NAIZ

Israelen «konplizeen aurka borrokatzeko» beharra aldarrikatu dute eraso berrien ondoren

Ostegun arratsalde honetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian egindako mobilizazio banarekin Israelek su-etena hautsi eta Gazan 400 pertsona baino gehiago hil dituela salatu dute. Egoera berria ez dela nabarmendu dute eta Estatu horren «konplize guztien aurka borrokatzeko» beharra azpimarratu dute.

Palestinarekin Elkartasunak deituta Bilbon egin duten mobilizazioa.
Palestinarekin Elkartasunak deituta Bilbon egin duten mobilizazioa. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Asteartean Gazan su-etena hautsi eta 400 pertsona baino gehiago hil zituen Israelgo Armadaren erasoei erantzunez, Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak deituta manifestazioak egin dituzte ostegun arratsalde honetan Bilbon, Gasteizen eta Donostian.

Bertan nabarmendu dutenez, «gure eginkizun nagusia da Israelen desagerpenera bidean, konplize guztien aurka borrokatzea eta harreman oro eteteko presio egitea». Izan ere, genozidioa «presidente baten erabaki burugabeen emaitza» soilik ez dela adierazi dute, baizik eta Israelen «izaera kolonial, arrazista eta espantsionistaren fruitua» ere bai.

Gainera, «basakeria guztiak mendebaldeko herrialdeen konplizitatearekin» egiten direla deitoratu dute mobilizazioetan. «Eta ez gara soilik AEBetako presidente sadiko baten babesaz ari, baizik eta AEBetako eta Europako gobernu, alderdi eta enpresen babesaz. Baita Euskal Herrian bertan ere», gaineratu dute.

Horrekin batera, gogorarazi dute aste honetako gertaerak «ez direla berriak». Azaldu dutenez, urtarrilaren 19an akordioa sinatu zenetik Israelek 150 palestinar baino gehiago hil ditu Gazan eta martxoaren 2az geroztik uraren eta argindarraren hornidurak moztu eta laguntza humanitarioa blokeatu ditu.