Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Enzo Oddok eta Leo Billonek muturreko mistoa beste dimentsio batean sartu dute

Otsailaren 18tik 20ra, bi alpinista frantziarrok Pre de Bar mendian (Mont Blanc mendilerroa) ‘Les Barbares 3’ bidea sortu zuten. 500 metroko marra horretan, M10 maila duen luze bat gainditu zuten. Billonek dio inoiz eskalatu duen sekzio zailena izan dela.

Oddok eta Billonek Pre de Bar mendian sortutako maisulana.
Oddok eta Billonek Pre de Bar mendian sortutako maisulana. (Leo Billon)

Maiz aipatzen da pelikulen hirugarren zatiek indarra galtzen dutela. Baina beti bezala, salbuespenak daude. Alpinismora salto eginez, Pre de Bar mendiaren (Mont Blanc mendigunea) iparraldeko horma laiotzean antzeko egoera gertatu berri da. Hain zuzen ere, ibilbide baten izen batekin: ‘Les Barbares’.

Patrick Pessi eta Stephane Benoist frantziarrek ibilbide hori (garai haietarako oso zorrotza) zabaldu zuten duela 22 urte: ED, V, M7/A2. Bost egun eta lau bibak behar izan zituzten proposamena biribiltzeko. Hori izan zen «pelikula» berriaren lehen zatia. Beste ikuspuntu moderno batekin, otsailaren 2tik 6ra, Aumery Fouilladek eta Leo Billonek ‘Les Barbares 2’ zabaldu zuten. Zailtasuna: M8/+. Jarduera amaitu bezain pronto, Billonek honako adierazpena egin zuen: «Uste dut hormatzarretan mistoaren mailak ez duela goia jo. Zalantzarik gabe, muturreko mistoaren atarian baino ez gaude; ia-ia haurtzaroan».

Bada, bigarren zatiaren ondoren, hirugarrena heldu berri da. Billon berriro protagonista izan dugu, eta beste sokakide batekin, Enzo Oddorekin, ‘Les Barbares 3’ ireki du. Lan horiek guztiak biribiltzeko hiru egun behar izan zituzten; otsailaren 18tik 20ra. Frantziarron marra teknikoki oso-oso zaila da. Zailtasunean oso iraunkorra izateaz gain, M10 mailako luze bat gainditzeko gai izan ziren. Billonek berak ‘Les Barbares 2’-ren inguruan eginiko adierazpenari orain beste honako hau gehitu dio: «Mistoan inoiz eskalatu dudan luze gogorrena izan da».

Alpinistok ‘Les Barbares 3’ bidearekin hormatzarretako muturreko mistoa beste dimentsio batera eraman dute. Eta nork daki muga hori berandu baino lehen berriro gaindituko den. Bederen, marra horrek gaur egungo alpinismoaren abangoardian bere burua kokatu du.

Maisulana

‘Les Barbares 3’ bidearen prozesuari dagokionez, frantziarrok bi ekinaldi egin zituzten. Lehenbizikoan, oso arin joan ziren. Babesteko eraman zuten tresneria ia osoa erabili ondoren, batez ere bidearen giltzan, jaisteko erabakia hartu zuten. Otsailaren 17an izan zen. Denbora galdu gabe, biharamunean berriro martxan jarri ziren. Oraingoan, bai, motxilak tresneria askorekin bete egin zituzten.

Bizkar-zakuen zamak erritmo motelagoa eramatera behartu zituen. Lehen 200 metroak samurrak eta M6 eta M8 mailako luzeak igo eta gero, lehenbiziko saialdian buruhausteak eragin zizkien luzeari ekin zioten. Hots, bidearen giltzari. Oddo sokaburu joan zen. Eskalatzen ari zen bitartean, erorikoa izan zuen. Bi friend atera zituen, baina ez zuen minik hartu. Gaua egin eta bibaka prestatu zuten.

Bezperako luze horretan Billon sokaburu joan zen: bi ordu eta erdiko lana izan zen. Zati batzuk artifizialean (A4) eskalatu zituen. Hurrengo helburua, jakina, ia 40 metroko luze horri puntu gorria jartzea zen.

Billonek askotan erakutsi du muturreko mistoan espezialista handia dela. Eta gaitasun itzel hori ‘Les Barbares 3’-ko luze gogorrenean indarrean jarri zuen. Soilik ekinaldi batean marraren giltza librean igo zuen: M10. Proposamen horretan ez du zalantza izpirik ere: «Antzeko luzerik ez dut inoiz egin. M8+ mailako bi luze jarraian igotzea baino askoz ere zailagoa da. Luze horren lehen erdia M8+ baino gogorra da ere. Nik M10 hori tresneria aldez aurretik jarrita kateatu nuen. Ez dut imajinatu ere egin nahi eskalatzen ari zaren bitartean seguru horiek jarri eta era librean sinatzea».

M10 mailako luzea gainditu ostean, zailtasun teknikoa pixka bat «leundu» zen: M8+ bat, bi M7 eta M5 bat. Lan horiek biribildu ostean, bigarren bibaka egin zuten. Hirugarren eta azken egunean, azken bi luzeak zabaldu zituzten: M6 eta M6+. Pointe Superieureko gailurrean (3.683 m) elkar besarkatu eta, pozarren, etxerako bidea hartu zuten maisulan bat besapean zutelarik. 500 metro, 15 luze eta giltza M10 (den-dena era librean); hori da Oddok eta Billonek ‘Les Barbares 3’-n egin duten ekarpen berri ikaragarriaren «gidoia». ‘Les Barbares 4’ iritsiko ote da? Nork daki, baina Billon «aktorea» ezagututa aukerak egon daitezke.