Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Exupery Orratzaren ‘Condorito’ bidea puntu gorriaren zain geratu da

Bauti Gregorinik, Pol Domenechek eta Ignacio Mulerok Patagoniako marraren ezohiko errepikapena egin zuten. A2 mailako luzea askatu gabe geratu zitzaien; eskalatzaileen ustez, 8a baino gehiago izan daiteke.

Patagoniako ohiko denboraldia amaitu da. Udazkena gain-gainean dute eta, adibidez, Argentinako El Chaltenen bildu diren ehunka eskalatzaileak etxera itzuli dira. Bueno, gutxi batzuk handik dabiltza, baina Cerro Torreko eta Cerro Chalteneko mendiguneetan dauden erpinak alde batera utzi eta klima ‘atseginagoan’ inguruko bide motzetan eta blokeetan azken egunak egiten ari dira.

Ignacio Mulero horietako bat da. Madrildarra Patagoniako horma ikusgarriak iaz ezagutu zituen, eta, eskalatzaile askori maiz gertatzen zaien bezala, aurten berriro itzuli da. Esku artean proiektu bat zuen, baina orohar klima txarra oso iraunkorra izan da eta soilik erronka hori aztertzeko beta izan du.

Motibazioak, bederen, ez dio hutsik egin. Joan den abenduko lehen egunetan El Chaltenen zegoen, eta handik joaten azkenetarikoa izango da. Izan diren leiho txiki laburrak ondo aprobetxatu ditu, eta sokakide ezberdinekin hainbat jarduera egiteko aukera izan du.

Exupery Orratzaren hegoaldeko horman, adibidez, ezohiko errepikapen bat egin zuen Bauti Gregorinirekin  eta Pol Domenechekin. ‘Condorito’ bideari buruz ari gara. 1998. urtean, Egbert Dozekal, Kurt Albert eta Bernd Arnold alemanek 500 metro eta hamalau luze dituen marra hori sortu zuten.

Artesi sistema bat jarraitu zuten italiarren marrarekin bat egin arte. Zailtasun teknikoei dagokienez, era askean 7c eta artifizialean A2 gainditu zituzten. Hortaz, ‘Condorito’ puntu gorriaren zain geratu zen.

Bidea zabaldu eta hamar egunera, beste eskalatzaile aleman batzuk bide horretan sartu ziren. Jens Richter eta Rainer Treppte saiatu ziren puntu gorria jartzen, baina ‘soilik’ lehen errepikapenarekin konformatu behar izan zuten.

Harrigarria bada ere, alemanen obra erabat ahaztuta egon da. Baina egoera hori Gregorinik, Domencechek eta Mulerok aldatu egin dute. Hogeita zazpi urte geroago, hirukote hori ezohiko errepikapenarekin egin da. Talde horren helburua, jakina, A2 hori era askean igotzea izan da; eskalatzaileok ere arrakastarik gabe geratu dira.

8a edo gehiago

Eskalatzaileok aurreratu dute aipatu dugun helburu horretan oso baldintzatuta zeudela eguraldiarekin: «Hogeita lau orduko leiho txiki bat iragarri zuten. Oso-oso txikia xede hori lasai biribildu ahal izateko. Bederen, bide horren bigarren errepikapena egiteko aukera izan genuen. Onartu behar dugu kalitate handiko ibilbidea dela. Hamalau luze horietatik bederatzik artesi ederrak dituzte, eta besteak plaka fanatikoak dira».

Horma bertikal horretan jardutea ez omen da oso erraza; izan ere, askotan bustia eta izotzarekin egoten da. Baldintza horiek zikin-arrasto beltzak sortzen ditu, eta eskalatzaileok diote itxura beldurgarria sortzen dutela.
 
Bidearen oinarrira heldu bezain laster, lehen lana ‘Condorito’ aztertzea izan zen. Ohartu ziren hainbat sekzio bustita zeudela; halere, ekinaldi bat egitea adostu zuten: «Lehen sei luzeetan Bauti sokaburu joan zen eta nahiko azkar gainditu zituen; gainera, librean. Zazpigarrena, hots, A2 mailako luzea, zain genuen. Ignaciok puntu gorria jartzeko ardura hartu zuen. Bi saialdi horietan, metro batzuk (6c) askean igo zituen. Baldintzak oso kaskarrak ziren eta, gainera, aurretik denbora gutxi genuen. Beste metroak A2-n eskalatu zituen. Kurtek esan zuen luze hori 8a izan daitekeela; gure aburuz, berriz, gogorragoa da».

Domenech aurretik joan zen azken bost luzeetan. Italiarren bidearekin bat egin, azken 200 metroetan sartu eta gailurra zapaldu zuten. Hamaika orduko jardunaren ostean, hirukotea ‘Condorito’-ren bigarren errepikapenarekin egin zen.

Gregorini izan zen bideoaren irudiak hartu zituena: «Nahiz eta erabateko arrakasta ez genuen lortu, hirurok ala hirurok pozarren gaude eginiko lanarekin. Oso motibatuta jarduteaz gain, oro har, eskarmentu ikaragarria bizi izan genuen. Kalitate handiko eskalada da, eta eginiko ekinaldia ez dut inoiz ahaztuko».