Krispeten usaina
Zoritxarrez, badira zenbait izenburu zinemetatik pasatu gabe zuzenean VoD plataformetan estreinatzen direnak. Egunotan PrimeVideora iritsi den filma bereziki deigarria iruditu zait: ‘Nickel Boys’ (‘Los chicos de la Nickel’). Aurtengo Oscar Sarietan bi izendapen jaso dituen film bikain honek –film onena eta egokituriko gidoi onena– ez ditu zinema aretoetako krispetak usaindu ere egin.
60ko hamarkadan girotua, Floridako adingabeen zentro batean sartzen dituzten bi afro-amerikarren istorioa azaltzen du. Azaltzen duena ez da ordea filmaren alderdirik deigarriena, kontatzeko modua baizik: lehen pertsonan erakusten da kontakizun ia osoa eta kamera pertsonaiaren begien pare kokatuz, ikuslea esperientzian guztiz murgiltzen da. Berak ikusten duena ikusten dugu eta sentitzen duena sentitu, pozak, nahigabeak eta, jakina, baita zauriak ere. Ez da akaso ikusle mota guztientzako filma, baina itzela da eta oso berezia.
‘Nickel Boys’-ena ez da adibide bakarra: orain aste batzuk, Justin Kurzel-en ‘The Order’ filmarekin berdina gertatu zen. 1983tik 1984ra bitartean AEBtako ipar-mendebaldean izua eta gorrotoa eragin zuen erakunde supremazista eta neonaziaren benetako istorioa azaltzen du. Iraganeko pasarte batez hitz egiten duen arren, orainaldiaz ere hitz mintzo da ‘The Order’: bertan ikusten diren gertaera, esaldi eta ekintza ugari gaur egungo eskuin muturraren gorakadarekin lotura zuzena dute.
Filma su txikian egosten da, eta katuaren eta saguaren arteko jokoa planteatzen du hasieratik. Bob Mathews (Nicholas Hoult) talde neonaziaren kide den gaztea alde batetik, eta Terry Husk (Jude Law), FBIko agente beteranoa bestetik; pertsonaia ugari ageri dira, baina hauek dira guztiaren metxa piztu eta narrazioa elikatuko dutenak. 80-90eko hamarkadetako AEBtako thriller poliziakoen kutsu nabarmena du; oso egitura klasikoa du, ez da batere berritzailea ez forma ezta edukiaren aldetik ere, baina oso eraginkorra, entretenigarria eta bizia da. Usadio zaharreko thriller horietako da; ez du zuen bizitza aldatuko, baina generoa maite baduzue bi orduko ikuskizun paregabeaz gozatuko duzue.
Jaialdietatik zuzenean telebistara igaro diren beste bi kasu tamalgarri.

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat

Educación y sindicatos no llegan a un acuerdo y se mantiene la huelga de profesores
Otegi llama desde el Parlamento europeo a «alejarse de la deriva autoritaria y militarista»

La línea de alta tensión de Forestalia que cruza Zaragoza, Nafarroa y Araba se da por muerta
