Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez
Pirritx, Porrotx eta Marimotots

«Talde honetan bagaude oraindik, euskara bultzatzen dugulako da»

20 urte dira ‘Maite Zaitut’ abestiaren eztanda jolastitik; 37 urte, sudurgorri hauek Lasarte-Oriatik Euskal Herrira eta mundura «ilargiarino eta buelta» maitasun banatzen hasi zirenetik. Orain herri omenaldi eder bat jasoko dute. Maiatzaren 3an izanen da, Barakaldoko BECen. Oraindik badira sarrerak.

Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots, NAIZekin elkarrizketan.
Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots, NAIZekin elkarrizketan. (Jon URBE | FOKU)

Ttakunenean elkartu gara Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguezekin, hau da, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin. Beren herrian, Lasarte-Orian hartu gaituzte, maitasunez eta kontu kontari. Hagitz polit oroitu dituzte beren 37 urteko ibilbideko bizipen eta pertsona aunitz, «pila-pila-pila» maite dituztenak eta beraiekin egonen direnak heldu den maiatzaren 3an, Barakaldoko BECen, patata tortillarik goxoenaren zaporeko herri omenaldi handian.

Nola bizi duzue omentzetik omenduak izatera pasatzea? Nola jaso zenuten albistea?

Aiora Zulaika: Iazko uda hasieran, lagun batzuek bildu eta asmo eder honen berri kontatu ziguten. Egia esan, gure erreakzioa negarrez hastea izan zen [barrez lehertu da].

Mertxe Rodriguez: Horren aurretik Amagoiak [Mujika, GAUR8ko editorea] deitu zigun gurekin egon nahi zuela esanez. Larunbat goizerako gelditu ginen. Ostegunean geunden, saio baten atarian, eta urduritzen hasi ginen: ai, ai, ai, zer gertatu da? Zer egin dugu? [irriz kontatzen du orain]. Pailazo jantzita, Amagoiari deitu eta eskatu genion behintzat esateko ea zeozer ona ala txarra zen.

Joxe Mari Agirretxe: Guri egindako aitortza baino, aitortza kolektibo bat da.

A. Z: Eta aldarri kolektibo bat.

M. R: Gu gaur hemen gaude bat, bi, hiru. Baina gure atzean taldekideak dauzkagu, urte hauetan guztietan izan direnak eta gaur egun direnak: Xabi Zabala musikaria, Oihana Sanchez aktorea, Izaskun Forcada koreografo eta dantzaria, Joanes Echeveste pailazoa, Garikoitz Aranzabal teknikaria...

A. Z: Eta abentura honen hastapenetan Joxe Marirekin batera hasi zirenak.

M. R: Ibilbide osoan izan ditugun bidelagunek parte hartuko dute maiatzaren 3an. Beraiekin egongo gara eta beraiei esker gaude hemen.

 

Herri bakoitzeko sudurgorri bat behintzat egotea ederra litzatekeela defendatu dute pailazoek. (Jon URBE/FOKU)

 

J. A: Hasieran Takolo, Pirrutx eta Porrotx ginen, gero Takolo Pirritx eta Porrotx bilakatu ginen, gero Pirritx eta Porrotx, gero Pirritx, Porrotx eta Marimotots... eta, egia esan, hari bat ikusten dugu gure historian. Orain dela 37 urte Lasarte-Orian Michelinek 4.000 langile zituen, hemengo herritarron gehiengoa erdalduna zen, eta haurren %80ak A ereduan ikasten zuen. Hortik eta Euskara Taldetik sortu zen beharra haur horiei euskaraz zerbait alaia eskaintzeko. Olentzero jaialdia antolatzen hasi ginen, eta pailazoz jantzi eta taldea osatu genuen. Euskara eta alaitasuna ziren gure lan egiteko motiboa...

A. Z: ... Eta lau hamarkadatan jarraitzen du izaten.

J. A: Orduan Michelinek bi komunitate sortu zituen, Euskal Herriko hainbat herritan bezala. Gerora, Euskara Taldeak eta herrigintzak lan handia egin ondoren, bi komunitate zirenak herri eder bat dira.

Horren adibidea zu zara, Mertxe.

