Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

140 eragile baino gehiago batu dira larunbatean lurraren defentsan deitutako manifestaziora

Euskal Herria «salgai» ez dagoela aldarrikatuko du Euskal Herria Bizirik makroproiektuen aurkako plataformen elkarguneak larunbatean Gasteizen egingo duen manifestazio nazionalean. 140 eragile baino gehiagoren atxikimendua lortu dute, Euskal Herri osokoak.

Atxikimenduen berri emateko Gasteizen egindako agerraldia.
Atxikimenduen berri emateko Gasteizen egindako agerraldia. (EH BIZIRIK)

Euskal Herri osoko 140 eragile baino gehiagoren atxikimendua izango du larunbatean, hilak 22, Gasteizen lurraren defentsan deitutako manifestazio nazionalak. Euskal Herria Bizirik makroproiektuen aurkako plataformen elkarguneak antolatu du eta Euskal Herria «salgai» ez dagoela aldarrikatuko du.

Asteazken honetan Gasteizen eskainitako prentsaurrekoan, eragile desberdinek mobilizazioaren helburua «indarrak batzea» eta aldarrikapenak «lau haizetara zabaltzea» izango dela gogorarazi dute. Manifestazioaren leloa, hain zuzen, ‘Euskal Herria ez dago salgai’ izango da.

Babestuko dutenen artean, AHTaren aurkako plataformak, administrazio batzarrak, talde ekologistak, gerraren aurkako elkarteak, kultur elkarteak, talde feministak, auzo elkarteak eta LAB, ESK eta Steilas sindikatuak daude, besteak beste.

Atxikimenduei dagokienez, «gaur egungo errealitatearen urjentzia zein den islatzen» duela azaldu dute. «140tik gora atxikimendu jasotzeaz gain, Euskal Herri osoko eragileak gaude bertan eta honek lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromisoa agerian uzten ditu», gaineratu dute.

Deitoratu dutenez, «zalantzaz beteriko garaiotan, gerrarako prestaketa eta jendartearen gehiengoaren bizi baldintzen okertzearekin batera, lurraren suntsiketan jauzi kualitatibo bat eman nahi da». Horren aurrean, «ezezko garbia» emango dutela argi utzi dute.

Zehazki, «nekazal eremu zabalak industrializatzeari», «haizearen aitzakian mendi gainak hormigoiz janzteari» eta «sostengatzen gaituen lurra gutxi batzuen interes politiko eta korporatiboen izenean suntsitzeari» ezetz esango diote.

Arabako hiriburuko kaleetan aldarrikatuko dutena aurreratu dute. Hasteko, Europako zein Euskal Herriko enpresari handiak seinalatu nahi dituzte, «guztiok zorpetu gaituzten diru partidez aprobetxatu nahi» dutelakoan. Bigarrenik, Europako, Estatu espainol eta frantsesetako eta Euskal Herriko instituzioen papera salatuko dute, baita Lakuaren Lurralde Plan Sektorial berria ere. Horretaz gain, «kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago», gaur egungo eredu ekonomikoa gainditzea aldarrikatuko dute. Azkenik, «lurraren defentsaren harira ematen ari den kriminalizazioa» salatuko dute, Aroztegiari lotutako kasua, adibidez.

Beraz, «jendarte osoari» zabaldu diote larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia. «Soilik indarrak batuz lortuko dugu aurrera eraman nahi duten basakeria hau guztia gelditzea», argudiatu dute.