Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Errastiko Eskola, Legazpiko Udala, Josebe Lizeaga eta Manuel Odria, Landaola Sarien irabazleak

Landaola Sariak banatu dituzte Zumarragan. Erakunde pribatuen atalean, Errastiko Eskola izan da irabazlea, eta publikoen artean, Legazpiko Udala, Arrobi egitasmoagatik. Trebatu elkarteak aipamen berezia jaso du; Josebe Lizeagak, landako emakumeen saria; eta Manuel Odriak, urteetako ibilbidearena.

Landaola Sarien zortzigarren edizioko irabazleen familia argazkia.
Landaola Sarien zortzigarren edizioko irabazleen familia argazkia. (LANDAOLA FEDERAZIOA)

Landaola Sarien zortzigarren edizioak baditu garaileak. Errastiko Eskola gailendu da erakunde pribatuen artean, Naiara Uriarte eta Xabi Abasoloren proiektu pedagogikoa, Arrasateko Bedoña auzoan kokatua. Erakunde publikoen arloan, berriz, Legazpiko Udalak eraman du saria, Arrobi egitasmoagatik. Erabilera tradizionalak ondare naturalaren kontserbazioarekin uztartzen ditu honek.

Naiara Uriarte eta Xabi Abasolo, Errastiko Eskolakoak, saria jasotzen. (LANDAOLA FEDERAZIOA)

Aurten, lehen aldiz, aipamen berezi bat egin du Gipuzkoako Landaola Federazioak, eta Trebatu elkartea izan du gogoan.

Landa eremuko emakumeen saria Josebe Lizeagarentzat izan da; urteetako ibilbidearena, aldiz, Manuel Odriarentzat.

Josebe Lizeaga, pozarren, sariarekin. (LANDAOLA FEDERAZIOA)

Manuel Odria, saria jasotzen. (LANDAOLA FEDERAZIOA)

Irabazle guztien familia argazkiarekin eman diote amaiera ostiral honetan, Zumarragako Azokan, egin duten ekitaldiari. Zorionak guztiei!

Landa eremu eta lehen sektore bizi baten alde lan egiten du federazioak, eta landa garapen proiektuak aitortu eta bultzatzeko asmoz antolatu ditu sariak zortzigarrenez.

Legazpiko Arrobi proiektua

Hainbat eragilerekin elkarlanean, Arrobi onura publikoko mendiko lur sailak berreskuratzeko proiektua jarri du martxan Legazpiko Udalak. Helburu nagusia da Arrobiko habitatak babestea eta abeltzaintza tradizionalarekin uztartzea, naturaren eta landa-jardueren arteko oreka bilatuz. Horretarako, ameztien azalera handitzea, larren eta basoen osasuna hobetzea, espezie mehatxatuak babestea eta zohikaztegiak berreskuratzea dira lan ildo nagusiak.

Ganadu karga egokituz, larreak modu jasangarrian erabiltzearen alde egiten du.

Legazpiko Udalaren Arrobi proiektua izan da irabazlea erakunde publikoen artean. (LANDAOLA FEDERAZIOA)

Ekimenak adostasuna eta elkarlana ditu oinarri, abeltzaintza eta ingurumenaren zaintza batuz. Horrez gain, proiektuak eredu izan nahi du, etorkizunean beste babesgune batzuetan ere aplikatzeko.

Gainerako hautagaiak

Erakunde pribatuen atalean, sei hautagai zeuden: Henase, Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartea; Goxart Obradorea, Leire Egaña eta Aitor Ruizena; Erro Gaztaren ibilbidea; Argaia Goena; Amalda Biobotanika, Aiora Urbietarena; eta irabazlea izan den Errastiko Eskola.

Erakunde publikoen artean ere sei ziren hautagaiak, sei udal: Oiartzun, Oñati, Eibar, Berastegi, Azkoitia eta garaile izan dena, Legazpiko Udala.