
90 piezatik gora aukeratu ditu Igor Uria museoko bildumen zuzendariak. «Horietatik 42 lehen aldiz erakutsi dira», zehaztu du Miren Vivesek, museoko zuzendariak. Erakusketak atzean duen lan eskerga azpimarratu du, lehenik funtsean piezak bilatu eta aukeratu, eta ondoren banan-banan zaharberrituz. Bildumak, bere osotasunean, 5.100 jantzi ditu egun, eta Balenciagak erreferentzia izaten jarraitzen du mundu osoko jostun eta diseinatzaileentzat.
Bost areto, gaiez gai
Bost dira areto berriak, jostunarekin lotutako gai bana lantzen dutenak. Seigarren aretoa maiatzean dira aurkeztekoak. ‘Cristobal. Balenciaga. Teknika, materia eta forma’ izenburuak aretoetan aurkezten diren tematikak laburbiltzen ditu. Lehen aretoan Cristobal Balenciagaren (1895-1972) biografiarekin hasten da bisita. Lehen ez bezala, bere bizitzako zertzeladei eskainitako tartea erakusketan integratuta dago.
Bere garaian «ikusezin, enigmatiko eta gortinaren atzeko» gizontzat hartu zuten Balenciaga eta bigarren plano diskretuan gorde zuen hamarkada luzez bere alderdi pertsonala. Gaur egunera arte iritsi diren bere erretratu urriak, hastapenetako irudiak eta testuingurua, haren objektu pertsonalak zein lanekoak eta jantziteria aurkituko ditu bisitariak. «Balenciaga izenak duen ospearen atzean ezkutatutako Cristobal nor izan zen erakusten duten aztarnak» erakutsi nahi izan dituzte museoaren arduradunek.
Bigarren aretoa enpresa alorrari eskaini zaio. Goi mailako joskintzako moda sortzaile bezala jardun zuen getariarrak eta distirarik handiena XX. mendearen erdialdeko Parisen lortu zuen ingurune oso lehiakorrean. Diseinuen egiletza babestua zuen ezaugarrietako bat. Izan ere, erosle handiek desfileetara sarbidea izateko ordaindutako diruarekin finantziatzen zuen ia bilduma osoa urtez urte. Horrekin batera, erabilitako ehunen kalitate handia, neurrira egindako jantzien akasgabetasuna eta bezeroen esklusibotasuna nabarmendu daitezke.
Denboraldi bakoitzean, bildumaren aurkezpena egiten zuen jostunak George V. etorbideko 10. zenbakiko aretoan. Erakusketa berrituan, Balenciagaren bezeroek ekitaldi hartan bizitzen zuten esperientzia partekatu nahi izan du museoak bisitariarekin. 1958an hasi eta 1962. urtea bitarteko bildumatako hainbat lan aukeratu dira eta Tom Kublinek dokumentatutako desfileen irudien proiekzioan laguntzen du orduko esperientzia bizitzen. «30 urtez baino gehiagoz modaren erritmoa ezarri zuen denboran, tokian eta gizartean sartzea da gunen honen helburua», adierazi dute.
Ezin ahaztu Balenciagaren teknika, aditu denek txalotzen dutena. Hirugarren aretoan, oihala eskuan hartu eta hura gorputzaren gainean jarriz soinekoaren forma nola sortzen zuen ulertarazten du erakusketak. Bere eskuz moztu, muntatu eta josteko gai zen getariar jostuna. «Horrek prozesu osoaren ikuspegi integrala ematen zion», diote.
Espazio honetan Balenciaga etxean jostorratza eskuan hartuta makina bat ordu lanean eman zituzten emakumeei omen egiten dien atala ere badago ikusgai. ‘Las manos que cosen’ proiektua abiatu zuen 2014an museoak. Ondare inmaterialari buruzko ikerketa lerroak, tailerretako langileen testigantzak eta dokumentazioa jasotzen ditu. 400 erregistro eta testigantza baino gehiago biltzen ditu, baita haien bizipenei eta lan eserientziar buruzko dokumentazioa ere. Argazkiak, gutunak, lan tresnak, objektuak... Informazioa museoaren webgunean dago kontsultagarri.
Materiaren txanda da. Ehunei buruz zuen ezagutza sakonagatik da ezaguna Balenciaga. «Ehun tipologia desberdinen aukerak mugara eramateko zuen gaitasunaren» hainbat adibide erakutsi nahi izan dituzte museoaren arduradunek.
Formari eskainitako aretoarekin amaitzen da bisita. Bere silueta berritzaileen bidez garaiko ideal estetiko femeninoaren ulerkera aldarazi zuen. Soinekoa gero eta abstraktuagoa izateko joera aipagarria da, baita hirugarren elementu baten garrantzia ere, airea.
Ibilbide osoan zehar baliabide teknologiko berriei esker 3D-n esploratu eta bereizmen handian ikus daitezkeen piezak aurkituko ditu bisitariak. Ikus-entzunezko hainbat baliabide ere erabili dituzte, bideo-mapping gisa. Iker Jimenez eszenografoaren eta Susana Blasco diseinatzaile eta collagegilearen esku-hartze artistikoak ere gehitu dira proiektuan.
Seigarren aretoa
Udaberrian ateak irekiko dituen seigarren aretoan museoak jasota duen Balenciagaren obra-bilduma aurkeztuko da. «Beste sortzaile eta bilduma batzuetako lanekin batera, bisitariaren esperientzia eta Balenciaga obrari buruz duen ezagutza aberastea» dute helburu arduradunek. Parisko Artxiboetako obrak bilduko ditu museoak.
Aurrera begira, aretoen aforoa mugatuko da, beraz, aurrez erreserba egitea gomendatu du Miren Vivesek. «Jantziak babestu nahi ditugu neurri honekin», adierazi du.
Urrian, berriz, Balenciagarei buruzko Nazioarteko II. Biltzarra egingo da. Akademiko, ikertzaile eta komunikazioko profesionalak hartuko ditu Getariak.
2024an denera 91.100 bisitari jaso zituen museoak, aurreko urtean baino %35 gehiago. Horietatik %52 atzerritik, %48 espainiar Estatutik eta %13,5 Euskal Herritik.

Gureak, medio siglo ante una pregunta sencilla que requiere respuestas complejas

Un árbol único, que solo existe en siete pueblos navarros, está en plena floración

Pierde un testículo por un impacto de foam en el desalojo del gaztetxe de Errekalde

Los trabajadores de Guardian aceptan las indemnizaciones y la empresa cerrará este abril
