«Noizean behin kexatzen gara baina ez dugu ezer egiten; beraz, zer espero dugu?»
Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak ‘Hitzaurrea’ estreinatuko dute Loraldian. Sakeleko telefonoa eta aurikularrak aldean, kaleetan barna proposatutako oinezko ibilbidea. ‘Headphone Teatre’-ren bidea hartu du konpainiak eszenako antzerkigintza lantzeko dituzten zailtasunak ikusita.

«Inoiz pentsatu al duzu nolakoa izango den etorkizuna? Are, etorkizunik izango ote den? Guk ere bai. Baina, zuk bezala, guk ere ez daukagu erantzun argirik». Hauxe ‘Hitzaurrea’ lanaren abiapuntua, Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak Loraldian estreinakoz astelehen honetan eskainiko dutena.
Bien arteko elkarlanean, Loraldiaren Sormen Digitala Bekari esker ondu dute proiektua. «Mundu birtualean biziko den eta bertan geratuko den pieza bat egiteko dirulaguntza eskaintzen du Loraldiak. Gero mundu errealera eraman daitekeena edo ez. Gure kasuan bi munduak batzen ditu», argitu du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980), Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak.
Soinu-esperientzia da ‘Hitzaurrea’. Badu digitaletik, badu analogikotik. Egunero erabiltzen duen mugikorra interneteko konexioduna eta aurikularrak, besterik ez da behar. «Etxetik hasi eta kalera eramango du esperientziak istorio eta jarraibide batzuen bidez», kontatu du. Ibilbide erreala proposatzen du kaleetan barna Loraldia festibaleko egitasmoak.
Estraineko aldiz
Martxoaren 10ean lehenengo saioa izango da. Abiapuntua, Alondegiko Atrioan. 45-60 minutuz luzatuko da esperientzia. Helduei zuzenduta dago eta gonbidapenak agortuta daude. «Lehen aldian, esperientzia honen hasiera eta bukaera jendeak elkarrekin bizi dezan nahi dugu».
Nor bere erabakien mende dagoen banakako ibilaldia da. Abentura txiki bat. Momentu batzuetan partehartzaileak erabakiko du zein gunetara jo. «Ongi etorri orainaldira. Ongi etorri etorkizunaren hitzaurrera», esanez luzatu dute gonbita.
Behin estrenatuta, martxoaren 10etik aurrera webgunearen bitartez (hitzaurrea.eus) norberak nahi duen herrian, nahi duenean goza dezake esperientziaz. «Egokituta dago Euskal Herriko edozein herritan egiteko. Buelta asmo eman dizkiogu. Herri guztietan komunean dituzten lekuak aztertu genituen: farmazia, taberna, eliza, udaletxea, zubia...», esan du.
Jolasa
Oinez gertatzen den jolasa da ‘Hitzaurrea’. Rol jokoen alorren lanean ari den Fikzio Fabrikako kideengana jo zuten Ayllon-ek eta bere lagunek, «jolas ukitua emateko lanari. Gure lanak poetikoagoak dira eta bideo jokoen esperientzia txertatu nahi genuen oraingoan». Alor teknologikoak eman dizkie buruhauste handienak. Talaios Kooperatibako kideekin ibili gara lanean. Oso zaila da, mila buruhauste izan ditugu bidean, baina lortu dugu egin nahi genuen guztia ahalik eta modurik sinpleenean eta irisgarrienean egitea».
Itxura batean biharko egunari begira dagoela dirudi proiektuak. Ez da horrela. «Badu ukitu futurista baina gure helburua ez da etorkizunari buruz hitz egitea, baizik orain aldiari buruz. Bihar gertatuko dena ez dakigu eta bihar gertatuko den hori gaur ari gara erabakitzen. Gaur hartzen ditugun erabakien araberakoa izango da biharko mundua. Horregatik esperientzia honen oinarrian daude erabakiak, ibilbidea egin ahala hartzen joan beharko duzun erabakiak».
