badute nolabaiteko eragina zenbait barruti errepublikanotan ere. Michael Sawkiw Ukrainarren Kongresuko Batzordeko buruaren ustez, «egunotako erretorika politikoaz haratago, errepublikano gehienak Ukrainaren alde daude oraindik». Gerraren hirugarren urteurrenaren harira, “Ukrainar egunak” antolatu ditu elkarteak Washingtonen, bai kongresuko korridoreetan ordezkari politikoekin bilerak egiteko, bai kalean eragiteko ere.

Azken erroldaren arabera, milioi bat lagunek adierazi dute ukrainar jatorria AEBko herritarren artean. Batzuk oso aspaldi etorritakoen ondorengoak dira, beste batzuk berrikiago etorritakoak. Nick umetan iritsi zen, Sobietar Batasuna erori baino lehen. Washingtoneko etxean aspaldi dauka bandera jarrita, «auzoko beste askok bezala», dio. Demokraten alde bozkatu ohi duen independentea dela dio, baina baditu senide errepublikanoak ere. «Denak daude kezkatuta, noski. Ukrainan familia dugu; batzuek Europara jo zuten, beste batzuk bertan daude, eta ez dute ondo ulertzen Putinen alde jartzea. Inork ezin du ulertu horrelako diktadore batekin negoziatzea beste herri baten lurraldeari buruz».