Lurkoi, zaintza ardatz duen etxebizitza kolaboratiboa Elortzan
Arabako Mendialdeko bazter eder batean, lagun artean bizitzeko eta zaintza ondo kontuan duen proiektu bat abiatu zuten duela urtebete. Zahartzaroari ez ezik, egunerokoari ere begirakoa. Etxebizitza kolaboratiboko zenbait esperientzia abiatu dira azken urteetan Euskal Herrian.

Cohousing ere esaten zaio, Lurkoi proiektua abiatu dutenek ingelesezko izendapen hori oso gogoko ez duten arren; etxebizitza kolaboratiboa esatea nahiago dute. Hainbat esperientzia antzeko daude Europan, eta, berrikiago, Euskal Herrian bakan batzuk abian dira.
Bizikidetza proiektua da oroz gain. Helburua, beraz, elkarrekin bizitzea, baina zaintza ondo kontuan izanda. «Guk oso argi daukagu zahar egoitzen negozio horrekin ez dugula ezer nahi, gure zahartzaroa geuk kudeatu nahi dugu, lagunekin, elkar zainduz zahartu», dio Patxi Bezaresek, proiektuaren sortzaileetako batek.
Beste helburu bat bakardadeari aurre egitea dute. «Bakardadea oso gogorra da, batez ere zahartzaroan, nahiz eta batzuetan komenigarria den, baina nahi denean. Gure jendartean, jendez betetako hiri batean bakardadea ohikoa da».
Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, oso pozik daude. Orain arteko bidea ez da erraza izan, ordea. Duela 20 bat urte lagun batzuk, tartean Jose Mari Arbina eta Patxi Bezares, etxebizitza kolaboratiboaz hitz egiten hasi zirenean, zenbait erreferentzia bazituzten, baina proiektuari zentzu propioa eman nahi zioten. Hala ere, denborak aurrera egin zuen eta ideia hura «tiraderan gordeta» geratu zen. Ahaztuta ez, ordea.
Pandemia baino lehentxeago, Patxik jakin zuen Arabako Mendialdeko herrixka batean, Elortzan (Arraia-Maeztu), basetxe eskola izandako etxalde bat salgai zegoela; duela zenbait urte arte hezkuntza eta aisialdi jarduerak egiten ziren bertan. Lagunei horren berri eman zien, aspaldiko ideia berreskuratzeko aukera izan baitzitekeen. Hiru urtez proiektuaren inguruan hitz egiten eta partaideen zerrenda osatzen jardun zuten, talde homogeneo bat lortu arte. Sei gizonezkok eta lau emakumezkok osatzen duten taldea, eta urtebete honetan hiru bikote sortu dira euren artean.
Erabilera lagapena
Proiektua aurrera ateratzeko lehen pausoa kooperatiba bat sortzea izan zen, etxebizitza kooperatiba. Estatutuak idatzi eta baimena lortu zuten. Behin pertsona juridikoa izanda, 2023an eman zuten hurrengo pausoa, erostea, hain zuzen. Horretarako, diru kantitate bat jarri zuten kontu korronte batean, kooperatiba bezala hipoteka bat eskatzeko, kontuan izanda hau ez dela ohiko kooperatiba, irabazi asmorik gabekoa baizik.
Finantzaketa atala gogorra izan zela dio Patxik, eta baietz egin du Jose Marik buruaz: «Lehenengo oztopo handia bankuak izan ziren. Proiektu ezezaguna zela eurentzat, eta interesak ordaintzea ezinezkoa zitzaigun». Azkenean, zorionez, Fiare Banka Etikora jo eta baldintza onak eskaini zizkien. 30 urterako hipoteka bat egin zien, erabilera eskubidearekin, bazkide bakoitzak kuota bat jarriz ordaintzen dutena. «Gure adinarekin, 30 urterako hipoteka bat, besteek ez dizute inola ere ematen». Etxebizitza kolaboratiboko proiektu gehiago finantzatu ditu Fiarek.
Lurkoi, beraz, erabilera lagapeneko etxebizita kolaboratiboko kooperatiba da: «Hau ez da gurea, kooperatibak erosi zuen; guk erabilera eskubidea daukagu eta ezin dugu honekin espekulatu». Izan ere, bazkideek ezin dute beren lekua saldu. Haietako batek joatea erabakitzen badu, jarri duen dirua emango dio kooperatibak, eta haren ordez beste bat sartuko balitz, kopuru hori jarriko luke, besteek jarri duten berbera, hain zuzen.
Leku pribatuak eta komunitarioak dituzte Lurkoin: «Gure kasuan, logela dugu leku pribatua, logela bana, baina ez da jabetza; edo, nahi baduzu, jabetza kolektiboa da», eta hala behar denean, gelen erabilera permutatu egiten da. Leku komunitarioa jantokia, sukaldea eta larre handia dira; oiloak, ahateak eta beste animalia batzuk eta ortua ere badauzkate, eta laster seguru asko ardi bi eramango dituzte. Nolanahi ere, «gure proiektua ez da hemen bizitzea bakarrik, baizik eta herriko jendearekin harremanetan izan eta hainbat gauza planifikatzea ere bai».
Orain Administrazioa lege bat egiten ari dela diote, «oso motel; jakina, hau kontu berria baita, baina badirudi gauzak mugitzen hasi direla». Lanak izan dituzte proiektua aurrera ateratzeko, batez ere alderdi ekonomikoari dagokionez: «Foru arauak ez ditu erabilera lagapeneko kooperatibak aintzat hartzen, eta Ondare Eskualdaketen gaineko zerga ordaindu behar izan dugu; nolabait baztertuta sentitu gara. Bizkaian eta Gipuzkoan honelako kooperatibak onartu dituzte, baina Araba desberdina dela esan dute, eta kito», kontatu du Patxik. Alde batetik, ulertzen dute ezin dela agertzen den lehenengoari zer antolatu nahi duen galdetu eta diru publikoa eman, «baina gutxienez aztertu dezatela eta, gero, behar diren baldintzak jarri».

