Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Busturiatik nazien Hradištko eremura, Anjel Lekuonaren bizitza oroitzen du erakusketa batek

Busturiako Udalak eta Gogora Institutuak sustatuta, ostiral honetan ireki da ‘Hradištko (Txekiar Errepublika), nazien kontzentrazio esparrua: Anjel Lekuona busturiarraren eta beste askoren deportazioa eta heriotza (1945)’ erakusketa, gudari busturiar honen bizitza jorratzen duena.

Anjel Lekuonari buruzko erakusketa ikusgai dago Bizkaia Aretoan.
Anjel Lekuonari buruzko erakusketa ikusgai dago Bizkaia Aretoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

1940 eta 1945en artean 250 euskal herritar baino gehiago deportatu zituzten nazien kontzentrazio esparruetara, haien artean Anjel Lekuona. Hain zuzen, gudari busturiar honen omenez ireki da ostiral honetan ‘Hradištko (Txekiar Errepublika), nazien kontzentrazio esparrua: Anjel Lekuona busturiarraren eta beste askoren deportazioa eta heriotza (1945)’ erakusketa, Lekuonaren bizitza eta ibilbidea errepasatzen dituena.

Busturiako Udalak eta Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak sustatuta, EHUk Bilbon daukan Bizkaia Aretoan bisitatu daiteke erakusketa. Horretan, Hradištko kontzentrazio esparruari eta deportatu euskaldun eta espainiarrei buruz egindako ikerketa osoan zehar bildutako materiala ikusgai jarri dute. Beste material batzuen artean, Lekuonaren lagunek eta preso-kideek, Gregoire Uranga lapurtarra bezala, Lekuonaren familiari bidalitako eskutitzak ikus daitezke.

Ostiral honetako ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Aitor Aretxaga, Busturiako alkatea; Estitxu Garai, EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordea; Zuzana Hlavičková, Txekiar Errepublikako enbaxadako kontseilaria; Unai Eguia eta Anton Gandarias, Busturia-Hradištko senidetze batzordeko kideak; Lucie Hasková, Hradištkoko alkateordea eta erakusketaren egilea; eta Markéta Šafránková, Hradištkoko Udaleko garapen batzordeko zinegotzia eta presidentea.

«Anjel Lekuonaren eta gerren biktima guztien oroimenak bultzatzen gaitu Busturia eta Hradištko herriak alkarregaz lan egitera, pertsonen eta munduaren bizikidetza baketsuaren alde. Geure memoria historikoa elkargunea izan da, eta hurbiltzean ohartu gara askoz gehiago partekatzen dugula. Herri txikiak gara, eta natura, gure ekonomien antzekotasuna eta pertsonen arteko errespetuan oinarritutako kultura aberastasuna da nagusi», nabarmendu du Busturiako alkate Aitor Aretxagak.

Anjel Lekuonaren loba Anton Gandarias, artxiboko irudi batean. (Joachim BOEHMEKE)

Lekuonaren figuraz gain, erakusketan Busturia eta Hradištko herrien arteko senidetze ituna ere aztertzen da. Bi udalerriek nabarmendu dute «senidetzea herrien arteko bakea eta harmonia lortzeko eta mantentzeko eta herrialde desberdinetako herrien arteko interes komunak lotzeko bitarteko bat dela», Hlavičková, Hasková eta Šafránková txekiar ordezkarien arabera. Erakusketa apirilaren 16ra arte egongo da ikusgai.

1936ko gerraren ondoren Lekuona frantziar Estatuan erbesteratu zen. Han naziek atxilotu zuten eta Hradištko Hirugarren Reich-eko kontzentrazio eremura eraman zuten. Han, bere etxetik 2.100 kilometrora fusilatu zuten naziek, 1945eko apirilaren 10ean.

2022ko maiatzean, Euskal Herriko lehen ‘Stolperstein’ harria jarri zen Busturian, Anjel Lekuonaren omenez. Lekuonaren loba den Anton Gandariasek nabarmendu duenez, ‘stolperstein’ harriak, alemanieraz «estropezuaren harriak», munduko monumenturik «handiena» dira, 75.000 harri baino gehiagorekin munduan zehar.

‘Stolperstein’ harriaren kopia horretaz gain, erakusketara doazenek Busturia eta Hradištko arteko senidetzearen seinalea ere ikusi ahalko dute, aretoaren hasieran kokatuta. Barruan, Anjel Lekuonaren memoria jasotzen duen totemaren erreplika bat ere badago. Busturiarraren ondoan, bere ibilbide bera egin zuten beste sei presoren ibilbidea jasotzen da. Zazpiak fusilatu egin zituzten 1945eko apirilean, naziek Alemaniaren porrota hurbil ikusi zutenean. Hauek dira: Granadako Antonio Medina, Figuereseko Enric Moner, Mallorcako Rafael Moya, Ulldeconako Pedro Raga, Valentziako Vicente Vila-Cuenca eta Almeriako Antonio Clemente.

Anjel Lekuonaren omenezko 'Stolperstein' harriaren erreplika. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gainontzekoak ez bezala, azken honen errautsak ez dira gordetzen Pragako Stranizeko hilerrian dagoen memorialean, Parisen baizik. Gerraren amaieran, frantsesek euren herrikideen gorpuzkiak eraman zituzten, haien artean Clemente almeriarrarenak. Kontua da frantziar Estatura erbesteratu zenean izena frantseseratu zuela, «Antoine Clement» ipiniz, eta horrek ikertzaileak despistatu zituen.

Asier Roblesen erreportaje honek Anjel Lekuonaren bizitza kontatzen du.