NAIZ

Ezustekoa emanda eta sufrituta, Elaia eta Oaia sailkatu dira Winter Serieseko finalera

Elaia Gogenola eta Oaia Otañok irabazi zuten Winter Serieseko bigarren finalerdia, Ihart Arakistain eta Frida Watkins hiru jokotan mendean hartuta (12-15, 15-4 eta 3-5). Finalean, Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi, iazko txapeldunordeak eta esperientzia gehiagoko bikotea, izango dute aurrean.

Oaia Otaño, harmailera begira, pozik finalerdia irabazi ostean.
Oaia Otaño, harmailera begira, pozik finalerdia irabazi ostean. (ERAMAN JAI ALAI)

Nolabaiteko ezustekoa eman zuten atzo Durangoko Ezkurdi pilotalekuan Elaia Gogenola eta Oaia Otañok. Berriatuarraren bigarren aldia zen Winter Seriesean –iaz egin zuen debuta– eta estreinakoa mutrikuarrarentzat. Zirkuitoko bikote berrienetakoa dela esan genezake, gainontzekoak aurreko bi edizioetan ere lehiatu baitira.

Hala, Ihart Arakistain eta Frida Watkins faboritoak ziren bigarren finalerdian, esperientziagatik eta adinagatik. Partida oso estua jokatu zuten eta agerian geratu zen puntista guztiek eman duten aurrepausoa. Lehen finalerdian sekulako partida jokatu zuten Helena-Arai eta Maite-Maialenek eta bigarrengo honetan ere detaile handiko tantoak egin zituzten.

Atzetik aurrera egin zuen bikote horiak, hasierako txanpan marroiek 4-0ko partzialarekin beraien indarra agerian utzi baitzuten. Hala ere, partidan garaiz sartu ziren berriatuarra eta mutrikuarra, aurrelariaren bizitasunari esker. Hormabiko izugarri batekin estreinatu zuten markagailua eta marroientzat abixu bat izan zen.

Partida berdindu ez ezik (5-5), irauli ere egin zuten (5-7) baina Ihart atzean kargatzen eroso sentitu ahala, marroiek aldea berreskuratu zuten (8-7). Atsedenaldira aurretik joan ziren Ihart eta Frida baina handik bueltan, kosta zitzaien atzean mina ematea eta Elaiak bere lekua aurkitu zuen, tanto ikusgarriak eskaintzeko (12-15).

Bigarren jokoan gauzak erabat aldatu ziren. Pilota bizitu ahala, Ihartek atzean min eman zuen, Otañoren saiakera oro ezerezean geratuta. Mutrikuarrak, hala ere, nortasuna erakutsi zuen. Bere lehen partida handia zen, pilotalekua goraino beteta, Winter Seriesak ekartzen duen presioarekin, eta ez zuen bururik makurtu. Asko sufritu zuen bigarren jokoan, Elaiak ere gutxiago asmatu zuen aurrean eta parekatua hasi zen jokoa (4-4) segituan apurtu zen marroien alde (15-4). Ihart oso argi aritu zen, baita Frida ere, seguru bezain oldarkor batekin –eskuinez bien artera edota albotik botatako horma biko eder bat egin zuen–.

Kale edo balekoan estrategia ongi baliatu zuten horiek. Pilota biziarekin min ematen zieten eta beraz, motelagoen –oraindik partidan gutxien erabilita zeuden pilotak– aldeko hautua egin zuten. Hala ere, marroiek egin zuten lehendabizikoa tantoa –Ihartek atzean– baina segituan berdindu zuten partida horiek, pilota zaila sartu eta agintzera pasata (1-1). Sopelaztarrak kalitate handiko beste tanto bat egin zuen 2-1ekoa jartzeko baina berritxuarrak ere bere abilezia erakutsi zuen, atzean Otaño seguruago sentitzen zen bitartean (2-2).

Marroiek pare bat akats kateatuta agintea hartu zuten horiek (2-4) eta azken tantoa Oaia Otañoren pilotakada batek erabaki zuen, ezker horma jo ondoren zabaldu denean (3-5). Modu honetan, final handirako txartela eskuratu dute berriatuarrak eta mutrikuarrak, indartsu daudela erakutsita. Finalean, noski, Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi izango dira faboritoak. Durangarrak bere bigarren finala jokatuko du eta markinarrak, hirugarrena –lehendabiziko edizioa irabazi zuen Erika Mugartegirekin batera–.

Banakoan, iazko protagonista berberak

Gizonezkoen Banakako Seriesean, garaipen erosoa lortu zuen Johan Sorozabal biarriztarrak. 12-6 eta 12-7 gailendu zaio Jean Olharani. Pauekoa Johani aurre egiten ahalegindu zen baina biarriztarraren gaztetasuna, indarra eta txispa nagusitu ziren. Partida osoan seguru jokatu zuen Johanek, momentu oro neurketa kontrolpean izan zuen. Errebesarekin min asko egin zuen pilota errebotera botata eta datorren astean, iazko garaipena errepikatzeko aukera izango du.

Barandika da finalerako beste sailkatua baina eskuin belauneko erresonantziaren zain dago. Modu honetan, ziurtzat jotzen da finala Erkiagak jokatu beharko duela, Barandikaren aurka finalerdia galdu zuen pilotariak alegia.