«Presiorik ez izateak ‘White Zombie’ flash-ean kateatzea lagundu dit»
Carretero zulagailuarekin harrapatu dugu, Biwak rokodromoan blokeak ekipatzen. Hori da egun duen lan profesionala, baina denbora ateratzen du harkaitzean eskalatzeko. Bere azken jardun azpimarragarria 'White Zombie' (8c, Baltzola) izan da. Zulagailua utzi eta tartea atera du NAIZekin hitz egiteko.

23 urteko zumaiarra Baltzolako bide mitiko hori estilo horretan sinatu berri du. Lehiaketen etapa atzean utzi duenetik, eskalatzailea arrokara eginiko trantsizio batean aurkitzen da. Eta, momentuz, emaitza ederrak erdiesten ari da.
Eneko Carretero gipuzkoarra zulagailuarekin harrapatu dugu. Hain zuzen ere, Biwak rokodromoan blokeak ekipatzen. Hori da egun duen lan profesionala, baina denbora ateratzen du harkaitzean eskalatzeko. Bere azken jardun azpimarragarria 'White Zombie' (8c, Baltzola) izan da; flash eran bide horren lehen igoera egin du. Zulagailua utzi eta tartea atera du NAIZekin jardun horretaz hitz egiteko.
Ezustekoa izan da zuretzat 'White Zombie' flash-ean egitea? Eta diot ia zure maila gorena berdindu duzulako.
Egia da orain arte lehiaketen munduan erabat murgilduta egon naizela, eta arrokan bide gogorrak ez ditudala egin. Ia denak maila antzekoak izan dira. Bai, ezustekoa izan da, besteak beste, arrakasta lortzeko itxaropen handirik ez nuelako. Halere, onartu behar dut topera joan nintzela. 8b+ estilo horretan egina nuen, baina 8c gauza handia iruditzen zitzaidan.
Halere, ez dut uste erabateko ezustekoa izan denik ekimen hau; izan ere, egun batzuk lehenago, Margalefen, 'Darwin dixit' ia flash-ean kateatu zenuen. Eta bide hori ere 8c da.
Marra hori %100ean nire estilokoa da. Buruan neukan, baina bide horretan ere, arrokan oso gutxi aritu nintzenez, ez nuen espektatiba handirik.
Nahiz eta harkaitzera eginiko trantsizio horretan zauden, argi eta garbi erakutsi duzu oso sasoiko zaudela.
Bai, ez dut zalantzarik. Maila fisiko oso ona dut, eta hori azken urteotan lehiaketak prestatzeko egin ditudan entrenamenduek eman didate. Kirol eskaladan gogor jarduteko oraindik errodajea falta zait. Txikitan asko eskalatu dut, baina, ondoren, lehietan topera sartu nintzen eta arroka asko baztertu nuen. Prozesu horretan nago, baina badakit ez naizela hutsetik abiatu.
«Ibilbide horrek duen historiarengatik ilusio handia egiten zitzaidan probatzea»
Zergatik aukeratu zenuen 'White zombie'? Flash-ean egiteko oso egokia delako, bideoen bidez informazio asko eskuratzeko aukera dagoelako, izaera horretako bide asko ez daudelako…
Nahiz eta marra luzea den, 'White zombie' bide fisikoa da. Arestian aipatu dut itxaropen gutxi nituela. Helburu hori neukan, baina egunean egin izan banu edo ekinaldi oso gutxitan pozik geratzeko arrazoiak nituen. Ibilbide horrek duen historiarengatik ilusio handia egiten zitzaidan probatzea. Lehiek asko lagundu didate memoria sendotzeko; badakizu bisualizazioa oso garrantzitsua dela.
Hortaz gain, bideo batzuk eta hainbat eskalatzaile bide horretan ikusi ditut. Metodoak ezagutzen nituen, eta kateatu nuen egunean eskalatzaile baten jarduna ikusi nuen. Oinak non jartzen zituen oso baliagarria izan zen. Aipatu behar dizut ere, lehen saialdian topera estutzeko mentalitatearekin joaten naizela. Eta uste dut hori arrakastaren giltzetako bat izan dela.
