Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Iratxe Esnaola Arribillaga, Iñigo Gebara Grazenea
Hezkuntzan Librezaleko kideak

«Digitalizazioan norabidea finkatu dugu, baina urratsak egitea falta da»

Hezkuntzaren digitalizazioa, haren ezaugarriak eta intentsitatea, eztabaida publikoaren fokuan dagoen gaia da. Hezkuntzan Librezale taldeak urteak daramatza auzia jorratzen, eta gaur-gaurkoz eztabaida bide onean kokatuta ikusten duen arren, bide-orri horrekiko konpromisoa eskatzen du.

Iratxe Esnaola Arribillaga, Iñigo Gebara Grazenea
Iratxe Esnaola Arribillaga, Iñigo Gebara Grazenea (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herrian, hezkuntzaren digitalizazioa hala moduz, analisi sakonik gabe eta multinazionalen eskutik, egin da, eta horri buelta ematea ez da ariketa erraza izango. Hala uste du Hezkuntzan Librezalek, nahiz eta taldeko kide Iratxe Esnaola Arribillagak eta Iñigo Gebara Grazeneak aipatzen dutenez, eztabaida errei onean jartzea eta norabidea egoki finkatzea lortu den. Testuinguru horretan uler daiteke, adibidez, Gasteizko Ganberak, EH Bilduren ekimenez, iragan ostiralean Lakuari eskatu izana «digitalizazio etikoaren eta arduratsuaren aldeko apustua». Bide horretan urrats argiak egitea tokatzen da orain.

Hezkuntzaren digitalizazioan norabide aldaketa markatzea lortu dela eta ortzi-muga toki egokian kokatu dela diozue. Zerk eraman zaituzte ondorioztapen horretara?

IRATXE ESNAOLA: Azken bi ikasturteetan bi eztabaida garrantzitsu izan dira. Batetik, EAEn Hezkuntza Legearen baitan izan dena. Hor gure ekarpenak sartu ziren eta digitalizazioaren auzia guk nahiko genukeen bezala idatzita dago, eta arlo horretan guretzat emaitza oso positiboa da. Bestetik, Ikastolen Elkarteak 2023-2024 ikasturtean VII. Batzarra egin zuen, eta hor ere hurrengo urteetarako bidea markatuko zuen inflexio bat izan zen. Hezkuntzan Librezaleko kide batzuk guraso gisa lanketa bat egin genuen, eta hor ere EAEko legearen ildo berean finkatu da bidea: tresna libre eta auditagarriekin egiteko asmoa, teknologia ez dela neutrala ulertzea, digitalizazioaren intentsitatea nabarmen jaistea...  Bi esparru horietan emaitzak oso onak dira, gure ustez.
 
EAEn, ordea, proposatzen diren dekretu eta zirriborroek Hezkuntza Legea onartu aurreko digitalizazio eredua segitzen dutela salatu duzue eta galdetzen duzue zertarako balio duen, beraz, legeak. Zeri egozten diozue? Legea aplikatzeko borondate faltari, inertziari, ezjakintasunari?

IÑIGO GEBARA: Ez nuke esango ezjakintasuna denik; borondate falta ikusten dut, batez ere. Egia da inertzia batzuk badatozela atzetik, eta horiei buelta ematea ez dela bi egunetan egiten, baina Hezkuntza Sailaren azken planetan ez da inondik inora ikusten legearen eragin hori. Agian gauzatxo batzuetan; Iradi proiektua, adibidez, tresna libreekin egindakoa dena, baina hori ere modu xumean, eta indar gutxi jarrita. Nik bai egotziko niokeela borondate faltari, behintzat Jaurlaritzaren aldetik.

