
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkako foru aldundiek batera antolatutako aurtengo udalekuetarako 4.112 plaza eskainiko dituzte 7 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzat, jolas eta hezkuntzako jardueren programen eskaintza zabalarekin.
Araban, zehazki, 1.628 plaza eskainiko dira, gehi Udaraba programako beste 632 plaza. Bizkaian 1.514 eskainiko dituzte eta Gipuzkoan 970 (102 gaztelaniaz eskaintzen dira eta 269 euskaraz. Udalekuak uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira, biak barne.
Juan Jose Rojo Arabako Gazteriaren Foru Erakundeko zuzendari kudeatzaileak, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Isaac Palencia Gipuzkoako Diputazioko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendariak aurkeztu dute kanpaina astelehen honetan Bilbon.
Izena emateko, Bizkaian hilaren 18tik, asteartetik, 27ra irekiko da epea; Gipuzkoan martxoaren 18tik 27ra eta Araban asteazkenetik, martxoaren 19tik, 28ra ahal izango da izena eman.
Programa uztailean egingo da eta udalekuak lau astetan banatuko dira: uztailaren 1etik 7ra, 8tik 14ra, 16tik 22ra eta 23tik 29ra. Hiru lurraldeetan erroldatutako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, baina parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.
15 instalaziotan egingo dira: Barria, Zuhatza eta Espejon Araban; Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Kattalin (Legasa-Nafarroa) aterpetxeetan eta beste instalazio batean Bizkaian; Orio, Zarautz, Hondarribia, Igantzi eta Azkoitian Gipuzkoan.
Era askotako jarduerak eskainiko dira, euskara hutsez eta elebitan. Horrela, ingurumenari buruzko jarduerak egingo dira baserri eskoletan, eta kirol eta kultur jarduerak ere izango dira, hala nola bisitak museoetara, txalaparta, birziklatze tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi ibilaldiak, eskalada, rapela, tirolina, arku tiroa, paintballa, orientazio jolasak, arrauna edo herri kirolak, besteak beste. Inguruko geologia, flora eta fauna ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.
Elkarbizitzarako jolasgunea
Udalekuen helburu nagusia neska-mutilei elkarbizitzarako jolasgune bat eskaintzea da, autonomia pertsonala sendo dezaten. Filosofia horrekin, 2025eko kanpainaren xedeak dira oporraldietan ondo pasatzea erraztea, autonomia eta bizikidetza sustatzea, aisialdi hezitzailea bultzatzea eta ingurune naturalera hurbiltzea eta ingurumenarekiko errespetua sustatzea.
Era berean, aisialdiko jardueretan euskara komunikazio hizkuntza gisa erabil dadin bultzatzea, eremu bakoitzeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutaraztea, eguneroko bizikidetzan laguntasuna eta elkartasuna bultzatzea, eta genero estereotipoak eta rolak zalantzan jartzen dituzten berdintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea bilatzen da.
Premia bereziak dituzten pertsonak aisialdiko jardueretan integratzea sustatzeko, foru aldundiek plaza guztien %5 gorde dute kolektibo horrentzat. Integrazio prozesua bermatze aldera, aldundiek kolektibo horiei arreta ematen dieten elkarte espezifikoen laguntza izango dute.
Gaztentzat
Arabako Foru Aldundiak 513 plaza eta 24 ekintza eskainiko ditu Gazte Bidaiak programaren baitan. Gipuzkoako Aldundiak, bestalde, Gazte Oporraldian programan 371 plaza eta 15 jarduera eskainiko ditu. Bi kasuetan 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat zuzendutakoak dira.
Adinaren arabera antolatu dituzte ekintzak. Horrela, Euskal Herrian Donezteben, Zuhatzan, Zarautzen eta Barrian, besteak beste eskaintzen dira egonaldiak. Euskal Herritik kanpo Galizian, Kantabrian, Guadalajara, Salamancan, Leonen, Madrilen eta Huescan antolatu dituzte ekintzak.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