M. R: Extremaduratik etorritako familia baten alaba naiz. Garai hartan erdaraz ikasten nuen, euskara ez nuen ezagutzen, ikastea erabaki nuen arte. Lehenengo euskaltegian, gero barnetegian, euskaraz bizitzeko hautua egin nuen arte, gustatzen zitzaidalako, iruditzen zitzaidalako hemen bizitzeko euskaraz egin behar nuela. Pailazoek lagundu didate amets hori aurrera eramaten: euskaraz bizi ahal izatea.

A. Z: Elkarrekin sortu dugu amets hori.

J. A: Eta orain dela 40 urteko egoera hura gaur egunera ekarrita, jada ez bi komunitate; mundu osotik etorri zaizkigu jatorri ezberdinetako familiak, 70 kulturak bat egiten dugu Lasarte-Orian. Erronkak biderkatu zaizkigu eta bitartekoak ere garai hartan baino handiagoak behar ditugu errealitate horri aurre egiteko baino, aukera baliatzeko eta denon artean, euskaratik abiatuta, ostadarra izango den herri bat osatzeko. Hor norberak bere lanak asumitu behar ditu. Gu kulturan aritzen gara eta kultura umoretik egiten dugu.

 

«Eskola Kultura ireki beharko litzateke herri guztietan. Arte adierazpenak haurrei hurbildu, ze hor egiten gara pertsona, eta bagara nor herrian eta munduan»



Zer eman dizuete pailazoek?

J. A: Asko. Joxe Mari Porrotxen aurretik eta Porrotxen ondoren ezberdina da, eta berdin esango nuke Mertxe eta Aiora.

M. R: Hasieran pertsonak pertsonaia sortu zuen bezala, gero pertsonaiak lagundu zion pertsonari. Pailazoz jantzita ausartzen gara edozein gauza esatera, egitera, ondokoa musukatzera, eta pertsonari, garai batean gehiago kostatzen bazitzaion, gaur egun, pertsonaiari esker, hori lortu du.

J. A: Guri kulturak hori dena eman digu: nor izatea, Euskal Herrian eta munduan, lagunartean; komunikatzea, eta beste jendarte bat osatzea. Hori kulturatik sortzen da. Horregatik da hain garrantzitsua.

‘Maite Zaitut’ zuen ereserki bihurtu da. Zer suposatu du zuentzat? Nola sortu zen?

J. A: Gure taldearen sorreran ikasten hasi ginen, besteei begira. Gero konturatu ginen eredu ere baginela, eta geuretik sortzeari ekin genion. Haurrak behatuz eta gure inguruan herritarrok bizitzen ditugunak kontuan hartuz. Hor landu izan ditugu denetariko gaiak.

M. R: Adibidez, adopzioa. Bizilagun batzuk genituen, zuhaitz genealogikoa ikasten zutenean eskolan, beren alabak ez ziren kabitzen hor. Hor egin genuen lanketa bat familia eredu desberdin inguruan.

A. Z: Hor sortu zen Familiak Milakolore. Eta hori bezala kulturartekotasuna. Maite Zaitut herri ijitoari egindako omenaldi bat izan zen.

M. R: Horregatik da runba bat.

J. A: Horren aurretik, ‘Patata Patata’ ikuskizunean herri amaziga kontuan hartu genuen, Romi pertsonaiarekin, Afrikatik hona polizoi moduan zetorren neskatxa bat. Gero, egunkarietan irakurri genuen Kale Dor Kayiko elkarteak bazeukala webgune bat eta hor euskaratik erromintxelara eta erromintxelatik euskarara bazeukala itzultzeko modu bat. Egunkarietan irakurri genuen Auñamendin ehiztari batek hartz kume bat hil zuela. Kaldereroetan nola ijitoak etortzen diren hartzarekin, hor sortu genuen Maite Zaitut ikuskizuna. Romi ijito txikia agertzen da.

A. Z: Emakume askea esan nahi du erromintxelaz.

J. A: Maite Zaitut neskatxa ijito hari egindako kanta bat da. Pentsatu genuen maitasunari kantu bat egitea...

M. R: ... Baina haurren hizkeran, pailazook erabiltzen dugun hizkera horretan, denok ulertzeko, maitasun erromantiko bat izan gabe.