Flash estiloak soilik ekinaldia bat onartzen du. Tentsioa eta presioa izan al zenituen igoera horretan?
Ezta gutxiagorik ere. Lasai joan nintzen; oso-oso kontzentratua. Den-dena ondo ateratzen ari zen. Banekien mugimendu gogorrena goi aldean zegoela, eta puntu horretara indarrez iritsi behar nintzela. Fisikoki indartsu nengoen, eta besaurreak nekatu gabe. Itxaropen gutxi nituenez, presioak ez zuen lekurik izan.
«Egundoko motibazioa eman dit, besteak beste, igoera horrek erakutsi nauelako gai naizela maila gogorragoak egiteko»
Zer garrantzia ematen diozu lortu berri duzun arrakasta horri? Kontuan hartu behar da 'White zombie' flash eran egiten zu izan zarela lehena.
Egundoko motibazioa eman dit, besteak beste, igoera horrek erakutsi nauelako gai naizela maila gogorragoak egiteko. Orain arte zalantza ugari izan ditut. Indartsu nengoen, bai, baina helburuetan nola ibiliko nintzen ez nuen batere argi. Bide zailagoak probatzeko indar handia eman dit.
Jakina, flash-ean 8c egiteak, besteak beste, landutako bideetan oraindik koska batzuk gainditzeko ateak zabaltzen dizkizu. Hortaz, ziur nago zeure buruan makina bat erronka jira eta buelta ibiliko direla.
Hala da. Baina lehiaketetan gertatu ez bezala, orain ez dut batere presarik. Zuk aipatu duzun trantsizio horretan denbora gehiago behar dut; pazientzia ere. Lehietan 'murru' baten aurka behin eta berriz talka egiten nuen. Orain, berriz, prozesu horretan ikasten nabil. Horregatik, arrokan askoz ere gehiago eskalatu behar dut (bide errazagoak ere) oinarri hori sendotu ahal izateko. Egun, 8c mailako bost bide ditut, eta hori ez da asko.
Neure burua prest ikusten dudanean, orduan marra gogorrei ekingo diet. Etorkizun hurbilean 8c eta 8c+ gehiago egin nahi ditut. Eta gero gerokoak! Ez dut 9a zailtasuneko ibilbiderik, baina helduko da. 'Il domani' (9a, Baltzola), adibidez, bere garaian probatu nuen. Poliki joango naiz, tentuz eta gauzak ondo egiten saiatzen.
Kirol eskaladako helburuak dira, baina boulderrari buruz ez zara ezer ere aipatzen ari.
Jendeak uste du horretan espezialista naizela, eta nik sokarekin askoz ere gehiago eskalatu dut. Garai kontuak dira. Aste Santuan, adibidez, soka gorde eta Alcañizera (Teruel) joango naiz bloke egitera. Kirol eskalada eta boulderra elkar uztartzen ditut, hori da motibatzen nauena. Eta ez soilik horietako bat egiteak. Hots, bietan ala bietan indartsu sentitu nahi dut.
Lehiak aipatu ditugu, eta irakurleari gogoratu behar diogu, oso gazte bazara ere (23 urte), iaz etapa hori atzean uzteko erabakia hartu zenuela. Txapelketekin buru belarri egoteak arroka ia baztertzera eraman zizun.
Bai, horrela izan zen. Etapa horretan, urtean soilik lautan joaten nintzen kirol eskalada egitera. Ez naiz Mikel (Linacisoro) bezalakoa; nire lagunak ondo uztartu ditu lehiak eta arroka. Halere, ez dut drama bat bezala ikusten. Diodan bezala, etapa bat izan zen.
«Asko entrenatu dut, eta horrek oinarria jarri dit 8c hori flash-ean egiteko. Lehiek maila handia eman didate»
