NAIZ

Iker Aranberriren ‘Vaden Reboten’ poemarioak irabazi du VII. Xabier Lete Poesia Saria

Iker Aranberrik jasoko du VII. Xabier Lete Poesia Saria, ‘Vaden reboten’ lanagatik. Epaimahaiak nabarmendu du obrak «heldutasun poetiko harrigarria» duela, «bai edukian, bai egituran, imajinarioan eta hizkuntzan». Ekainaren 3an jasoko du saria.

Sariaren iragarpenean izan dira Aranberri bera eta Gipuzkoako Diputazioko eta Pamielako ordezkariak.
Sariaren iragarpenean izan dira Aranberri bera eta Gipuzkoako Diputazioko eta Pamielako ordezkariak. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Iker Aranberrik jasoko du VII. Xabier Lete Poesia Saria, ‘Vaden reboten’ poema-bildumagatik. Gipuzkoako Diputaziotik azaldu dutenez, epaimahaiak obraren «heldutasun poetiko harrigarria» aipatu du, «bai edukian, bai egituran, imajinarioan eta hizkuntzan».

Euskal literaturari, literatura unibertsalari eta filosofiari buruzko «ohiko erreferentziak» ere nabarmendu ditu, «poemen harira behar bezala landuak”, bai eta idazle eta filosofo handiei buruzko aipamenak ere, “poemategian zehar erraz identifika daitezkeenak».

Idazleari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du bere idazkera «bizia, aberatsa eta egokia» dela, eta «bistakoa» dela «euskararen aukera guztiak sakon ezagutzen dituela -eta maiuskulaz erabiltzen dituela-, hori gabe ezinezkoa delako halako proiektu poetiko handinahia gauzatzea».

Sariketara aurkeztu diren hamasei lanen «maila handia» ere goraipatu dute, eta azaldu dute ‘Baden Verboten’ poemategi irabazle gisa aukeratzearen arrazoia dela askotariko gaiak jorratzen dituela. «Lehen begiratuan eman lezake elkarren artean zerikusirik ez duten hainbat poemaren bilduma hutsa dela, baina inondik inora ez da horrela. Osotasun bakar eta trinko baten poemategia da, eta naturaren ezagutza sakonetik eratorritako irudiek izugarri inportatzen dute», esan dute.

Sariaren iragarpenean egon da Aranberri bera. Saria jasotzeak «ilusio berezia» egiten diola esan du, «txikitatik edo gaztetatik izan dudan amets bat betetzera datorrelako; beti izan dut noizbait liburu bat argitaratzeko ilusio hori eta aparteko poza ematen dit Xabier Lete handiaren izena daraman sariketa bati esker publikatzea nire lehenengo poemarioa».

«Luis Garde poetak esaten du ‘oroimena auzolana da’ eta iruditzen zait erakunde, argitaletxe eta idazleon arteko lan, edo auzolan, honi esker, Leteren figura, izena, lana eta oroimena bizirik mantentzea lortzen dugula. Sariketak, baita ere, nola ez, idazten eta sortzen jarraitzeko akuilua ere eskaini dit», esan du.

Aranberrik ekainaren 3an jasoko du saria, Donostiako Santa Teresa komentuan 18.00etan abiatuko den ekitaldian. Sari ekonomikoaz gainera, Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratuko da poema bilduma.