NAIZ

Egiguren V.a eta Bikuña, ala Salaberria eta Gaskue, zein bikote da trebeagoa bizirik irauten?

Txapelketan eta markagailuetan atzetik aurrera egiten espezialista dira Salaberria eta Gaskue, eta bestetik, presioari eusten jakin zutelako sartu ziren finalean Egiguren V.a eta Bikuña. Larunbatera begirako materiala aukeratu ondoren, pronostiko argirik gabeko finala jokatuko dute.

Atzetik aurrera eginda iritsi dira B Serieko finalera Salaberria eta Gaskue.
Atzetik aurrera eginda iritsi dira B Serieko finalera Salaberria eta Gaskue. (Iñigo URIZ | FOKU)

Zapatu honetan jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Binakako B Serieko finala. Aspe enpresak ziur daki bere pilotariak aterako direla garaile, Egiguren V.a eta Bikuña alde batetik, Salaberria eta Gaskueren aurka ariko baitira nor baino nor. Astearte honetan egin dute pilota aukeraketa eta itxura baten behintzat ez da kexarako biderik egon.

«Gure pilotak iluntxoagoak dira eta agian azpitik gehixeago ibiliko dira. Beraienak argixeagoak dira eta biziagoak izango dira, baina ondo», argitu du Egiguren V.ak, gustura aukeraketan atera duten materialarekin.

Salaberria ere antzera mintzatu da. «Materiala ona da; sei pilotak jokatzeko onak dira, gureak agian zertxobait biziagoak, baina inolako aitzakiarik ez dago», argitu du Goizuetako aurrelariak.

Agian harrigarria suertatu liteke, baina finalerako sailkatu diren bikote biak ez dira aurreneko faseko ligaxkan onenen artean izan. Hala, atzetik aurrerako sekulako lana egin eta gero, Salaberria eta Gaskue hirugarren sailkatu ziren aurreneko faseko ligaxkan, lehenengo itzulian bi partida bakarrik irabazita eta, aldiz, sei garaipen lortuta bigarren bueltan.

Halako kontrasterik nozitu gabe, baina Bikuñak Binakako Txapelketa Nagusian egin dituen atzera eta aurrerakoek eraginda, Egiguren V.ak eta Bikuñak zazpi garaipenekin itxi zuten ligaxka.

Finalerdietako ligaxkan, bestalde, gorriak eta beltzak pasa zituzten finalera sailkatu diren bi gipuzkoarrek, urduritasunak jota. Hau da, Murua eta Bikuñak 11-22 irabazi zieten Salaberria eta Gaskueri finalerdietako ligaxkako aurreneko jardunaldian eta bigarrenean, berriz, 21-15 aurreratu ziren Senar eta Ezkirozen aurka, azkenean 21-22 galtzeko.

Ia gauza berbera pasa zitzaien finalerdietako azken jardunaldian. Orduan ere 21-15 aurretik ziren Zubizarreta III.a Morgaetxeberriaren aurrean, batik bat Bikuñaren lan apartari esker. Baina aurkariek 21na berdintzea erdietsi zuten Egigurenek, beldurrak airean, errematea inola ere asmatu ezinik egundoko gurutze bidea pasatu zuelako. Halakoren baten, ordea, Bikuñak tantoa mendean hartu eta Egigurenek txokoan amaitu zuen, gipuzkoarren lasaitasunerako.

«Pilotak gastatu ahala kosta egiten zaigu tantoak amaitzea eta ezberdin jokatzeari ekiten diogu, hasierako tantoetako alaitasunik gabe», onartu zuen Egiguren V.ak.

Salaberriak eta Gaskuek, berriz, ligaxkan bezala finalerdietan ere atzetik aurrera jo behar izan dute finalean lekua egiteko. Hala, bigarren jardunaldian Zubizarreta III.a eta Morgaetxeberria 22-15 gainditu zituzten, eta hirugarren jardunaldian, bestalde, B Serieko bikote onena izan den Senar eta Ezkiroz 15ean laga zituzten, neurri handi baten Salaberriak aurrean erakutsi zuen jokoari esker.

Edozer ikusteko prest

Hiru bider jokatu dute elkarren kontra bikote hauek biek. Esan bezala, Murua aurrean zela 11-22 nagusitu zen Bikuña finalerdietako ligaxkako aurreneko jardunaldian, baina aurreneko fasean atzetik aurrerakoek izan zuten zeresana azken emaitzetan. Eta bikote biak izan dira atzetik aurrerako horiek aldi berean egin eta pairatu dituztenak.

Hain zuzen, txapelketako aurreneko jardunaldian 22-19 nagusi izan ziren Egiguren V.a eta Bikuña, partidaren azken aldera arte bikote nafarra aurretik izan bazen ere. Aldiz, urtarrilaren 6an Eibarren 17-22 nagusi izan ziren Salaberria eta Gaskue, gipuzkoarrek neurketaren ekimena eraman arren partidaren zati handi batean.

«Denetarik izan da gure artean, eta hau, gainera, finala da: beste pilota batzuek, beste frontoi bat...», zalantzan aritu da Goizuetako aurrelaria. Nolanahi, Gaskuek Labriten etxean bezala aritzeko abantaila izango ote duen itxaropena azaldu du.

«Nafar batentzat Labriten jokatzea beti da berezia. Gure etxea bezalakoa eta zale nafarrak gainera gurekin izango ditugu», adierazi du Larraintzarko atzelariak.