Ondorio baikorra ateratzen duzu, eta horrekin argi uzten duzu etapa horrek merezi izan zuela, ezta?
Bai, bete ninduen. Asko entrenatu dut, eta horrek oinarria jarri dit 8c hori flash-ean egiteko. Lehiek maila handia eman didate. Urte luze horietan txapelketak nire bizitza izan dira, eta horietan, asko bidaiatzeaz gain, lagun asko egin ditut. Onartu behar dut ere, gorabeherak izan ditudala. Ez naiz ezeren damu; lehiek den-dena eman didate eta oso motibatuta egon naiz.
Etapa hori atzean utzi dut, baina kanpoko kontuengatik. Ez da burutik nekatuta nengoelako. Zurrunbilo batean sartu eta lehertu nintzen. Zalantzarik ez dut: lehiekin asko gozatu dut. Adibidez, duela gutxi Zarautzeko Mastersan egon nintzen. Ez nuen batere presiorik eta irabazi nuen. Gogor entrenatzen segitzen dut, baina beste era batera; askoz ere lasaiago. Eta ohartu naiz jarrera hori egokiagoa dela. Ez dut baztertzen urtean behin txapelketa batean parte hartzea, baina beste jarrera batekin joango naiz.
Zalantzarik gabe, lehien etapa horretan erdietsitako emaitzen artean bada bat azpimarratu behar duguna: 17 urterekin, Moskun, Boulderreko Munduko Txapelketan sinatutako zilarra Youth A kategorian.
Horren inguruan zuk eta biok hitz egin genuen. Eta bat nator zurekin. Egundokoa izan zen. Zailtasuneko modalitaterako asko entrenatu nuen, eta boulderra askoz ere gutxiago. Eta begira emaitzak. Presorik gabe joan nintzen, eta azpitxapelduna bihurtu ere.
Pena dut nazioarteko nagusien mailan emaitza onik ez lortzea. Oinarria bikain sendotuta nuen, baina…
«Landutako proiektu batek buruari asko eskatzen dio, eta hori kudeatzea ez da erraza. Nire asmoa da helburu bat hartu eta gogor borrokatzea; hots, prozesua samurra ez izatea»
Kirol eskaladara itzuliz, aurreratu behar dugu 8b duzula bistan, 8c flash-ean eta 8c/+ landuta. Estilo horietatik, zein da gehien erakartzen zaituena?
Lehen biak. Landutako proiektu batek buruari asko eskatzen dio, eta hori kudeatzea ez da erraza. Nire asmoa da helburu bat hartu eta gogor borrokatzea; hots, prozesua samurra ez izatea. Garai batean porrotari beldur handia nion. Margalefen egon naizenean proiektuen inguruan zer-nolako jarrera hartu behar den asko ikasi dut Jorge Diaz Rullo eskalatzaile bikainarekin. Prozesuarekin asko disfrutatu behar da; ondo gestionatu ere.
Egun, bistan edo flash-ean baino landutako bide batean arrakasta lortzeak ilusio gehiago egiten dit. Adibidez, 9b mailako bat egiten badut da neure buruari aurre egin diodalako. Borroka mental horrek erakartzen nau; izan ere, helburu horretara erabat perfektu heldu behar zara. Beste estiloak ezberdinak dira. Adibidez, 9a flash-ean egiten badut, horrek argi adierazten du maila handiago batean nagoela. Baina diodan bezala, landutako proiektu batek ilusio gehiago sortzen dit.

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urte preso izan eta gero

Graban el tremendo impacto de un rayo en las antenas de Zikuñaga de Hernani antes del amanecer

La dirección del Colegio Público de Gares comunica a las familias que abandona el PAI

La Federación Navarra de Pelota ve «legítima» y con respaldo la postura de la Federación Vasca
