NAIZ

Zain Dezagun Urdaibaik salatu du hiru hektarea zuhaitz moztu dituztela Busturian

Zain Dezagun Urdaibai elkarteak Busturian hiru hektarea zuhaitz moztu dituztela salatu ostean Elkarrekin Bizkaiak auziaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Diputazioari. Mozketa «dagozkion lizentziak eskatu gabe» egin delakoan erregistratu dute galdera sorta Batzar Nagusietan.

Mozketa gauzatu duten gunea.
Mozketa gauzatu duten gunea. (ZAINDU DEZAGUN URDAIBAI)

Busturian hiru hektarea zuhaitz «dagozkion lizentziak eskatu gabe» moztu dituztela salatu du Zain Dezagun Urdaibai elkarteak. Talde ekologistak herriko Udalaren aurrean aurkeztu zuen salaketa joan den ostiralean, Lurzoruaren Araubideari eta Hiri-Antolamenduari buruzko Legea baliatuta, uste baitute arraseko mozketa Urdaibaiko Patronatuari eta URAri beharrezko baimenak eskatu gabe burutu dutela. Elkarteak jakitera eman zuenez, lursailaren jabeak Busturiako Alkatearen senideak dira.

Hori dela eta, Elkarrekin Bizkaiak herrialdeko Foru Aldundiari galdegin dio zuhaitz mozketa masiboa ikertu dezala, eta irregulartasunik egotekotan ekarriko dituen ondorioen berri eman dezala.

Ostiralean elkarteak azpimarratu zuenez, jazotakoa «larria» da, babestutako ingurune batean egin dutelako mozketa. Hain zuzen ere, URAko teknikariak bertaratu ziren Busturiako Gohierri auzora lanak aztertzera, lursail horretatik erreka bat igarotzen baita, eta litekeena da mozketa lanek ibaitxoan eragin izana.

Pinuak zein eukaliptoak «bereizketarik gabe» mozteaz gain, Zaindu Dezagun Urdaibai elkarteak adierazi zuen lanek bide publikoak hondatu dituztela. Horrez gain, arraseko mozketa egin izanak ondorioak izango dituela uste dute, hala nola, «higadura-arriskua, biodibertsitatearen galera eta erregimen hidrologikoko aldaketak». Horregatik, era honetako jarduerak berehala bertan behera utzi ditzatela galdegin zuen talde ekologistak.

Ikerketa eskaera

Salaketaren berri izanda, Elkarrekin Bizkaiak herrialdeko Foru Aldundiari eskatu dio azaldu dezala Zain Dezagun Urdaibaik salatutako «lizentziarik gabeko zuhaitz mozketa masiboa» ikertu duen ala ez, eta argitu dezala zein izango diren «ondorioak» arau-hausterik egon bada. Horretarako, Batzar Nagusietan galdera sorta erregistratu dute.