 

«Sentsazioa da digitalizatu dela gehiegi ikertu gabe, hezkuntzan tamalez gauza asko egiten diren bezala, esperimentatuz edo atzean geratuko garen beldurrarekin»

 

I.E.: Bestetik, digitalizazioaren esparruan tresna libre, auditagarri eta irekien aldeko proposamen bat egiten baduzu, ebidentziak eskuan, nekez egin daiteke horren kontra. Egun ditugun ebidentziekin, nor ager daiteke multinazionalekin digitalizatzearen alde? Legean sartu zen, eta egia da legeak hori islatzen duela, badakitelako horrela izan beharko lukeela teorian, baina gero segur aski ez dago borondaterik benetan horrek eskatzen duen saltoa emateko. Makineriak lehengo funtziona- menduarekin jarraitzen du, ez da Legea praktikara jaisteko lanketa egin, ez da haren jaitsiera praktikoa egin Hezkuntzaren organo desberdinetara. Eta hori, borondate faltari ez bada, zeri egotzi bestela?

Euskal Herrian egoera oso desberdina da administrazioaren arabera?

I.G.: Bai... adibidez, Seaskan egin den lana oso garrantzitsua izan da, eta azken urteetan esango genuke aitzindariak izan direla gauza askotan, software librea erabiltzen. Hego Euskal Herrian ere ikastetxe batzuek egin dute bide hau beren kabuz eta urteak daramatzate software askearen bidea jorratu nahian, baina ikastetxeek beren ekimenez egindako bidea da, askotan administrazioaren kontra.

I.E.: Seaskak, bere txikitasunean eta bere autonomia horretatik hartu dituen erabakiak kontzienteak izan dira. Orain gutxi hasi dira digitalizazio kualitatibo batean, eta hori modu kontzientean erabakiak hartuz eta tresna libre eta auditagarriekin egin dute. Nafarroan, Hezkuntzan Librezalek ez dauka eragiteko aukera handirik une honetan, baina edozein kasutan esango nuke EAEn eta Nafarroan dagoen funtzionamendua eta orain arte egon den hezkuntzaren digitalizazio eredua ez dela oso ezberdina. Ez batean, ez bestean ez da erabaki kualitatiborik hartu sistema libreen alde egiteko, eta azken urteetan eman den Googlelizazioaren eta oro har multinazionalen esku joatearen aldeko bide bat dago jorratua.

Azken urteotan gaia mahai gainean jarri da baina, oro har, jendartea berandu jabetu da hezkuntzaren digitalizazio ereduak duen garrantziaz?

I.E.: Guk aspalditik nabaritzen genuen kontzientzia falta. Zenbaitetan, instituzioek aurretik joan behar dute, jendartean kontzientziaziorik edo presiorik egiten ez bada ere. Teknologien kasuan urte asko pasa behar izan dira, baita pandemia bat eta testuinguru horretan digitalizazioaren azelerazio bat ere, jendearen kontzientzia handitzen joateko. Teknologien funtzionatzeko moduak ere aldatu dira, sare sozialek duela urte batzuk edukiak erakusteko orduan modu batean funtzionatzen zuten eta orain beste batera funtzionatzen dute. Gauza asko aldatzen joan diren heinean kontzientzia hazi da. Altxa Burua bezalako ekimenek ere horretan lagundu dute, azkenean, mugikorren gaitik nolabait eratorrita teknologiarekiko beste kontzientziazio maila bat eratu baita. Berandu? Tira, etorri denean etorri da, batzuetan gauzak sentitzeko, ikusteko, denbora behar da. Baina egia da urte asko pasa direla, hezkuntzaren digitalizazioaren esparruan sortu den makineria guztia izugarria dela eta horri buelta emateak lana suposatzen duela.

