Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EAEko herritarren %52,8k lan kontratu batekin soilik onartuko luke etorkinen sarrera

Ikuspegik egindako urteko barometroaren arabera, tolerantzia-indizea 63,54 puntukoa da eta pandemia aurreko mailetara itzuli da. Nabarmentzekoa da herritarren %52,8k lan kontratu batekin soilik onartuko lukeela etorkinen sarrera.

Arrazakeriaren aurka Bilbon egindako mobilizazio baten argazkia.
Arrazakeriaren aurka Bilbon egindako mobilizazio baten argazkia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

EAEn immigrazioarekiko tolerantzia-indizea 63,54 puntukoa da, iazko datuekin alderatuz hiru puntu jaitsi da; ia sei puntu 2022ko indizearekin konparatuz gero. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako atzerritar jatorriko biztanleekiko pertzepzio eta jarrerei buruzko urteko barometroaren datuen arabera, pandemia aurreko mailetara itzuli da herritarren tolerantzia-indizea.

Bilbon egindako agerraldian Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendaria eta EHUko Soziologiako irakasleak azaldu duenez, pandemiak zein Ukrainako gerrak «elkartasun olatu aparta» sortu zutela, baina orain «jarrerak lehenagoko mailetara itzuli dira, nahiz eta serie historikoarekin alderatuta hobera egin duten». Izan ere, 2024ko indizeak pandemiaren aurreko barometroaren edizio guztietan (2007-2020) erregistratutako altuena izaten jarraitzen du.

Txostenean nabarmentzen denez, gizartean ez da nabari immigrazioa gaur egungo arazo nagusietako bat dela; badira kontu larriagoak, hala nola arazo ekonomikoak edo osasuna. Hala ere, immigratzaileen etorrerari dagokionez, biztanleriak haien presentzia dena baino handiagotzat jotzeko joera du, eta erroldatuta dauden etorkinen kopuruaren bikoitza aipatzen du. Era berean, biztanleria, pixkanaka, immigrazioa egiturazko fenomenoa dela pentsatzen hasi da, eta datozen urteetan etorkinen kopuruak gora egiten jarraituko duela uste du.

Etortzearen aldeko jarrera

Immigrazio politikei dagokionez, gizartearen gehiengoak atzerritar jatorriko pertsonak etortzearen aldeko jarrera du, nahiz eta horien etorrera batez ere lan arrazoiekin lotzen duen, hala nola lan kontratu bat izatearekin (%52,8). Azken datu honek gora egin du 2023 (%44,5) eta 2022ko (%28,2) datuekin alderatuz, baina jaitsiera nabarmena suposatzen du 2010 urtearekin konparatuz, izan ere garai hartan gizartearen %82,6 lan kontratua dutenei bakarrik sartzen uztearen aldekoak zen.

Eta egoera administratibo irregularrean dauden pertsonei dagokienez, biztanleriaren %82,2 erregularizatzearen alde dago. Halaber, biztanleriaren %93,7 asilo eskatzaileei harrera egitearen alde agertu da, nahiz eta jarrera irekienak gutxitu egin diren Ukrainako gerrak eragindako gizarte larrialdia pasatu ondoren. Familia erreferenterik gabeko adingabe eta gazteei dagokienez, biztanleriaren %78,3 haien integrazioa eta gizarteratzea lortzeko behar diren baliabide egokiak jartzearen aldekoa da.

Egoera administratibo irregularrean dauden pertsonei dagokienez, biztanleriaren %82,2 erregularizatzearen alde dago

Etorkinek eskubideak eta zerbitzuak eskuratzeari dagokionez, gizarteak jarrera positiboa du nagusiki, eta osasuna, hezkuntza eta laguntza juridikoa izatea eskubide unibertsalak direla uste du.

Beste eskubide batzuen kasuan, hala nola boto eskubidea, familia berrelkartzekoa edo babes ofizialeko etxebizitzak lortzekoa, biztanleriak egoera administratibo erregularrean dauden pertsonek soilik izan behar lituzketela uste du. Nolanahi ere, gizartea, nagusiki, pertsona autoktonoek eta migratuek gizarte-zerbitzuak eskuratzeko aukera berdinak izatearen alde dago.

Immigrazioak duen eraginari buruz dagoen iritziari erreparatuz gero, gizarteak immigrazioaren irudi positiboa duela ikusten da, eta hainbat esparru eta espaziotan nabari da hori. Ekonomiari dagokionez, herritarren %74,9ren iritziz, jatorri atzerritarreko pertsonak ezinbestekoak dira sektore batzuetan. Bestalde, biztanleriak ez du immigrazioa jotzen soldaten jaitsierarena (%69,6) erruduntzat.

Identitatearekin lotura eginez, biztanleriaren gehiengoak (%73) ez du uste immigranteen etorrerak euskal nortasuna galaraziko duenik edo euskararen garapena (%64,7) geldiaraziko duenik. Herritarren iritziz, immigrazioak eragin positiboa du demografian ere; adibidez, gaur egungo biztanleria zahartuak dakartzan arazoak arintzen lagundu dezakeela uste du.

Bizikidetza eta kultura ereduak

Gizarteak positibotzat jotzen du immigrazioak dakarren aberastasun kulturala; hala uste du herritarren %74,7k. Biztanleriak ohitura kultural berriekiko duen irekitasunean nabari da. Gizartean egokitzeko ahaleginari dagokionez, herritarren ustetan, bizikidetza hobetzeko, pertsona etorkinek eta autoktonoek, biek, egin behar dute ahalegina. Hala ere, uste dute ahalegin handiagoa egin behar duela migratutako biztanleriak.

Gizarteak positibotzat jotzen du immigrazioak dakarren aberastasun kulturala; hala uste du herritarren %74,7k

Bigarren belaunaldiei dagokienez, euskal herritarrek atzerritar jatorriko gurasoak dituzten pertsonak beren parekotzat hartzen dituzte (%87,7), eta bereziki aintzat hartzen dute EAEn jaio izana (%87,7).

Herritarrek jatorri jakin batzuekiko duten sinpatia mailari buruz galdetuta, gizarteak begikoago ditu Mendebaldeko EBtik (6,7 puntu) eta Latinoamerikatik etorritako pertsonak. Bestalde, begikotasun-maila hori txikiagoa da jatorri magrebtarra duten pertsonekiko (4,9 puntu).

Pertsona autoktonoen eta etorkinen arteko balizko bizikidetza egoera batzuekiko jarrerei dagokienez, biztanleriaren gehiengoak oso jarrera irekia du bizitzako edozein esparru atzerritar jatorriko pertsonekin partekatzeko, eta, batez ere, lan-esparruan (%89,8) edo esparru pertsonalena. Hala eta guztiz ere, mesfidantzazko jarrera gehiago ageri da bizilekuari dagokionez (%60,8).

Gainera, biztanleria gehiena ez dago ados etorkinei buruz dauden estereotipo negatiboekin, eta gehiago dira faltsuak direla uste dutenak egiazkotzat hartzen dituztenen aldean. Hala ere, aurreiritzi batzuk errotuago daude, hala nola etorkinak gizarte babeseko sistema neurriz kanpoko erabilerarekin, delinkuentziarekin eta matxismoarekin lotzen dituztenak. Ziur aski eskuin eta eskuin muturreko alderdien mezuen ondorioz.