Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Elkarrizketa
Maite Valero
Athleticeko jokalaria

«Ilusioan behintzat ez digula inork irabazten erakutsi behar dugu azken jardunaldietan»

Osasunan hazita, elastiko gorritxoarekin hain gertu izan zuen igoera, pertsonalki lortu zuen, abuztuan Athleticekin fitxatuz. Taldez, mailaz eta postuz aldatu du, baina Maite Valero (Iruñea, 2003) hamaikako zuri-gorriaren pieza ordezkaezina bihurtu da.

Maite Valero, San Mamesen.
Maite Valero, San Mamesen. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Athleticek zazpi garaipen ospatu ditu azken bederatzi jardunaldietan, sailkapeneko hirugarren postura eraman duen dinamika gauzatuz. Eta erantzuleen artean Maite Valero omen dago, azken zortzi partidak oso-osorik jokatu dituela kontutan hartuta.

Bolada onak nafarraren gosea hauspotu du: puntuak eta minutuak pilatzen jarraitu nahi du, igande eguerdian San Mamesen jokoan jarriko direnekin hasita. Katedralak hirugarren aldiz irekiko dizkio ateak F Ligari hilabete pasatxoan, oraingoan Real Madrilen bisita hartzeko (12.00).

Etenaldian nazioarteko hitzorduak izan dituzuenok ia ezin izan duzue atsedenik hartu baina gaurko partidari ekiteko indar guztiak beharko dituzue.

Badakigu oso partida zaila izango dela. Oso talde indartsua da, ez da kasualitatea bigarren postuan egotea. Baina gu ere bagara talde indartsua eta puntuak, gutxienez, lehiatuko ditugu.

Egia esateko, hurrengo hiru hilabeteetan izango duzue zuen indar guztien beharra, oso borroka polita baina estu batean zaudetelako. Ezin dira puntu asko galdu.

Borroka gogorra izango da, aurkari onak ditugulako. Indarrak, jokoa... dena beharko da. Eta baita, nire ustetan, beste faktore bat ere: azken jardunaldi hauetan ikusi behar da benetan nork nahi duen hor egotea eta guk erakutsi behar dugu, ilusioan behitzat, ez digula inork irabazten.

Atletico eta Realaz gain, Granada eta Tenerife ere indartsu daude. Hirugarren postua inoiz baino lehiatuagoa dirudi. Bereziki kezkatzen zaitu aurkariren batek?

Denak ikusten ditut indartsu eta arriskutsuak, egia esateko, eta horrek partida guztiak bilakatzen ditu zailak eta garrantzitsuak. Adibidez, datorren astean Granadara goaz eta denboraldiko une erabakiorra dela esan daiteke, baina ondo jarraitzeko partida guztiei ekin behar diegu berdin, guztietan puntu berak daudelako jokoan eta puntu guztiak direlako garrantzitsuak. Saiatu behar gara partida guztiak ilusio handi berarekin prestatzen eta jokatzen.

Eta zein da taldearen barneko «aurkaria» ikasturtearen azken txanpari begira? Badago bereziki kezkatzen zaituen zerbait, nahitaez hobetu behar duzuena?

Beti daude hobetzeko gauzak eta beti egiten duzu lan helburu horrekin. Baina oro har, taldea oso ondo ikusten dut, gero eta hobeto. Baloiarekin oso ondo ari garela uste dut eta baloi barik ere, presioak oso ondo egiten ari gara, adibidez. Horregatik daramagu dinamika hau eta saiatu behar gara jarraipena ematen, beti hobetzeko asmo horrekin.

Agian barneko aurkari nagusia lesioak dira. Astero dugu nahigaberen baten berri.

Gogorra da, baina lesioak futbolaren parte dira eta zaila da hori kontrolatzea. Azkenean, zure esku geratzen dena da konponbideak aurkitzea bajak daudenean eta jokatzeko prest daudenek beren ahalegin handiena egitea. Orain Clarari [Pinedo] tokatu zaio eta pena bat da beregatik eta taldearengatik, oso une onean dagoelako.

Zure kasuan, lesioek nolabait lagundu dizute, postu bat eskuratzeko aukerak handituz. Gero aukera aprobetxatzen jakin behar da, noski.

Hori horrela da, beti esaten dut lesio batzuen ondorioz hasi nintzela jokatzen, denboraldi hasieran minutu gutxiago eduki ondoren. Baina orduan, orain bezala, heldu nintzen lehen egunetik, berdin egin dut lanean, gure lanaren klabea hori dela uste dudalako: lan asko egin, lehiakorra izateko eta beti jokatzeko prest egoteko, eta zure aukera heltzen denean, aprobetxatu ahal izateko. Alde horretatik pozik nago, Davidek ematen dizkidan aukeran aprobetxatzen ari naizela uste dudalako.

«Hasieran nabaritu nuen maila aldaketa, nabarmena izan zen. Postuari dagokionez, egia esateko, oraingoa niretzat egokiena dela uste dut, oso eroso nago '6' postu horretan»

Abuztuan iritsi zinenean, urte erdi beranduago hainbeste protagonismo izatea espero al zenuen?

Hasieran ez, egia esateko, nahiz eta beti ilusio hori daukazun. Baina moldatzen joan naiz, gero eta erosoago sentitu naiz. Eta entrenatzailearen eta taldekideen konfiantza sentitzen dut eta horrek asko laguntzen du.

Ez duzu denbora larregi behar izan moldatzeko, aldaketa zein handia izan den kontutan hartuta. Maila jauziaz gain, orain beste posizio batean jokatzen duzu, Osasunan baino atzeratuago.

Hasieran nabaritu nuen maila aldaketa, nabarmena izan zen. Postuari dagokionez, egia esateko, oraingoa niretzat egokiena dela uste dut, oso eroso nago. Osasunan aurreratuago jokatzen nuen, eta oso gustura ere, baina joko estiloa desberdina zela ere kontutan hartu behar da. Hemen, '6' postu horretan hobe nagoela uste dut, gusturago sentitzen naiz.

Euskarrian, beraz, nolako partida espero duzu igande honetan?

Partida ona bi talde onen artean. Guk nahi dugun bezala jokatzen saiatu behar dugu, eta horretarako San Mamesen jokatzen dugula aprobetxatu behar dugu. Etxean gaudela eta zaleek bultzatzen gaituztela nabaritu behar da.

Horrelako partiden aurrean, «irabazteko asko, galtzeko gutxi» esan ohi izan dugu. Baina Europako ilusioa helburu bihurtzen den heinean, galtzeko ere nahikoa dago. Presio hori nabaritzen da?

Ez, positiboan pentsatzen dugu, partida irabazten saiatzean, oso garrantzitsua izango litzatekeelako puntuen aldetik eta geratzen zaigunerako gogo eta konfiantza handiagoa emango ligukeelako.