«Mundua oso azkar doa eta gauza batzuk aldatu dira denbora laburrean, behar bada ez gara horren kontziente, baina hala da, eskura dugun teknologiaren bidez. Historian hitz egiten da cyborg-en, gizatiarrak ez diren osagaiak dituzten pertsonen, inguruan. Gu denok cyborg-ak gara egunerao aldean daramagun mugikorretatik hasita. Gero eta gehiago bizi dira gugatik. Haiek erabakitzen dute zein bide hartuko dugun, ze jatetxeetan bazkalduko dugun balorazioen arabera, edo horrelako kontuak, hausnarketarako bide ematen dutenak. Momentuz kanpoan daramagu mugikorra baina txip bat sartuko digute segur aski eskuan eta hori izango da mugikorra. Hala ere, ez da alde handirik izango gaur egunekoarekin», gaineratu du.
‘Headphone Teatre’
Aurrez ere audio bidez murgiltze esperientziak landu dituen konpainia da Piszifaktoria Ideien Laborategia. «Gero eta gehiago interesatzen zaigu formula hori. Antzerkiak Headphone Teatre izenekoa egiten dugu. Ohartu behar gara mundua ze azkar doan, zertara ohituta dagoen. Tramankulu teknologikoz inguratuta bizi gara eta interesgarria iruditzen zaigu antzerkira ekartzea, lengoaia eta modu berriekin. Eta publikoa beste toki batean kokatzea. Urte luzez ikusle hutsa izan da eta gero eta interesgarria iruditzen zaigu hori bakarrik ez ematea eta erdigunean kokatzea hausnarketa sakonagoak egiteko aukera emango diolako. Kasu honetan publikoa bera da istorioa osatuko duena. Zure ibilbidea zuk aukeratuko duzu eta istorio zabal horren parte batzuk bakarrik ikusiko dituzu eta zuretzako eta zuk egindako esperientzia biziko duzu. Eta konbinatzea mundu fisikoarekin».
Antzerki tradizionalaren zirkuituan muturra sartzea ez da erraza. Hala dio Ayllonek. «Dagoen zirkuitua dago, dauden konpainiak, eta dauden ohiturak. Horrez gain, saiatzen gara eszenatokitik kanpo ere zerbait gerta dadin eta antzokietan zaila da. Dena dira arazoak, ematen du molestatzen duzula. Antzokien eredua zaharkituta geratzen ari zaigu denoi, antzerkia egiteko beste moduak badaude, eta etorriko dira. Eta zaila da orain arteko ereduan enkajatzea, ez gara eroso sentitzen».
Akziorik ez
Antzerki sektoreari erreparatuz, honakoa dio: «Noizean behin kexatzen gara baina ez dugu ezer egiten; beraz, zer espero dugu? Ez dakit zeinek hartu behar duen inizitiaba... Kultura orohar ondoratzen ari zaigu, pentsamendu bakarra bultzatu nahi da. Prekarietatea ere izugarria dago sektore honetan, eta agian pixka bat mugitzen bazara agian bihar ez duzu jango. Dena da oso konplikatua. Argi eta garbi, erakunde publikoek badute ardura eta zerbait egin beharra. Artista dago katearen katebegi ahulenean. Jateko dirua gogoan etengabe, oso gogorra da. Eta kultura oso oinarrizkoa iruditzen zait, are gehiago datorkigun mundua ikusita. Galtzen badugu trintxera hau ez dakit zer geratuko zaigun datorkigunari aurre egiteko».
Gero eta ikuskizun «sinpleagoak» programatzen dira bere esanetan. Bilboko Alondegian gertatu dena jarri du mahai gainean. «La Caixari areto bat eman diote. Kudeatzaileei esaten zieten erakusketa errazagoak antolatu behar zituztela jendeak ez zituelako ulertzen. Hori barbaridadea da. Bukatuko dugu pentsamendu oso sinpleko lanak ikusten. Botereak hori nahi du, pentsa dezagun ahalik eta sakontasun gutxiagorekin, izan dadila dena su artifizialak. Galtzen ari gara giharra oso azkar. Bapatean konturatuko gara dena joan dela pikutara. Bankuek antolatutako erakusketak bakarrik izango ditugu. Edo Guggenheim-ak. Jaurlaritzako inporta zaion bakarra da turistak erakartzea», egin du gogoeta.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Fallece Gloria Rekarte, a quien han dado el último adiós en Iruñea

Gernika recuerda el «atroz» bombardeo de 1937 e insta a Italia a admitir su responsabilidad
