Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Ez dago ezinezkorik’ mantra zalantzan jarri du Iñigo Martinezek, bizimodu askeago baten alde

Gure garaiak ukatu egiten du ezinezkoa; Iñigo Martinezen liburu berria, berriz, ‘Ezinezkoaren alde’ deitzen da. Filosofoaren ustez, muga guztiak gainditzera bultzatzen gaituen ideologia horren atzean frustrazio eta nekezia handi bat dago, eta bide hori oztopatzea arnasgune izan daiteke.

Iñigo Martinez Peña, saiakera berria aurkezten, Donostian.
Iñigo Martinez Peña, saiakera berria aurkezten, Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hutsunearen edo osotasun ezaren laudorio bat da Iñigo Martinez Peñaren saiakera berria, ‘Ezinezkoaren alde. Hutsunea egungo bizimoduan’ (Elkar). Gasteiztarrak lau urtean egindako hirugarren liburua da, ‘Mandamentu hipermodernoak’ eta ‘Pantailen garaipena’-ren segidan. Aitortu duenez, aurretik irakurritako liburuen fruitu eta lagunartean izandako solasaldi eta bizipenen ondorio dira hiru saiakerak.

Ederra iruditzen zaio filosofoari irakurleen eskertza eta iritziak jasotzea. Erran ohi da irakurleak egiten duela liburua, eta hala da berarentzat. Lerro artean bururatutako ideia berri horiek atsegin ditu.

Irakurleen detaile zehatz batzuk partekatu ditu Donostiako Elkar dendan, Xabier Mendiguren editorearekin batera, egindako aurkezpenean. ‘Mandamentu hipermodernoak’ aterata ezagun batek helbidea eskatu eta eskutitz bat iritsi zitzaion, eskuz idatzia, hiru orrialde, liburuaren iruzkinekin. ‘Pantailen garaipena’-rekin, metroan zihoala ezagun bat liburua irakurtzen ari zen eta hala erran zion: «Bagoian mundu guztia pantailei begira eta ni gogoetan, zure liburuarekin».

«Detaile politak daude, bizitza bera ere detailez egina dago, eta horrek ematen dio zentzua idazteari», gogoetatu du.

Hutsunea eta gabezia

Bilboko irakurle talde batean solasaldi bat izan zuten gabezia eta hutsunea bereiziz, ze puntutaraino gure hutsuneak gabezia moduan interpretatzen ditugun eta hala bada noraino ukitzen gaituen. ‘Erreala dena ezinezkoa da’ esaldiari ere bueltaka ibili da idazlea. «Espero genuenaren eta gertatzen denaren arteko haustura bat da, eta hor ere hutsune bat topatzen dut. Horiek izan daitezke liburu honen pizgarriak».

‘Ez dago ezer ezinezkorik’, aditzen dugu etengabe. ‘Nahi baduzu, egin dezakezu. Zugan sinesten baduzu, lortuko duzu!’. Hala al da, ordea?

Gure garaiak ukatu egiten du ezinezkoa, baina liburuan horren alde egiten da. «Mantrak zalantzan jartzeak maniobrarako tarte handiagoa eman diezaguke, bizimodu aske edo bizigarriago baten alde. Muga guztiak gainditzera bultzatzen gaituzte, baina uste dut ideologia horren atzean frustrazio eta nekezia handi bat dagoela. Bide hori oztopatzea edo zalantzan jartzea arnasgune izan daiteke», adierazi du Martinezek.

Liburuan zalantzan jartzen du ezinezkoaren kontrako jarrera hori, kontzeptuaren alde eginez eta bertze balio bat emanez. Zer zentzutan? «Balio hitza ekonomiara murrizteko joera daukagu, zerbaiten prezio hutsa balitz bezala, baina, noski, badira balio izateko beste modu batzuk ere; pentsa dezagun, bestela, balio estetikoetan, balio etiko zein politikoetan edo balio sentimentaletan».

