
Donostiako EH Bilduren udal taldeak prentsaurrekoa eman du Kaiko pasealekuko 7. eta 8. atarietako bizilagunekin batera, babesa adierazi eta duela bi hamarkadatik bizi duten «egoera kaskarra» agerian uzteko. Iragarri duenez, datorren asteleheneko Lurraldearen Garapen eta Plangintza Batzordean aurkeztuko duten interpelazio baten bidez, Hirigintza Jasangarriaren eta Etxebizitzaren delegatuari eskatuko diote «argitu ditzala EAJ-PSEren Udal Gobernu honek Parte Zaharreko eta Portuko Plan Berezia kaxoi batean izatearen arrazoiak, justuki, Plan hori denean hondatuta dauden etxebizitzetan eskua hartu eta zaharberritu ahal izateko giltza.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, 2015eko urtarrilean, duela hamar urte baino gehiago, Udalak behin betiko onartu zuen, Burutaran bera Hirigintza departamentuaren buru zelarik, Alde Zaharra eta Portua Birgaitzeko Plan Bereziaren aldaketa CE.02 Portuko AUko A.10/30/31/32 lursailetan, zehazki aipatu eraikinei eraginez. Onarpena 2015eko otsailaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Garai hartan, proposatutako antolamenduaren irizpide eta helburuen artean, honako hau adierazi zen: «Lehendik zegoen eraikin bati irtenbidea ematea, aurriaren ertzean, harresiari atxikita eta irisgarritasun-arazo nabariekin, bai eta okupatzaileak etxebizitza berrietan birkokatzea ere, arkitektura-oztoporik gabe eta bizigarritasun-baldintza egokietan».
«Agerikoa da 10 urte igaro diren honetan, Kaiko pasealekuko 7. eta 8. zenbakietan dauden bi bizitegi-eraikinen baldintzak larriagotu egin direla, eta, ondorioz, guztiz bideraezina dela familiek eraikin horietan duintasunez bizitzen jarraitzea. Egoera bidegabeetan bizi dira, bizigarritasun-baldintza oinarrizkoenak ez dituztelako», azaldu du Burutaranek, eta ohartarazi du, gainera, «beste leku batean ostatu ematea beranduegi datorrela garai batean etxebizitzetan bizi ziren pertsona batzuentzat». «Gure ustez, behin betiko konponbideak ez du atzerapenik onartzen, eta ahalik eta azkarren jardun behar du, egoera tamalgarria egun bat gehiago luza ez dadin», gaineratu du.
Urte askotako atzerapena
Parte Zaharra eta Kaia, Monumentu-multzo kategoriarekin, kultura-ondasun gisa kalifikatzeko espedienteari hasiera eman zitzaionez, lizentzia berriak ematea bertan behera geratu zen. Burutaranek adierazi duenez, horretarako, aldez aurretik Udalak Parte Zaharreko eta Portuko Plan Berezia onartu behar du; eta EH Bildutik «premiazkotzat jotzen dugu oraindik ez egin izanaren arrazoiak argitzea».
Zinegotziaren hitzetan, aipatutako Plan Bereziaren onarpenak atzerapen handia izan du, «gehiegizkoa eta begibistakoa», izan ere monumentu-multzoaren izendapena 68/2019 dekretu bidez onartu zen, urte bereko apirilaren 16an. EH Bilduren esanetan, «atzerapen horrek bereziki larriagotzen du aipatutako etxebizitzetako jabeen eta egoiliarren egoera. Eta ulergaitza da, jakin badakigulako, Hirigintzako ordezkariak lehenago eta zuzenean lehen pertsonan entzun dituela kaltetuen ahoetatik gaur salatzen ari garen kasuak. Baina honek ez du eraginik izan».
Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuak honako galderei erantzun beharko die EH Bilduren interpelazioari erantzunez: «Zergatik ez dira oraindik onartu Parte Zaharreko eta Portuko Plan Berezia? Zergatik ez dira bete plana onartzeko ‘iragarritako’ data guztiak? Zein fasetan dago plana? EAE-ko Justizia Auzitegi Nagusiak 44/2022 ebazpena igorri zuen 2022ko urtarrilaren 31n. Epai horrek babes morfologikoko zerrendatik kanpo utzi zituen Kaiko pasealekuko 7. eta 8. bizitegi-eraikinak. Epai horren ondoren, zer aurreikuspen aurreikusten ditu Plan Bereziak bi eraikinei dagokienez? Noiz bildu zarete azkenekoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin Parte Zaharreko eta Portuko Plan Bereziaren onarpenari dagokionez? Zer emaitza lortu duzue?Aurreikusita al dute behin-behineko neurririk hartzea bizitegi-eraikin horietan bizi direnen egoerari dagokionez?».

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urte preso izan eta gero

Graban el tremendo impacto de un rayo en las antenas de Zikuñaga de Hernani antes del amanecer

Maite Nosti, parlamentaria de Vox, deja el partido y provoca la disolución de la Agrupación

La dirección del Colegio Público de Gares comunica a las familias que abandona el PAI
