
Euskarazko ikus-entzunezkoen alde lanean zebiltzan hainbat elkarte eta mugimendutako kideek bat egin eta Pantailak Euskaraz ekimena sortu zuten 2021eko ekainean. Kezkaz ikusten zuten gure bizitzetan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari diren pantailetan euskarak zuen presentzia urria.
Bi urte beranduago, 2023an, Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin salatu zuten euskaldunok zinema aretoetan bizi genuen diskriminazioa. Izan ere, 2022ko datuak eskuan, Hego Euskal Herriko zinemetako eskaintzaren %1,99 besterik ez baitzen euskaraz izan. Portzentaje hori are okerragoa zen Iparraldea ere estatistika horretan sartuz gero. Oso adierazgarria izan zen 2022. urte osoan euskarazko fikziozko film bakar bat ere ez estreinatu izana. 2023. urtean ‘Irati’ izan zen zinemetan eskaini zen euskarazko fikziozko film bakarra. Honekin batera, euskarazko hiru dokumental: ‘Karpeta Urdinak’, ‘Tetuan’, eta ‘Bidasoa 2018-2023’.
Bada Pantailak Euskaraz ekimenak lau urte beteko dituen honetan, egoerak ez du hobera egin: 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu dituzte, eta datuak gordin bezain kezkagarriak dira: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da % 1,6ra iritsi (Hego Euskal Herrian % 2,6; Ipar Euskal Herrian % 0,4). Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen % 100 eskaini dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta frantsesez edo frantsesez azpidatzita, filmen % 100 Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan.
Ikerketen desberdinen arabera, hizkuntza ohituretan berebiziko eragina dute gure aisialdian ditugun esperientziek. Bataz beste, egunean 5-6 ordu igarotzen ditugu mota ezberdinetako pantailen aurrean, eta hauetan ditugun erreferente ia denak erdaldunak badira, ze hizkuntza hautatuko dugu gure egunerokotasunean?
Izenburuak eta datuak
2024an Euskal Herri osoko zinemetan euskaraz estreinatu den fikziozko bi film egon dira: Josu Martinezen ‘Bizkarsoro’ eta “Negu” kolektiboaren ‘Negu hurbilak’. Hego Euskal Herrian, fikziozko hirugarren euskarazko pelikula bat ere estreinatu da: David Perez Sañudoren “Azken Erromantikoak”, baina hau ez da 100% euskarazkoa. Horiekin batera, haurrentzako nazioarteko 12 film euskarara bikoiztuta estreinatu dira, hauek Hegoaldean soilik.
Estreinatutako beste bi dokumentaletan ere egon da euskararen presentzia: Ander Iriarteren ‘Indarkeriaren Oi(h)artzunak’ gazteleraz eta euskaraz, eta Lucie Francini eta Sabina Hourcaderen ‘Artzain Soil’ euskaraz eta frantsesez.
Hego Euskal Herrian, 540 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 3 filmek izan dute eta euskarara bikoiztuta beste 12 eskaini dira. Beraz, estreinaldien % 2,6 izan da euskaraz zinema areto komertzialetan.
Ipar Euskal Herrian, berriz, soilik ‘Bizkarsoro’ eta ‘Negu Hurbilak’ kusi ahal izan dira euskaraz, bertan estreinatutako frantsesezko 520 filmen artean: % 0,4 alegia. Halere, aipatu behar dugu, albiste positibo gisa, Baionako L’Atalante zinemak Euskal Zinema Korner programazio berezia abiatu duela 2024ean, eta horri esker, aipaturiko filmez gain, urte ezberdinetako euskarazko beste hainbat film ere ikusi ahal izan direla urtean zehar zinema horretan euskaraz.
Hego Euskal Herrian, 540 estreinalditik, jatorrizko bertsioa euskaraz 3 filmek izan dute eta euskarara bikoiztuta beste 12 eskaini dira. Beraz, estreinaldien % 2,6 izan da euskaraz zinema areto komertzialetan
Estreinaldi kopuruaz harago, euskarak zinemetan izan duen benetako pisuaz jabetzeko, filmek izaten duten emanaldi kopuruari ere erreparatu behar zaio. Datuak aztertuta, argi geratu da erdarazkoen emanaldi kopurua azkoz handiagoa izaten dela. Euskal Herrian 2024an zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik, 166.000 gazteleraz (Hego EHn), 29.000 frantsesez (Ipar EHn), eta 1.900 baino gutxiago izan dira euskaraz (emanaldi horietatik gehienak Hegoaldean), emanaldi guztien >% 1 alegia.
Beste datu esanguratsu bat ere plazaratu du Pantailak Euskarazek: Euskal Herrian ekoitzitako 15 filme iritsi dira zinema areto komertzialetara 2024an, baina horietatik hiru soilik izan dira euskarazko ekoizpenak, eta beste bi elebidunak. Ibaia-Epe ekoizle elkarteak eta Pantailak Euskarazek eginiko eskaerei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak 2024ean zinema ekoizpenetarako dirulaguntzetan txertatutako aldaketei esker (baliabide ekonomikoak ia hirukoiztuz eta diru horren erdia gutxienez euskarazko ekoizpenetara bideratuko dela bermatuz), hemendik aurrera Euskal Herrian euskarazko ekoizpen gehiago egitea espero dute Pantailak Euskarazek eta Behatokiak.
Hizkuntza eskubideak zinemetan babesteko beharra