Zirrikitu emankorrak

Merkatuak eskainiko omen digu hutsune eta ezinezko guztiak baztertzeko moduko konponbidea. Soluzio hori teknologikoa, farmakologikoa, psikologikoa edo ideologikoa izan daiteke. Horrekin ahalik eta azkarren ekingo diogu bizitzan irekitako zuloa estaltzeari. «Bizitza, ordea, ez da erabat konpontzen: bizitza bizi egiten da. Eta, horregatik, ezinezkoei erreparatzea eta haiekin artelanean aritzea bide hobea dela uste dut. Bizitzeko, finean, ez dagoelako gidarik», hausnartu du filosofoak.

Autosuperazioaren leloa modan dago eta batzuetan, agian, intentzioak onak dira. Iñigo Martinezentzat, ordea, egokiagoa da ondorioak aztertzea: «Autoexijentzia erabatekoa, nekezia eta errudun sentimendua, ez garelako sekula heltzen. Estresa ere bai. Gu ere sistemaren parte gara, baina zorionez badauzkagu kontraesanak. Ez dago dena esanda, ezta egina ere, eta zirrikitu horiek emankorrak izan ahal dira».

Maitasuna, hutsuneak partekatzearen arte

Liburuan ezinezkoa hutsunearekin lotu du. ‘Dena posible da’ da egungo mantra. Berak kontrakoa aldarrikatzen du: ‘Ezinezkoa bada, beraz hutsuneak daude’. Kapitulu bakoitzean gai baten inguruan zabaltzen da zulotxoa. Adibidez, ezagutza absolutua ezinezkoa da. Maitasuna esfera gisa ikusten dugu, betetasunaren irudiarekin lotuz, baina liburuan gehiago aipatzen da «hutsuneak partekatzearen arte» gisa. Osasun mentalari buruz, zoriontasunaren promesatik at, «norberaren sendaezina onartzea» izan daiteke, eromen dosi batekin bizitzen ikastea, norberarena eta besteena. «Osotasunaren gaixotasuna bizi dugu». Horren aitzinean, «kapitulu bakoitzak egiten du hutsunearen laudorio bat, osotasun ezarena».

Egun dagoen estoizismoaren irakurketa gaurkotu hori enpresatik bultzatzen dela iruditzen zaio, «prekaritatea onartzeko bide» gisa. Liburuaren mugaren ideia ez doa ildo horretatik, desazkundearen aldetik baizik.

Elkarrizketa filosofiko bat

Azaldu duenez, psikologia soziologizatzea edo politizatzea du helburu alde batetik, baina bestetik norbere jokaerak ezin dira saldu soziologiko gisa, badelako askatasunerako tartea psikologian. Polit definitu du: «Psikologia, soziologia eta politikaren arteko elkarrizketa filosofiko bat da».

Bibliografia oparo bat ere biltzen du bukaeran. Irakaslea izanik, «liburuak asko edaten du Batxilergoan izandako solasaldietatik. Askotan aipatzen duten kontu bat da autoexijentziarena, sareetan egoteko eta zoriontasuna erakusteko beharra. Haiei ahotsa emanda agertzen dira hortik ere arnasguneak pentsatzeko bideak», kontatu du.

Agora filosofia elkarteko kidea da Iñigo Martinez. Kafe eta pote filosofikoak antolatzen dituzte eta bere koadernoarekin joaten da beti apunteak hartzeko prest. Ekimena hedatzen joan da eta pozik dago horrekin. «Gune horiek bizirik mantentzeak funtzio politikoa du eta gozagarria da».

Aurkezpen solasaldiak

Liburu bakoitzarekin solasaldiak antolatzen ditu eta honekin ere hala izanen da. Ostegun honetan, Getarian ariko da Uxue Alberdirekin, martxoaren 17an Loraldian izanen da eta 22an Gasteizen. Aurkezpenak solasaldi forma edo beste norbaiten irakurketa izatea da berarentzat politena.

Saiakera hitza ere gustuko du, «badelako saiatzea, ez lortzea guztiz eta berriro ere saiatzea». Nahiko luke saiatzen segitzea.