
Bizitza honetan, edozein arlotan, sarritan lan gogorrak ez ditu merezitako sariak eta fruituak ematen. Hau kirolera eramanez gero, eta zehazki futbolera, Alaves bizitzen ari den denboraldia horren adibide bat besterik ez da. Luis Garcia Plaza prestatzailearen kanporatzeagatik klubak kritika asko izan zituen, baina hura pasatu ondoren eta Eduardo Coudet iritsita, helburu bakarra dago: salbazioa lortzea.
Nazioarteko partidengatik egongo den atsedenaldi hau ondo etorriko zaio taldeari, ideiak ondo asimilatzeko, pixka bat deskonektatzeko –zergatik ez esan– eta pilak kargatzeko. Sailkapenean duen 17. postuak –jaitsieratik kanpo– ez du erlaxatzeko aukerarik ematen, baina are gutxiago azken jardunaldian jasotako kolpea nolakoa izan zen ikusita.
Izan ere, Las Palmasen gertatutakoak adierazten du lehen aipatu dugun lan gogorra eta fruituen arteko harremana. Deportivo Alavesek 0-2 aurrea hartu zuen, baina azken minutuetan aurkari zuzena zenak 2-2 berdintzea lortu zuen.
«Kudeaketa falta zaigu. Azkarragoak eta biziagoak izan beharra daukagu», hauxe da Toni Martinezek Kanaria Handitik ekarritako ikasgaia.
Bi garaipen, zazpi berdinketa eta bost porrot
Las Palmasen jokatutako partida hartan protagonista izan zen Toni Martinez. Lehenengo gola sartu zuen, zutoinera jaurtiketa bat bidali zuen eta beste gol bat bertan behera utzi zioten, lehen zati bikaina berresteko.
Aurrelariak prentsaurrekoa eskaini zuen asteazkenean eta onartu zuen arestian adierazitakoa: «Gauden tokian gaude lortu ditugun emaitzengatik, baina partida batzuetan, nire ustez, gehiago merezi izan dugu», azpimarratu zuen.
Emaitzei erreparatuz gero, Coudet Gasteizera iritsi zenetik, hauek dira zifrak: bi garaipen, zazpi berdinketa eta bost porrot –horietako bat Kopan, penaltietan–. Kontuan izan behar da porrot horiek guztiak emaitza minimoagatik izan direla. «Espanyolen aurkako porrota kolpe handia izan zen, sei puntuko partida baitzen. Aste horren ostean egin beharrekoaz hitz egin genuen, eta mentalitate eta dinamika aldaketa bat egon zen», onartu zuen Toni Martinezek.
Aurrelariak badaki bere funtzioa garrantzitsua izango dela aurrerantzean, beheko postuetatik irteteko. «Aurrelariaren betebeharra gola sartzea da. Ea nire une ona orain iristen den, helburua lortzeko ona izango baita», esan zuen.
«Iritsi nintzen lehenengo egunetik konturatu nintzen zer den Mendizorrotza, eta zortea dugu Liga amaitzeko falta diren hamar partidetatik sei etxean direlako», adierazi zuen Toni Martinezek, eta mezu bat bidali zien babazorroei: «Guk bezala sinistea eskatzen dizuegu».
Real Madrid: abonua askatzeko aukera
Asteburuan Ligarik ez dago, baina Alavesek hiru jokalari gutxiagorekin entrenatu beharko du egun hauetan. Izan ere, Moussa Diarrak (Mali), Abdel Abqarrek (Maroko) eta Jesus Owonok (Ekuatore Ginea) nazioarteko partidak dituzte. Bueltan, Ligari falta zaizkion hamar jardunaldietarako prestatu beharko dute gainerako taldekideekin batera. Eta ez da azken txanpa erraza izango, tartean derbi guztiak jokoan egongo baitira, eta Atletico eta Real Madriden bisitak Mendizorrotzara.
Hain zuzen ere Real Madriden bisitarako (apirilaren 13ko asteburuan) klubak, lehendabiziko aldiz, abonua askatzeko aukera martxan ipini du. Hau egiten duten bazkideek eserlekuaren salmentaren %50eko deskontua jasoko dute hurrengo denboraldiko abonuan.
Horixe bera beste klub batzuek egiten dute dagoeneko, eta orain Deportivo Alaves izan da erabakia hartu duena, partida honetarako sarrera eskaera handia espero baita eta ikusleria handitu nahi baitu Gasteizko klubak. Kontuak horrela, madrildarren aurkako partidan bazkideek aukera dute euren eserlekua askatzeko.

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

Dimiten tres concejales de EH Bildu en Arratzua-Ubarrundia al no poder frenar el proyecto solar

Cita en Donostia para apelar a la comunidad internacional a frenar el genocidio de Israel

Tres incendios en pocas horas, avivados por el viento: Jaizkibel, Ortuella y Orokieta
