Artola eta Mariezkurrena Binakako Txapelketaren finalean izango dira

Alegiako aurrelariak eta Berriozarreko atzelariak garaipen erosoa sinatu dute modu traketsean aritu diren Peña eta Albisuren kontra: 22-10. Bigarren bikote finalista igandean ezagutuko dugu: Ezkurdia-Rezusta edo Laso-Iztueta.

Artola eta Mariezkurrenaren arteko besarkada, finalerako txartela ziurtatu ostean.
Artola eta Mariezkurrenaren arteko besarkada, finalerako txartela ziurtatu ostean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak aise menderatu dituzte Peña II.a eta Albisu Iruñeko Labrit pilotalekuan (22-10), eta garaipen horri esker zuzenean sailkatu dira Binakako Txapelketaren final handia jokatzeko. Martxoaren 29an Nafarroa Arenan izango dituzten aurkariak igande honetan erabakiko dira Donostiako Atano III.a frontoian: Ezkurdia-Rezusta edo Laso-Iztueta.

Artolak eta Mariezkurrenak etxeko lanak gaur bertan eginda utzi nahi zituzten. Bazekiten garaipen batek finalerako sailkapena ematen ziela beste ezeri itxaron gabe, eta hasieratik oso serio aritu dira. Peñak eta Albisuk, aldiz, lan zailagoak zituzten txartela eskuratzeko. Eta partidaren lehen zatian agian nabaritu egin da, neurketari heltzeko modua oso desberdina izan baita.

Urdinek oso galtzaile ekin diote demari eta beraiek galdutako hiru pilotari esker 4-0 aurreratu dira gorriak. Hurrengo tantoa gogorragoa suertatu da, Labriteko giroa berotzen hasi da, eta Mariezkurrenak galdutako pilota batek eman die lehen tantoa urdinei. Baina ez da erreakziorik iritsi eta instant batean Artolak eta Mariezkurrenak beste zortzi tanto kateatu dituzte lehen atsedenaldi luzera 12-1 aurretik iristeko.

Pilota gosez zeuden zaleentzat ustekabe handia izan da norgehiagoka hasiera hori, eta txisturen bat ere entzun da. Peñak eta Albisuk eskuak ongi ote zituzten zalantza ere geratu da une batzuetan, nahiz eta partida amaieran ez duten alde horretatik aitzakiarik ipini. Egia da Jon Mariezkurrenak asko zigortu dituela aurkariak bere pilotakada indartsuekin, baina erresistentzia gehixeago espero zen aurkarien partetik.

Erreakzio txiki bat

Atsedenalditik bueltan jokoa apur bat orekatu egin da, eta urdinek markagailuan zertxobait hurbiltzea lortu dute. Jon Ander Peñaren unerik onenak iritsi dira. Bere pilotarekin gehiago sartu da jokoan eta hiruzpalau tanto on sinatu ditu. 12-2koa horma-bikoz, 12-4koa sakez, 13-5ekoa eta 13-6koa txokoan utzita... Mariezkurrenak galdutako pilota batekin 13-7 jarri dira.

Baina hortxe amaitu da gipuzkoarren ametsa. Peñak bigarren botean eramandako pilota batekin berreskuratu dute sakea gorriek eta, beraien gustoko pilotarekin, jokoaren balantza berriz ere beren aldera erortzen hasi da.

Luzimendurako eta gozamenerako tartea izan dute azken txanpa horretan Artolak eta Mariezkurrenak, bientzat Binakako lehen finalerako txartela lasai-lasai dastatzeko. Azken 22-10ekoarekin pozez zoratzen amaitu dute irabazleek; ez hainbeste triste antzean bukatu duten galtzaileek eta ikuskizun gehixeago espero zuten zaleek.

«Oso pozik»

«Ikusita zer pilotari eta zer bikote zeuden txapelketan, finalean sartzea poztekoa da. Jokatu nuen lehen urtean Albisurekin finalerdietan sartzeko aukera izan nuen, eta orduan pentsatu nuen berriz ere etorriko zirela aukera gehiago, baina denborarekin konturatzen zara zein zaila den hemen egotea. Gauza askok tokatu behar dute parean: bikote ona egokitzea, norberak bere maila ematea, zortea lesioekin...», aitortu du Iñaki Artolak partida amaieran.

Jon Mariezkurrena ere oso pozik agertu da lortutako sailkapenarekin: «Pisu handi bat kendu dut gainetik. Nire lehen txapelketa Iñakirekin jokatu nuen eta tanto bakarrengatik geratu ginen finalerdietatik kanpo. Baina harreman oso ona egin genuen eta orain berekin finalera sailkatzea oso berezia da. Ongi iritsi gara azken aste hauetara eta ea finalean ere maila ona ematen dugun».

FITXA

Pilotakadak: 455. Partidaren iraupena: 51 minutu eta 53 segundo. Markagailua: 4-0, 4-1, 12-1, 12-4, 13-4, 13-7, 20-7, 20-8, 21-8, 21-10 eta 22-10. Egindakoak: 8 Artolak, 4 Mariezkurrena II.ak, 4 Peña II.ak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 5 Mariezkurrena II.ak, 4 Peña II.ak eta 6 Albisuk. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua beteta finalerdietako ligaxkaren azken jardunaldian. Aurreneko sakea, urdin.