J. A: Diktadura batean jaioak gara. Sentimenduak oso barruan eramaten genituen, eta Maite Zaitut izan zen eztanda jolasti bat, maitasunari eskainitako abesti alai bat. Zapalkuntza batetik gatoz eta oraindik mendeko nahi gaituzte, baina herri alaia gara, maite dugu eta hori adierazi nahi dugu. Tristuren gainetik gure aldarrikapen eta borrokak alaiak dira eta mundua halakoa nahi dugu. Maite Zaitut-ek hori badu.

Nolakoa da zuen sortze prozesua? 37 urte daramazue urtero berritzen. Nola mantentzen duzue ilusioa eta gogoa?

A. Z: Egunerokoak jartzen ditu erronkak eta erronka bakoitza izan daiteke oholtzarako gaia. Bideak erakutsi digu umoretik edozer landu daitekeela.

M. R: Mugarria ‘Eskerrik Asko’ saioa izan zen. Minbizia landu genuen, Marimototsi mototsak erori zitzaizkion. Ausartu ginen, eta oso gustura gelditu ginen.

J. A: Adi egon gara inguruan gertatzen denari eta haurrek eman digute pista. Minbizia landu genuen ospitalean haur batekin genuen harremanean jaso genuen indarrak eraman gintuelako gai hori hautatzera. Hori bezala, Aiora haurdun geratu zen, Koikili eta Lizar jaio ziren, eta Pirritxek izan zituen Pupu eta Lore.

 

«Zapalkuntza batetik gatoz eta oraindik mendeko nahi gaituzte, baina herri alaia gara, maite dugu eta hori adierazi nahi dugu. Maite Zaitut-ek hori badu»


Bide bat egin duzue pailazogintzan, eta atzetik gazte piloa dator.

J. A: Beste herrialde batzuetan ez dago halako pailazo talderik; urtebetetzeeetako pailazoak daude.

A. Z: Agian ez dute deskubritu umoretik ere zer arakatua badagoela eta nola erantzuna egunerokoak planteatzen dizkigun problematikei.

M. R: Beharra ere bada. Gure talde hau sortu zen euskararen behar batengatik. Eta gaur egun, talde honetan baldin bagaude oraindik da euskara bultzatzen dugulako.

A. Z: Sortu diren talde hauetan ikusten dugu nola bakoitzak beretik ematen dion eta bere clowna sortzen duen. Oso aberasgarria da, eta azkenean denak dira gure umeak. Pailazo direnak eta ez direnak. Pailazoak gure ume-umeak dira.

M. R: Umeak zirela gehienek pailazo izan nahi zuten eta gurekin igotzen ziren oholtzara. Koskortzen zirenean, gurekin aldatzen ziren aldagelan, atzean itxoiten zuten eta gurekin dantzatzen zituzten pare bat dantza.

A. Z: Horietako batek gaur egun oholtza partekatzen du gurekin, Pontx pailazoak.

M. R: Gaur egun bakoitza bere ikuskizuna aurrera eramaten ari da eta Pontx bezala daude Potx eta Lotx, Zapotxin, Motx, Txorroskilo, Klipa eta Txintxeta... Poz handia da beraiek ikustera joatea.

J. A: Eta gero iruditzen zaigu inportantea dela kultura oro har. Eskola Kirola bezala Eskola Kultura jarri beharko litzateke martxan herri guztietan. Arte adierazpen guztiak haurrei gerturatu behar zaizkie, hor murgildu behar dute, ze hor egiten gara pertsona, hor egiten ditugu harremanak, gure burua ezagutzen dugu, eta bagara nor herrian eta munduan. Kulturgile guztiek behar lukete erreferente izan norbere herrian eta harreman hori izan herritarrekin; hori sustatu eta planifikatu behar da, horretan inbertitu behar da, kulturak egiten gaituelako herri. Orduan, herri bakoitzean sudurgorri bat beharko genuke gutxienik. Sudurgorriak ugaritu eta umoretik, alaitasunetik herria eraiki.