Garai batean kirol eskaladan bikain moldatzen zena boulderrean kosta egiten zitzaion maila gorenera heltzea. Eta alderantziz. Bi modalitateak eskaladaren barruan daude, baina ezaugarri ezberdinak dituzte eta horrek nolabaiteko muga bat markatzen du. Baina estatistikekin eta beste kontu batzuekin maiz gertatzen den bezala, errealitate horiek aldatzen dira. Edo hobeto esanda, protagonistek irauli egiten dituzte.
Orain dela gutxira arte, horietako bi fenomenok agertoki berrian beren buruak kokatu zituzten. Jakob Schuberti eta Sean Baley-ri buruz ari gatzaizkizue. Austriarra eta estatubatuarra altxor berezi baten jabe egin ziren. Kirol eskaladan 9b+ eta boulderrean 9a zituzten munduko eskalatzaile bakarrak ziren.
Austriarrari dagokionez, ‘Perfecto Mundo’ (9b+, Margalef) da sokarekin duen «izenburu» nagusia. Halere, ezin dugu ahantzi Flatangerreko ‘B.I.G.’-ekin 9c mailako proposamena egin zuela. Blokean, berriz, ‘Alphane’ (9a, Chironico).
Bestalde, aurreratu behar dugu estatubatuarrak ez duela austriarraren aura, baina azken urteotan erakutsi du bi diziplinetan lehen lerroan dagoela. Duela lau urte, zur eta lur utzi zigun Ceuseko ‘Bibliographie’ (9b+) kateatu zuenean. Ordura arte, 9a mailan eta bere ingurumarian zegoen, eta hortik (ez zuen 9b mailakorik) salto ikaragarria egin zuen aipatu dugun bide horrekin.
Boulderra aipatzen badugu, lasai asko baiezta genezake espezialista handia dela. Muturreko makina bat bloke ditu, horien artean bi 9a zailtasunekoak: ‘Shaolin’ (red Rock) eta ‘Alphane’.
Beste bi
Taldera batu den hirugarrena Bosi izan da. Eskoziarraren DNAn boulderrak beti izan du berezko lekua. Curriculum itzela du, eta lasai asko esan daiteke egungo espezialista sasoikoenetarikoa dela. Denera, 9a mailako lau ditu: ‘Alphane’, ‘Burden of dreams’ (Lappnor), ‘Return of the Sleepwalker’ (Red Rock) eta ‘Spots of time’ (Lack District).
Baina Bosik argi eta garbi utzi du sokarekin ez dela «hankamotza». Bederatzigarren esfera ondo baino hobeto sendotua zuenez, duela hilabete eta erdi Arcoko ‘Excalibur’ (9b+) sinatu zuen. Hain zuzen ere, bide horren lehen errepikapena izan zen.
Eta gezurra badirudi ere, laugarren eta azken protagonista Ondra dugu. Txekiarrari buruz ezer gutxi gehitu dezakegu; irakurleek dakitenez, kirol eskaladaren historian urrezko pasarteak idatzi ditu. Muturreko zailtasunean sokarekin oinarri handiena duen eskalatzailea dugu. 9b+ mailako lau bide igotzeaz gain, Ondra da munduko lehen 9c egin zuena: Flatangerreko ‘Silence’.
Baina joan den otsailera arte, boulderrean ez zuen 9a «zapaldu». 2011. urtean, ‘Terranova’-ren (Holstejn) lehen igoerarekin egin zen, eta harentzat 8c+ proposatu zuen. Probatu dutenek (besteak beste, Bosik berak) diote lasai asko 9a izan daitekeela. Bada, arantza hori kendu eta talde selektibo horretan sartzeko duela aste batzuk Fontainebleaun (ikus bideoa) ‘Soudain seul’-en hirugarren errepikapena egin zuen.

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urte preso izan eta gero

Graban el tremendo impacto de un rayo en las antenas de Zikuñaga de Hernani antes del amanecer

Maite Nosti, parlamentaria de Vox, deja el partido y provoca la disolución de la Agrupación

La dirección del Colegio Público de Gares comunica a las familias que abandona el PAI
