
Alberdania sortu eta urtebetera argitaratu zen Joxean Sagastizabalen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ eleberria, 1994ko apirilean. Juan Martin donostiarra, euskaldunberria, Alkizara doa udan euskara hobetzera, eta Hernialdeko baserri batean du bizitokia. Kalekumea arrotz sentitzen da bertako «indigenen» artean, eta euskara swahiliaren antzekoa iruditzen zaio. Sagastizabalek umore handiz kontatzen ditu Juan Martinen bizipenak eta pasadizoak, berak 1976an Hernialdeko baserri batean bizi izandakoak gogoan.
Liburuak arrakasta handia izan zuen eta ehun mila aletik gora saldu dira dagoeneko. 32 urte igarota, berriro argitaratu du Alberdaniak, azala berrituta –Jokin Mitxelenak egin du– eta edukian ere aldaketa batzuk eginda.
Hitzaurrea egin duen Inazio Mujika Iraola editorea, Joxerra Gartzia –«ziri sartzaile edo Pepito Grillorena egiten», berak aitortu bezala– eta Joxean Sagastizabal bera izan dira edizio berriaren aurkezpenean, astelehen honetan Donostian.
Mujikak 1993ra atzera egin du ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’-en jaiotza nola izan zen azaltzeko. Gogoratu du Sagastizabal joan zitzaiela Alberdaniara «folio batzuekin». Garai hartan ez zen umorezko literaturarik egiten, eta hasieran mesifdantzaz hartu zuten Sagastizabalen eskuizkribua. Alberdania «literarioagoa» zen, «eskisitoagoa», eta garai hartan argitaletxeek testu liburuetara jotzen zuten gehiago; horregatik, erantzuna atzeratu egin zen. Hala ere, eleberriak eragin zizkien barre algarak bultzatuta eta Joxerra Gartziaren «aitapontekotzarekin», argitaratzea erabaki zuten. «Bi lerroz behin algaraka hasten nintzen, joan nintzen haiengana eta esan nien, ‘hau nola ez duzue publikatuko’», kontatu du Gartziak.
Mujikaren orduko iragarpena izan zen «hau ez da hurrengo Nobel Saria izango, baina lehen argitalpena agortu egingo dugu», kontatu du. Eta hala izan zen. Dagoeneko 49. argitalpena dute eta ehun mila aletik gora salduta.
«Sekretu» pare bat ere kontatu dituzte agerraldian: Hasiera batean beste izenburu bat zuela liburuak –‘Ulises, Penelope eta euskaldunak’–, eta lehen mila aleak azalean akats batekin argitaratu zirela –sardea falta zen–, eta hala ere saldu egin ziren.
Alberdaniak ez zuen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. Izan ere, garai hartan, eta Sagastizabalen beraren hitzak aipatuta Joxerra Gartziak deskribatu duenez, «euskal literatura zen tristeen baratzea eta psikopaten belazea. Eta Joxean ito egiten zen eta nahiago zuen beste umore bat egitea».
«Gihar bat ikutu zuen»
Orduan, zein izan zen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’-en arrakastaren giltza?
«Gihar bat ikutu zuen, euskaldun askoren esperientzia ikutu zuen, jende askok bizi izandakoa, baserrira joan, pentsatu euskara asko dakiela eta ezer ulertu ez. Kalekume bat baserrian psikologia kurtso azeleratu bat egiten».
Arrakastaren bigarren gakoa egoera hori tratatzeko modua izan zen, umorearekin, Mujikaren esanetan.
Joxerra Gartzia bat etorri da eta «askorena zen bizipena sublimatzen» asmatu zuela nabarmendu du. Eta horrekin batera, euskal literaturaren eremu «berez triste hartara ekarri zuela bestelako erreferentzia moderno eta alternatiboagoa, naturaltasunez».
Gaur egunera etorrita, egun ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ irakurriko duen gazte batek ere «ondo» pasatuko duela esan du Mujikak, eta egoera «erraz» ulertuko duela, «urbanita bat baserri batean» talka. 16-18-20 urtekoak animatu ditu, beraz, irakurtzera.
Santa Gertrudisen mirariak
Sagastizabalek liburuan Juan Martinek aipatzen duen «Santa Gertrudis Magnaren mirariak» zerrendatu ditu, santu horren «oso debotoa» omen delako. «Mirari bat eskatu nion, lehen mila ale akastunak saldu zitezela, baina nonbait ez zidan ulertu ondo. Liburuak jarraitu zuen saltzen argiaren abiaduran, alegia 300.000 ale segunduko, eta ‘gauzak’ hasi ziren gertatzen: Aurten Bai fundazioak atera zuen CD bat jolas interaktiboekin, gero etorri ziren antzerkia, pelikula, telebistako seriea, musikala eta Max saria..., eta hilaren 14an Alkiza eta Hernialde arteko ‘Kutsidazu’ bidea izendatuko dute ofizialki’», kontatu du umorez.
Bukatzeko, idazleak bereziki aipatu nahi izan du 1976ko uztailean Hernialden familia batek egin zuena eta «gaur egun hainbat tokitan batere modan ez dagoena»: «Ezezagun bati etxeko atea ireki zioten, Joxean izeneko gazte erabat ezezagun bati baserriko atea ireki zioten, eta pertsona maitekor eta maitagarri horiek beti egongo dira fisika kuantikoaren arabera segundu berean bi tokitan, dauden tokian eta nere bihotzean».
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Trabajadores de Bridgestone denuncian su situación en el Parlamento Europeo

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»
