Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Izotz Eskaladako Munduko Kopan, ikuskizuna eta haserrea

Amaitu da UIAA erakundeak antolatutako nazioarteko erregulartasunaren zirkuitua. Bost hitzordu izan ditu, eta, lehia oso ederrak ikusteaz gain, emakumezkoak kexu azaldu dira ekipatu dizkieten bideekin.

UIAA erakundeak (Alpinismoko Nazioarteko Federazioa) soilik izotz eskaladako lehiak antolatzen ditu. Hain zuzen ere, hiru hitzordu nagusi: Europako eta Munduko Txapelketak eta Munduko Kopa. Azken horri dagokionez, Edmontoneko (Kanada) azken probarekin ateak itxi ditu. Aurretik beste lau jokatu ziren: Cheongsong (Hego Korea), Saas Fee (Suitza), Champagny-en-Vanoise (Frantziar Estatua) eta Longmont (Ameriketako Estatu Batuak).

Nahiz eta Euskal Herrian izaera honetako lehiek ez duten oihartzunik, espezialistarik eta jarraipenik, mundu zabaleko hainbat herrialdetan apustu sendoa egin dute lehiaketa hauen alde. Irakurleren batek esango du ziur aski gure lurraldean izotzik ez dagoelako lehia horiek ez dutela erakarpenik. Lerro hauen gainean doan bideoak (Saas Feeko proba) argi eta garbi aurkako erantzuna ematen du. Munduko Kopak bi modalitate ditu: zailtasuna eta abiadura. Eta soilik azken horretan murruek (ez denetan) izotza izaten dute. Zailtasunean, berriz, ikusten den bezala izotzik ez duten egitura artifizialak altxatzen dira. Eta, hortaz, izotz eskalada baino dry tooling-a aipatu beharko genuke.

Bideoan ikusten denez, nazioarteko federazioak antolatutako lehia horiek ikusgarriak dira oso. Egitura horiek (egur kontratxapatuarekin egiten dira) ezaugarri anitzak dituzte: plaka bertikalak, eroria dutenak, sabaiak, dinamikoak, eraztunetara eginiko jauziak… Bitxiak dira oso, baina espektakulua eskaintzen dute.

Aipatu ditugun bost probak jokatu eta gero, zailtasuneko zirkuitu hori Sina Goetz eta Benjamin Bosshard suitzarrek irabazi dute. Podiumaren bigarren kutxara, berriz, Woonseon Shin eta Younggeon Lee korearrak igo dira. Marianne van der Steen herberearra eta Louna Ladevant frantziarra brontzearekin egin dira.

Bestalde, abiadura modalitatean Munduko Kopa Selengen Nyamdoo eta Mandakhbayar Chulunbatar mongoliarrentzat izan da. Zilarra eskuratu dutenak: Catalina Shirley estatubatuarra eta Mohammadreza Safdarian irandarra. Eta brontzea: Aneta Louzecka txekiarra eta Kherlen Nyamdoo mongoliarra.

Haserrea

Garai batean kirol eskaladako lehietan gertatu zen egoera bera bizi izan dute zirkuitu horretako emakumezkoek. Ekipatzaileek akats larriak izan dituzte prestatutako ibilbideetan. Kirol eskaladan, adibidez, aspaldi konpondu zen akats hori; baina izotz eskaladako aurtengo ekitaldian berriro hanka-sartzeak egin dira.

Hori, adibidez, bideoan ondo baino hobeto ikusten da. Saas Fee-ko bigarren proban izan zen. Zalantzarik ez dago hitzordu suitzar horrek ez duela inoiz hutsik egiten. Azpiegitura zirkular horretan beti egundoko giroa bizi izan da. Ikusle asko bertaratzen da eskalatzaileen norgehiagoka ikusgarriak ikustera. Eta, gainera, beti antolakuntza bikaina eskaintzen dute.

Baina hitzordu horretan neskak kexu azaldu ziren. Zailtasuneko gizonezkoen proban soilik Ladevant katera heldu zen. Aldiz, nesken kategorian bost lehiakide gai izan ziren top egitera. Sailkapenak argitzeko, eskalatzaileen denborak kontuan hartu ziren.

Van der Steen-ek honako iritzi eman zuen gai horri buruz: «Horrelako egoerak maiz gertatzen dira; hots, finaleko bidea oso erraza izaten da. Eskuarki, ekipatutako marrak zati teknikoak ditu, eta horiek emaitzetan eragina du. Katera soilik bat heltzea perfektua izango litzateke».

Marion Salmon-Thomasek ere iritzia eman du. Frantziarrak dio eztabaida hori aspalditik datorrela: «Neskon maila handitzen ari da, eta horregatik ekipatzaileek errealitate horri erantzun beharko liokete. Argi dago emakumezkoen eta gizonezkoen gorputzak oso ezberdinak direla. Horregatik uste dut gizonezkoentzat prestatzen diren mugimenduak saihestu behar direla guretzat. Beste era batera esanda, gure bideak ezin dira hain ikusgarriak eta teknikoak izan, eta jauzi eta dinamiko gutxiago izan behar dituzte».

Halere, adierazpenak egin dituzten neska guztiek ez dute uste ekipatzaileek nahita jartzen dizkietela bide samurragoak. Bide batez onartzen dute haien lana ez dela erraza: «Hori hala da, baina uste dugu gure maila gutxietsi egin dela; soilik, begirunea eskatzen dugu. Ikuskizunaren aldeko apustu sendoa egiten dute, eta hori ondo dago. Baina ikuskizuna mistoa izan daiteke! Proba amaitu bezain laster, ekipatzaileek onartu ziguten egoera horretaz jabetu zirela».