NAIZ
Gasteiz

Zaballan hildako azken presoari ez zitzaion suizidioaren aurkako protokoloa aplikatzen

Ostiralean Zaballako espetxean hildako presoaren familiak Salhaketaren bidez jakitera eman duenez, ez zitzaion suizidioaren aurkako protokoloa aplikatzen, ez zuen tratamendu psikiatrikorik jasotzen eta beste preso bat laguntzeko euskarri funtzioak betetzen zituen.

Asteazken honetan Gasteizen egindako elkarretaratzea.
Asteazken honetan Gasteizen egindako elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Joan den ostiralean 35 urteko preso gasteiztar bat zendu zen Zaballako espetxean, Lakuako Gobernuak kartzelen eskumena hartu zuenetik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hil den bederatzigarren presoa, hain zuzen. Salatzeko, Salhaketak elkarretaratzea egin du asteazken honetan, 13.00etan Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Bertan gogoratu dutenez, hildakoaren senideek jakinarazi dute gizonak ez zuela tratamendu psikiatrikorik hartzen, garbitokian lan egiten zuen eta berarekin ziega partekatzen zuen beste presoari laguntzen eta euskarri bezala aritzen zen.

Gainera, ez zitzaion suizidioaren aurkako protokoloa aplikatzen. Presoen aldeko elkartetik ohartarazi dutenez, ikerketa judizialaren bidez lortu daitezkeen datu gehigarrien zain daude oraindik.

Gogorarazi dute 2021ean Lakuak EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik hil den bederatzigarrena dela eta, beraz, «ez da kasu isolatu bat». Izan ere, espetxeko mediku arreta ez da nahikoa eta sarbide zailekoa da, salatu dutenez.

Horrekin batera, heriotza hauei buruzko komunikazioa «sistematikoki» falta dela eta espetxeko arduradunek familiakoei eta kanpoaldeari informazioa «ezkutatzen» dietela deitoratu du Salhaketak. «Norbanakoen zaurgarritasun baldintzez gain, ez da ahaztu behar kartzelak gorputzetan eragin kaltegarriak ekartzen dituela: isolamendua, harreman dinamika zailak, elikadura txarra eta inguruarekin menpekotasun harremana», gaineratu du elkarteak.

«Berehalako neurriak»

Egoera hori dela eta, Lakuako Justizia Zuzendaritzari heriotza hauek saihesteko «berehalako neurriak» eskatu dizkio Salhaketak.

Fiskaltzari, bestalde, «ez dadila kanpo geratu» exijitu dio, heriotzak zergatik gertatu ziren ikertu dezan, familiei babes legala eta informazioa eman diezaien, «ardurak eskatu ahal izateko» eta kalte-ordainak jasotzeko aukera eman diezaien. Babes psikosoziala ere eskatzen du.

Presoei dagokienez, osasun arazo fisiko edo mentalak dituztenak zein patologia duala dutenak «berehala» aske uztea nahi dute, «askotan suizidoan amaitzen dutelako halako kasuek». «Pertsona hauek zaintza eta mediku arreta behar dituzte, eta kartzelan ezin zaie modu egokian eman», azaldu du Salhaketak.

Horretarako, araudi penalean eta espetxe araudian erreforma bat egitea beharrezkotzat jotzen du, «beharrik gabe luzatzen dituelako zigorrak eta mugatu egiten duelako baimenak lortzeko aukera, hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna.