
Paris-Nizako azken etapak ez du hutsik egin. Etapa laburra eta aldapaz josia diseinatzen dute urtero-urtero eta beti asmatzen dute, ikuskizuna bermatuz. Eta ikuskizuna liderrak berak eman du, Matteo Jorgensonek, eztabaidarik gabeko garaipena eskuratuz.
Estatubatuarrak bideratuta zeukan sailkapen nagusia, baina bazituen hainbat mehatxu. Oso goiz geratu da taldekiderik gabe, hiruzpalau erasori erantzun behar izan die eta ez du gehiagorik nahi izan. Azkenaurreko aldapan, Col d'Eze ezagunean, aurrera jo du eta aurkariak atzean utzi ditu. Erasokor zegoen Florian Lipowitz saiatu da, baina debalde. UAEko Almeidak ere erasotxo bat egin du, baina hankarik ez (bere taldekide Brandon McNultyk etxerako bidea hartu du etapa hasieran, eroriko baten ostean).
Aurretik zituen Jorgensonek arrakasta urrutitik bilatu duten hainbat txirrindulari. Sekulako maila ematen ari den Mads Pedersen, Magnus Sheffield, Felix Gall eta Aleksandr Vlasov. Gall eta Vlasovengana iritsi da lehenbizi.
Azken aldapa tentean Sheffield bakarrik geratu da lasterketa buruan. Ia hiru minutura zegoen sailkapenean. Errenta nabarmena Jorgensonen alde. Pixka bat sufritu du azken aldapetan, Gallen gurpila ere galduz une batez. Baina bere erritmoa hartuta eta helburua ongi ulertuta, lasterketa etxera eraman du Vismakoak.
Etapa Sheffieldentzako izan da, honek ere erakustaldi bikaina eman ostean, Ineosek aste guztian zehar egindako saiakerak borobilduz. Azken sailkapenean, Jorgensonekin batera, Lipowitz eta Arensman izan dira podiumean.
Ayuso, Girora bide paregabean
Paris-Nizan ez bezala, Tirreno-Adriatico lasterketan bai iritsi zaio loria UAE taldeari. Atzoko garaipenaren ostean, Juan Ayusok poltsikoratu du bi itsasoetako lasterketa. Azken etapa Jonathan Milan (Lidl-Trk) italiarrak irabazi du esprintean, espezialitate honetan munduan dagoen honenetakoa dela berretsiz.
Ayusok iaz bigarren amaitu zuen lasterketa honetan, Jonas Vingegaarden atzetik, eta aurten hautagai nagusi gisa zetorren. Eta ongi bete ere. Duela egun gutxi ere Drome Classic eta Laigueglia sarietan irabazle izan da UAEko txirrindulari gaztea eta helburu nagusi duen Italiako Girorako hautagaitza hizki larriz aurkeztu du.
Potenza Picena eta San Benedetto del Tronto arteko 147 kilometroak hasi eta gutxira Van der Poelek ihesaldi goiztiar baten aldeko apustua egin du, baina ez diote errenta handirik hartzen utzi. Denak bildu dira tropelean eta honela egin dute helmugara bitarteko tartea. Bertan, esprintean, Sam Bennetten aurkako lehia estua izan bada ere, Jonathan Milanek bereganatu du azken etapa hau.
Azken sailkapenean, Ganna eta Tiberi italiarrak izan ditu Ayusok ondoan podiumean. Mikel Landa zazpigarren izan da eta Pello Bilbao, aldiz, bederatzigarren.

«Pequeña y con algo de caña, ron y música, ¿el peligro es que Cuba no se arrodilla?»

Errastiko Eskola, landa eta elikagaiak umetatik maitatzen

La Federación Navarra de Pelota ve «legítima» y con respaldo la postura de la Federación Vasca

Persecución, derechos humanos y dobles estándares
