
Larunbat honetan, martxoaren 22an, 41 urte beteko dira Rafael Delas,‘Txapas’, Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’, Jose Mari Izura, ‘Pelu’, eta Dionisio Aizpuru, ‘Kurro’, Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak, Espainiako Poliziak Pasaiako badian hil zituenetik. 2025eko martxoaren 24an, astelehenez, jasoko dute lau hauen senideek Lakuak pasa den astelehenean aurreratu zuen biktima izaeraren errekonozimendu ofiziala. Aitortza hori onartuta ere, senideek «justizia bila» segituko dutela azpimarratu dute. «Gure gurasoek bizirik jaso ezin izan zuten errekonozimendu hori justizia bihurtu dadila. Guk 20 urte inguru genituen gure anaiak erail zituztenetik eta 60 urte pasata ditugu. Bizi garen arteko aitortza egin behar badugu, hala egingo dugu, baina gure gurasoek jaso ez zuten justizia hori gure seme-alabek jaso dezatela gutxienez», azpimarratu du Pello Aizpuruk, Dionisio Aizpuru zenaren anaiak.
Denbora luzea pasa bada ere 1984ko martxoaren 22 hartatik, emozioek oraindik badute lekua, Pello Aizpuru, Carlos Delas, Javier Izura eta Arantza Isart Badiola senideek burutu duten prentsaurrekoan nabarmen geratu den moduan. «Azkenean onartu dute gure anaiak ez zirela ‘enfrentamendu’ baten ostean hil, ‘exekuzio estrajudizial’ bat izan zela baino. Min handia eman izan digu denbora honetan guztian ‘enfrentamendu’ hitzak, horrek ezkutatu nahi izan duelako pertsona bat, Rosa Jimeno, bortizki torturatu egin zutela segada hau prestatzeko, eta segada hau sarraski bihurtzeko, eta azkenean sarraski hau agindu eta egin zutenek inpunitate osoz kalean jarrai dezaten», azaldu du Pello Aizpuruk.
«Nire anaiari 36 bala zulo sartu zizkioten, horietatik zazpi garondoan. Orotara, 113 bala zulo jaso zituzten laurek. Hori ez da ‘enfrentamendu’ bat. Hori, akusazio partikularreko Miguel Castells abokatuak dioen bezala, espainiar Estatuak demokrazia ezarri denetik jazo den krimenik latzena da», gaineratu du, Paco Etxeberria forentsearen lana aipatuz. «Autopsiak lehenengo egunetik erakusten zuen segada baten ondorengo sarraskia izan zela hura, baina garai hartako epaileak hiru hilabeteren buruan ‘delitu zantzurik’ ez omen zuen aurkitu eta kasua ixtea erabaki zuen. Berrogei urte eman ditugu Estatuaren hormaren kontra, azkenean errekonozimendu hau heldu den arte».
Legeak eta aitortza
Lau mezutan laburbildu dute asteazken honetako prentsaurrekoa lau senideek. Batetik, «bazela garaia aitortza ofiziala jasotzeko», nahiz eta Lakuarekin jarrera «kritiko positiboa» azaldu. «Irailean hots egin ziguten aitortza iritsiko zela esanez, baina ‘bizpahiru hilabeteko tramite burokratikoak’ beharko zituztela ofizial egin arte. ‘Bizpahiru hilabete’ horiek sei bihurtu dira eta tartean nire ama hil da, baina oraindik ez zaigu aitorpenik iritsi –hilaren 24an jasoko baitute–. Hori baino sentikortasun handiagoa merezi dugu guk ere, biktima garen heinean», adierazi du Pello Aizpuruk.
«Hau ez da hemen gelditzen. Sarraski hau agindu eta burutu zutenak inpunitate osoz kalean dabiltza»
Bigarrenik, «hau ez da hemen gelditzen. Hori egin zutenak inpunitate osoz kalean dabiltza», azpimarratu du Aratza Isart Badiolak. «Sarraski hau agindu eta burutu zutenak inpunitate osoz kalean dabiltza. Horregatik, onarpena jaso eta eskertzen dugun arren, justizia egin arte aurrera segituko dugu», gaineratu du. Zentzu horretan, Estatuan eta nazioartean existitzen diren zirrikituak aztertuko dituztela azaldu dute.
Hirugarrenik, «justizia egiteko bidean, Sekretu Ofizialen Legea aldatzea eta isilduta dauden kasuak desklasifikatzea ezinbestekoa da», zehaztu du Isart Badiolak. Carlos Delasek gehitu duen moduan, «garai hartan gurea bezalako kasu gehiago ere izan ziren. Guk 2019an aurkeztu genuen gure kasua Eusko Jaurlaritzaren batzorde horren aurrean. Denbora asko pasa da, agonia luzea izan da, ziurrenik batzorde horrek ez duelako behar bezalako mediorik izan lana arinago egiteko. Gure ondotik Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkezten diren kasu horiek askoz erantzun azkarragoa behar dute. Izan ere, gu baino okerrago dagoen jendea oraindik badago egon».
«Zer gertatuko zatekeen senideak kasu honetan berrogei urtez ekin eta ekin aritu ez bagina?», galdetu du Pello Aizpuruk
Azkenik, senideek azpimarratu nahi izan dute «hau ez dela gure lorpen bakarra; gure ondoan laguntzen eta babesa ematen egon diren guztiei eskertza eman nahi diegu», azaldu du Aizpuruk. Horregatik hilaren 22an, larunbatean, 19.00etan, Azpeitiko Azoka plazan «Pasaiako sarraskia argitu!», 41. urteurreneko deialdia egin dute.
Horren harira, Arantza Isart Badiolak Azpeitian eta Pasaian bertan eraildako lau gazteen aldeko oroigarria «bandalizatua dagoela» salatu du. «Instituzioek, behin biktima izaera onartuta, zerbait egin beharko dute», aipatu du.
Amaitzeko, erreflexio garratz bat bota du Pello Aizpuruk. «Zer gertatuko zatekeen senideak kasu honetan berrogei urtez ekin eta ekin aritu ez bagina? Instituzioek ez digute laguntzarik eskaini. Herriak bai, eta eskerrak eman nahi dizkiegu denei, baina instituzioengatik izan balitz, kasu hau aspaldi ahaztuta zegokeen».

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