Antolaketa
Hamar logela dituzte bi etxetan, batean lau, oso handiak, eta bestean sei, ez horren handiak, eta gela aldatzeko konpromisoa daukate, behar izanez gero. Esate baterako, mendekotasun kasu batean, behar bezalako zaintza eskaini ahal izateko gela aproposenera aldatzeko. Baita, jakina, zaintza horretan denek parte hartzeko konpromisoa ere, eta hala beharko balitz, langile espezializatu batekin.
Urte bat eta hiru hilabete daramate Elortzan, eta esperientzia «izugarria» izan dela diote. Alde batetik, Patxiren ustez, «ez da erraza herri batera joatea. Heldua zarenean, ardura zaizu inguruan osasun zentrorik dagoen, medikua hurbil dagoen... Eta nik uste dut horrelako proiektuetan gabiltzanok ere administrazioari eskatu behar dizkiogula zerbitzu horiek». Mendialdean, esate baterako, pixka bat baztertuta daudela iruditzen zaie, eta euren proiektua eta horren antzekoak lagungarriak izan daitezkeela uste dute, inguru horietako zerbitzuak hobetzeko. Beste alde batetik, ordea, «hemen sozializatu egiten duzu, askoz errazagoa da herri batean bizitzea hirian baino».
Egunerokoa kudeatzeko, zenbait batzorde sortu dituzte: ortua gobernatzeko, mantentze lanetarako, euren arteko harremanak zaintzeko, sukaldeaz eta elikaduraz arduratzeko... Elikadura batzordea jatekoa erosteaz arduratzen da; eskuarki, gauza asko handizka, eta beti eskualdeko ekoizleei, «oso inportantea baita ekologikoa eta 0 kilometrokoa izatea».
Nork bere zeregina dauka, eta helburua da aktiboki eta denak ahalik ondoen bizitzea. «Ez gara hona besterik gabe zahartzera etorri», diote. Batzorde horiek hilean behin biltzen dira, arazo eta zalantza guztiak jakinarazi eta konponbideak bilatzeko; eta betiere asanblea orokorrak dauka azken hitza.
Urtebete pasatxo daramate hor, eta oraindik «lur hartzen» ari dira. «Txarrena da astegunetan ez garela denok egoten», dio Jose Marik. Kontuan izan beharra dago erretiroa hartuta ez daudenek, erdiek, herritik kanpo lan egin behar dutela.
Etorkizuna
Badira cohousing proiektu batzuk adin tarte bat xedatzen dutenak; Lurkoi, beste horiek ez bezala, belaunaldiartekoa da. Zaharrenak 82 urte ditu; gazteenak, 57. Proiektu honen helburua ez da jendea zahartzera etortzea; beren ondoren ere jarrai dezaten nahi lukete. «Horretarako jende berria eta gaztea behar da, eta herrian ere gazte jendea behar da». Momentu honetan kide kopurua beteta dago, printzipioz; hala ere, badute interesatuta dauden lagun batzuen zerrenda txiki bat, eta haiekin harremanetan daude.
