Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Emakumeen lidergoa aitortu eta berdintasuna aldarrikatu dute kooperatibek

Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek aitortu dute ostiral honetan enpresa kooperatibetan emakumeek duten lidergoa. Esan dutenez, emakumeak kooperatibismoaren %53 dira, eta hamar kooperatibatik lautan emakumeak dira buru. Baina oraindik pausoak eman behar dira erabateko berdintasuna lortzeko.

58 kooperatibatan zuzendari eta presidente diren 76 emakume izan dira omenaldian.
58 kooperatibatan zuzendari eta presidente diren 76 emakume izan dira omenaldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Larunbat honetan ospatuko da Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna; eta, horren harira, Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek ekitaldi berezia antolatu dute ostiral honetan Gasteizen dagoen Goiuri Jauregian, bertan aitortu dute enpresa kooperatibetan emakumeek duten lidergoa eta benetako berdintasuna lortzeko oraindik ere pauso gehiago eman behar direla ohartarazi dute. 

‘Lidergoan, eraldatzeko: kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago’ leloa izan du ekitaldiak, Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak eta Belen Balerdi Kooperatiben Kontseiluko presidenteak aurkeztutakoa. Azken honek gogoratu du emakumeak kooperatibismoaren %53 direla eta hamar
kooperatibatik lautan emakumeak dira buru. «Datu horiek erakusten digute berdintasunerako bidea posible dela, baldin eta irmo eta konbentzimenduz lanean jarraitzen badugu», azpimarratu du.

«Iaz kooperatibismoan aitzindari izandako emakumeei aitortza erakusteko aukera izan genuen, aurten beste pausu bat ematen dugu ibilbide horretan eta gaur egun gure enpresak gidatzen dituzten emakumeengan jartzen dugu fokua. Zuek funtsezko sektoreetan egotea erakusten digu zenbat egin dugun aurrera», adierazi du, eta «emakumeen lidergoa berrikuntzaren eta eraldaketaren sinonimoa dela» gaineratu du.

Izan ere, gero eta emakume gehiago daude hezkuntza, industrian eta garraioen zerbitzuetan. Zentzu honetan, Balerdik azpimarratu du «bereiziki garrantzitsua» dela tradizioz maskulinazatuak diren sektoreetan emakumeen presentziak izan duen gorakada, «horrek erakusten du lidergo postuetan emakumeak egotea aurrera pauso garrantzitsua dela». Eta kooperatibismoa berdintasuna lortzeko «tresna boteretsua» dela esan du.  

«Gure enpresa ereduak ekonomia justuago batera aurrera egiteko aukera ematen digu. Non lidergo irizpide bakarra talentua eta gaitasuna izango diren, eta ez generoa», dio 2025a Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela gogoratuz.

Erakunde «bizigarriak»

Carmen Marcuello Zaragozako Unibertsitateko katedradunak eta Saioa Arando Mondragon Unibertsitateko irakasleak zenbait gogoeta partekatu dituzte berdintasuna sustatzeko. Hala kooperatibek berdintasuna irmoki aldarrikatu behar dutela azaldu dute, mugimendu bat bezala; eta gizartea anitza dela gaineratu dute. «Kooperatibek begirada zabaldu beharko lukete, eta ez lukete ulertu behar gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldarrikapena aldarrikapen uniforme eta bakar gisa».

Era berean, «bizigarriak diren gizarteak» eraiki behar direla esan dute, ekitatea eta justizia soziala bermatuz. «Eta kooperatibak eragile bizigarriak izan behar dira, pertsonak garatu ahal izateko», diote, elkartasuna sustatuz.

Halako ideak babestu ditu ere Emuneko presidentea den Ainhoa Lasak. «Erakundeak indartu nahi baditugu, pertsonak balioan jarri behar ditugu. Egin dezaketen ekarpena egiteko boterea emanez, erantzukizuna partekatuz eta autonomia sustatuz. Erakunde humanistagoak eta feministagoak behar ditugulako», azaldu du bildutakoen aurrean.

Eroskiko zuzendari nagusi Rosa Carabelek lanean jarraitzera animatu die, «enpresa kooperatibook mundua eraldatzen jarrai dezagun, positiboki, inpaktua sortzen eta denontzat etorkizun justuagoa eraikitzen. Jarrai dezagun bidea markatzen»: «Elkarrekin lan eginez bakarrik lortuko dugu emakumeen lidergoak salbuespen izateari uztea».

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuorde Elena Perez Barredok ere adierazi du ez dagoela «erabateko demokraziarik erabateko berdintasunik gabe, emakumeek eta gizonek eskubide eta aukera berberak izan gabe».