I.G.: Batzuetan sentsazioa da digitalizatu dela digitalizatzeagatik, gehiegi ikertu gabe, hezkuntzan tamalez gauza asko egiten diren bezala, esperimentatuz edo atzean geratuko garen beldurrez berritasunak sartuz. Gauza hauek mugitzen duten makineria, dirua eta halakoak ere garrantzitsuak izango dira horrelako erabakiak hartzeko garaian, baina ez da egin analisi sakon bat honek edo besteak hezkuntza zertan hobetzen duten ikusteko. Eta honek zer ekarri du? Gauza berri pila bat, irakasleak gainezka egotea... eta hori kudeatzea ez da erraza. Olatuak nolabait harrapatu gaitu, orain barruan gaude eta hortik ateratzea zaila da. Instituzioek analisi hori egin beharko lukete, lasaitasunez, zintzotasunez, berrituz, noski, baina gauzak ondo eginez.

 

«Mundua digitalizatzen ari da eta garrantzitsua da hori; ikasleak horretarako prestatu behar ditugu, baina horretarako ere ahaldundu behar ditugu»

 

I.E.: Puntu hau garrantzitsua da, hezkuntza etengabe esperimentatzeko gune bezala ulertzea arduragabekeria izan daitekeelako. Hezkuntzak ezin du etengabeko esperimentaziorako gune bat izan. HezkuntzArtek ere esaten du: metodologia berriak aplikatzen ari gara benetan edukiko duten funtzioa eta lortuko diren emaitzak onak izango diren edo ez jakin gabe. Digitalizazioan berdina gertatzen da.

Honekin lotuta, gero eta ahots gehiagok eskatzen dute digitalizazioaren intentsitatea jaisteko. Zer deritzozue?

I.E.: Digitalizazioak jendartean duen eraginari lotuta, uste dut ia edonork esan dezakeela arreta defizit bat badagoela, hamaika ikerketa daude hori esaten dutenak. Ia edonork ikusten du gehiegi digitalizatzearen eragina ez dela ona, hezkuntzan eta hezkuntzatik harago bizitzako edozein esparrutan. Horri lotzen zaio digitalizazioaren intentsitatea jaistearen gaineko hausnarketa; digitalizazioak bere horretan ez dakartza emaitza hobeak, ez dakar ikaskuntza prozesu hobeago bat, eta, gainera, osasun kalte handiak sor ditzake. Noski, gizarte digital batean bizi gara, presta ditzagun ikasleak horretarako, digitalki ahaldundu ditzagun; horrek ez du digitalizazio intentsu bat eskatzen.

I.G.: Digitalizazio on batean sakondu behar da: kritikotasunean, ikasleen ahalduntzean, digitalizazioak benetan zer esan nahi duen azalduz, enpresek zer egiten duten, gure datuekin zer gertatzen den, ze kalte eragiten dituen beraien gaitasun kognitiboan… Uler dezatela hau guztia zer den. Mundua digitalizatzen ari da eta garrantzitsua da digitalizazio hori zer den ondo ulertzea, ikasleak horretarako prestatu eta ahaldundu behar ditugu. Beti ari gara aipatzen ikasle kritikoak eta burujabeak izan behar dutela, baina gero bide horretan ez da ezer egiten; hitzetan geratzen da.

Hasieran aipatu duzuen borondate falta hori aintzat hartuta, hitzetatik ekintzetara pasatzeko bidean oraindik lana egiteko dago, beraz.

I.E.: Bai, lehen esan bezala, oso pozik gaude norabidea markatu delako, bai behintzat EAEko Hezkuntza Legean eta Euskal Herri mailan Ikastolen Elkartearen barruan, baina hortik aurrera urratsak egitea, hartu diren erabakiekiko konpromiso hori erakustea, falta da. Beraz, sentitzen dugu etapa bat bukatu dela,  norabidea markatzearena, baina norabide horretan urratsak egitea ezinbestekoa da, zeren paperak edozeri eusten dio. Horregatik asmoa dugu eragile desberdinekin biltzeko; admi- nistrazioetako arduradunak, ikastolak, Altxa Burua, HezkuntzArte, guraso elkarteak eta beste hainbat eragile. Guztion artean egin beharko dugulako bide hau.