Diotenez, bertan bizitzearen abantailetako bat da bizimodua kontziliatzea askoz errazagoa dela hirian baino; euren proiektuaren ardatza zaintza da, baina ez zahartzarorako soilik: «Azken batean, gu familia handi bat gara. Eman dezagun bikote bat datorrela, alaba batekin, eta biek lan egiten dutela; seme-alabekiko ardura hartzeko denok gaude. Horretarako aproposa da, ezta?».
Eskualdeko bizilagunak, pozik
Diotenez, Elortzako bizilagunek estimatu egin dute lurkoitarrak hara joan izana. Herriak biztanle oso gutxi ditu, eta ulertzekoa da haien poza, horrelako herrietako despopulazioa kontuan izanda. Hori ere kontuan izan zuten proiektuaz hitz egiten hasi zirenean, Arabako hainbat herri txiki hutsik edo erdi hutsik baitaude eta horrelako proiektuak haietan garatzeko aproposak baitira.
Elortzako herritarrekin ez ezik, ingurukoekin ere harreman ona izan dute hasiera-hasieratik. Izan ere, ongietorri ederra egin zieten. Martxoaren 8an, eskualdeko emakumeek Lurkoin bazkari bat egiteko lekua eskatu zieten, eta hori ez da bertan antolatu den lehen herri bazkari edo festa. «Hemengo jendea antolatuta dago», dio Patxik, «mekanismo ikaragarriak dituzte, asko mugitzen dira, borroka feminista dela-eta, euskararen alde... Zerbaitetarako leku falta badute, badakite hau daukatela. Gure basetxe hau zabalik dago herriarentzat».
Lurkoitar gehienak arabarrak dira, baina nafar bat eta gipuzkoar bat ere badaude, eta kidetasun ideologikoa dute. «Denak gara ezkerrekoak eta abertzaleak», dio Jose Marik, eta Patxik zehaztu du: «Egia esateko, horretaz ere hitz egin genuen proiektua abiatzerakoan, argi baikenuen Voxeko bat –barrez– edo tratu txarren emaile bat, esaterako, ez zela sartuko. Proiektu irekia da, baina baditu muga batzuk».
Badakite ez dela etxebizitza arazoari aurre egiteko pagotxa, baina, euren ustez, pauso inportantea da etxebizitza duin bat izateko, «duintasunez bizitzeko aukera bat», Jose Marik dioenez, «zahar egoitza batera joan gabe eta komunitatean bizitzeko modu bat».
Horrenbestez, horrelako esperientziak abiatzeko animatu nahi dute jendea. Proiektua ezagutaraztea garrantzitsua dela uste dute, eta eurak nahi duenarekin hitz egiteko prest daude, finantzaketaren inguruko informazioa partekatuz laguntzeko, baita zer oztopo burokratiko eta bestelakoak topa daitezkeen azaltzeko eta Lurkoi erakusteko ere.

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urte preso izan eta gero

Graban el tremendo impacto de un rayo en las antenas de Zikuñaga de Hernani antes del amanecer

La dirección del Colegio Público de Gares comunica a las familias que abandona el PAI

Errastiko Eskola, landa eta elikagaiak umetatik maitatzen
