NAIZ

Iker Olabarrieta bilbotarra aske geratu da, zigor osoa bete ostean

Iker Olabarrieta Colorado, Bilboko preso politikoa, 2005eko martxoan atxilotu zuten eta aske geratu da 20 urteren ondoren. 2023ko abenduan 3.gradua ezarri zioten eta 2024ko martxotik baldintzapeko askatasunean zegoen.

Iruñean egindako manifestazio batean hartutako irudia.
Iruñean egindako manifestazio batean hartutako irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iker Olabarrieta Colorado bilbotarra aske geratu da asteazken honetan, zigor osoa bete ostean, Etxeratek ohar baten bidez jakinarazi duenez. 20 urte eman ditu Olabarrietak espetxe ezberdinetan, 2005eko martxoan atxilotua izan zenetik.

2023ko abenduan hirugarren gradua onartu zioten preso bilbotarrari eta duela urtebetetik baldintzapeko askatasunean zegoen, Auzitegi Nazionalaren mendeko Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren auto baten bidez emana. Martxoaren 19 honetan, erabateko askatasuna berreskuratu du Olabarrietak.

Lehenago, 2022an aberriratu zuten Logroñoko espetxetik. Baina, horren aurretik, 2021eko maiatzera arte, etxetik ia 1.000 kilometrora egon zen preso, Sevillan, oso gatibu baldintza gogorretan.

Olabarrieta Donostiako Antigua auzoko etxebizitza batean atxilotu zuen espainiar Poliziak, 2005eko martxoan, Karmelo Lauzirika eta Igor González Solarekin batera, ETAren «Donosti komandoko» kide izatea egotzita. Azken hori 2020ko irailean hil zen Martuteneko espetxean.

Iker Olabarrietak 47 urte ditu; 27 urterekin sartu zen kartzelan. 20 urteren ostean, askatasuna berreskuratu du bilbotarrak.