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dute erakunde publikoen ardura dela herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. Are gehiago orain, Zinematografiarako diru-funtsen konpetentzia EAEk eskuratu ondoren. Iparraldean ere, bertako erakundeek dituzten eskumenen baitan, euskarazko zinemak bultzada behar du. Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko.
Bestetik, zinemetan zein bestelako aisialdian kontsumitzaile eta erabiltzaile bezala herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, beharrezkoa ikusten dute Kontsumitzaile eta erabiltzaileen Nafarroa zein EAEko legedietan neurri zehatzak planteatzea.
Bien bitartean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutakoak kontsumitzera animatu nahi dituzte euskal herritarrak. Hain zuzen, zinemetan eta streaming plataformetan dagoen euskarazko eskaintza eguneratua ezagutzeko, zernonikusi.eus webgunea eta Smart TV eta mugikor gailuetarako ZNI doako aplikazioa martxan dagoela gogorarazi dute.
Azkenik, zinemetan euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez dagokion salaketak jartzeko deia luzatu dute Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek.
Lorpenak
Egora kezkagarria da, baina laur urte hauetan, euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimen desberdinei esker hainbat lorpen gauzatu dira. Batzuk nabarmentze aldera:
-Streaming plataformei 13/2022 Espainiar Estatuko Ikus-entzunezko Lege orokorrak zeharka ezartzen dizkien betebeharrei esker (hizkuntza gutxituetako komunitateek egindako presioarekin txertatutako eskaerak, aitortu behar denez), Netflix, Max eta Amazon Prime Video bezalako erraldoiak adibidez hasi dira edukiak euskaraz eskaintzen. 2022ko irailean euskaraz eskaintzen zituzten edukiak esku batekin zenbatu zitezkeen bitartean, gaur egun euren katalogoetan euskaraz ala euskaraz azpidatzita eskaintzen dituzten edukia oso zabala da. Kataluniako Gobernua eta TV3 ari diren moduan, espero da geroz eta gehiago izatea, eta horretarako euskal erakundeek ere dagokien lana egitea. Zernonikusi webgunea eta honen aplikazioa, eduki horiek topatzeko ezinbesteko tresna bilakatu da.
-2023an, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko Kursaaleko emanaldiak, historian lehenbizikoz, euskarazko azpidatziekin eskaini ziren. Urteetako salaketaren ondoren aurrerapauso garrantzitsu bat iritsi zen, eta bi hizkuntzen arteko orekara bidean oraindik lan handia egiteko dagoen arren, Euska Herriko ikus-entzunezko gertakizun jendetsu eta mediatikoenean hau lortu izana benetan poztekoa da euskaldunontzat. Euskaldunok jaialdi honetan bizi genuen diskriminazio egoerarekin amaitzeko inflexio puntu bat ezartzeaz gain, gure hizkuntza nazioarteko erakusleiho honetan ikusgarri egiten du.
-Primeran eta Makusi euskarazko plataformak ere iritsi dira. Egia da nazioarteko film arrakastatsuak ere euskaraz ikusi nahiko genituzkeela bertan, baina, jadanik badugu euskara ikus-entzunezkoen mundu digitalean indarrez posizionatzeko tresna. Gakoa, tresna hau ongi elikatu, sustatu, eta euskaldunon erreferentziazko plataforma bilakatzea.
-Aldatu Gidoia Euskararen Alde! ere nabarmendu beharreko kanpaina da; Pantailak Euskarazen manifestua plazaratu zenetik ikus-entzunezkoen arloan euskarak aurrera egin dezan eragile gehien elkartu dituen kanpaina izan baita. Aldarrikapenen fokua atzerriko streaming plataformetatik apur bat aldendu eta hemen gertuko zoom-a erabiliz, Eusko Jaurlaritza eta ETBri euskarari benetako lehentasuna emateko hainbat neurri eskatu ditu ekoizpenetan, bikoizketa politiketan, ETBn, zinemetan, etabar.
2025ean, zer?
Aztertu dugu iragana, egin dugu egungo argazkia, eta etorkizunera edo behintzat aurtengora begira ere jarriko gara. 2025ean egoerak hobera egingo duela dirudi: urte berriko euskal fikzioaren ortzi-muga nahiko argitsua da. Fizkiozko film luzeen artean Asier Altuna-ren ‘Karmele’, Sara Fantova bilbotarraren ‘Jone batzuetan’, Irati Gorostidiren ‘Anekumen’, ‘Winnipeg Itxaropenaren Itsasontzia’, Elio Quiroga eta Beñat Beitiaren animaziozko lana, Paul Urkijoren ‘Gaua’ edota Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘Maspalomas’ adibidez aurten iritsiko dira. Gainera, dokumentaletan Beñat Iturrioz-en ‘Enarak’, Pello Gutierrezen ‘Erreplika’ eta , naiz eta eta nagusiki gazteleraz den, jada zinemetan estreinatu den ‘Itoiz udako sesioak’, beste batzuen artean.

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»

Errastiko Eskola, landa eta elikagaiak umetatik maitatzen

La Federación Navarra de Pelota ve «legítima» y con respaldo la postura de la Federación Vasca

Persecución, derechos humanos y dobles estándares
