Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Robert Pattinson behin eta berriz hiltzen

‘MICKEY 17’
AEB, 2025. 137’. Zuzend eta gidoia: Bong Joon-ho. Aktoreak: Robert Pattinson, Naomi Ackie, Steven Yeun, Mark Ruffalo, Toni Collette. Musika: Jung Jae-il. Argaz.: Darius Khondji.

Robert Pattinson Mickey 17 pertsonaiaren rola jokatzen eta bere klona
Robert Pattinson Mickey 17 pertsonaiaren rola jokatzen eta bere klona (Warner Bros.)

Mickey Barnes (Robert Pattinson) etorkizunetik datorren gazte bat da, eta ez du motibaziorik topatzen bere bizitzan. Errutinak aspertu egiten du eta ez du bere lekua aurkitzen munduan. Helburu orotatik urrun, astronauta talde batekin espaziora bidaiatuz, beste aukera bat aurkituko duela uste du. Lan-kontratua sinatzean ordea, espero ez duen zerbaitekin egingo du topo: Mickey behin eta berriz hilko da, eta, paperean adostu zuenaren arabera, gero bere oroimena gordetzen duten klon infinituekin berpiztuko dute. Planeta izoztu bat kolonizatzera bidalitako ‘expendable’ (ez nahitaezkoa) tripulazioko kide izango da, baina uko egiten dio bere ordezko klonari, Mickey 18ri, bere lekua hartzen uzteari.

‘Memories of Murder’, ‘The Host’, ‘Okja’ eta bereziki ‘Parasite’ filmekin arrakasta itzela lortu ostean Bong Joon Ho zuzendari korearra aretoetara itzuli da bere proposamen berriarekin: ‘Mickey 17’.

Zinemagileak bere film askoren ezaugarri diren satira eta gizarte kritika ekarri ditu bueltan. Bere filmak generoen arteko nahasketagatik dira ezagunak, ikuslea harritzeko duten gaitasunagatik: thrillerra, komedia, drama, zientzia fikzioa eta kritika soziala uztartu eta tonuak maisutasunez aldatzen ditu. Oso modu sotil eta ironikoan jorratzen ditu gizartearen arazoak: klase desberdintasunak edota kapitalismoaren kritika esaterako maiz errepikatu dituen gaiak dira.

Robert Pattinson da filmeko protagonista nagusia, baina gainera aktore zerrendan izen ezagun ugari ageri dira: Naomi Ackie, Steven Yeun, Mark Ruffalo edota Toni Collette besteak beste.

«Umore ugari dago film honetan» , dio Bong Joon-ho-k, «baina filmaren helburu nagusia ez da ikusleari barreak sortzea. Uste dut umoreak tristura indartzen duela eta, bereziki barre mingots horiei esker, emozio desberdinen nahasketa izugarria lortzen dela». Eta gehitu du: «Gai soziopolitikoak arakatzen dituzunean, tonu serioa erabili beharrean, umorea erabiltzen baduzu istorio hori kontatzeko, publikoan uzten duen inpresioa iraunkorragoa da» .