Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976’ liburua aurkeztu dute, «garaiko argazki-memoria bat»

Goenagaren bizitzaren zati bat argazki bidez laburtzeko asmoz egin dute ‘Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976’ liburua, Bilboko Arte Ederren Museoak argitaratu duena. Mikel Lertxundi historialariaren eta Joseba Zulaika idazlearen testu banak laguntzen du «argazki-memoria».

Ostiral honetan Tabakaleran aurkeztu dute ‘Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976’ liburua.
Ostiral honetan Tabakaleran aurkeztu dute ‘Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976’ liburua. (Maialen Andres | FOKU)

Juan Luis Goenaga margolariaren (Donostia, 1950- Madril, 2024) bizitzaren etapa jakin bat bildu dute ‘Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976’ liburuan, izenburuak esaten duen bezala, Alkizan igarotakoa. Eta hain zuzen ere, urte haietan egindako argazkiak biltzen dituen liburu bat argitaratu du Bilboko Arte Ederren Museoak.

Ostiral goiz honetan Tabakaleran aurkeztu dute irudiz betetako liburua. Bertan izan dira Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria; Mikel Lertxundi Artxibo eta Dokumentazio Saileko teknikaria eta liburuaren editorea; Joseba Zulaika idazlea eta margolariaren laguna; Emiliano Lopez Petronorreko presidentea eta liburuaren babeslea; eta Barbara Goenaga, margolariaren alaba. Argitalpen berean bildu dituzte euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko testuak.

Goenagak 1971 eta 1976 urte bitartean Alkizan egindako egonaldietan oinarritutako erakusketaren harira etorri zen liburua egitearen ideia. Zugaza zuzendariak azaldu du testuingurua azaltzea zela helburu nagusia, artistak «Alkizan bizi izan zuen une esperimentala» eta naturarekin izan zuen harremana kontatzearekin batera.

Lehen aldiz bildu da garai hartako «argazki-memoria», izan ere, liburuan urte horietan Goenagak egindako zuri beltzeko ia irudi guztiak biltzen ditu, 221 hain zuzen ere; gaineratu dute, argazki horietako gehienak bilduma partikularretakoak direla. Irudiak bi saiakerarekin batera aurkezten dira, Lertxundi historialariak idatzitako ‘Eguneroko harriduren bosturtekoa’ batetik, eta bigarrenik ‘Nik ez dut koadro hau margotu. Hilabete Goenagarekin Alkizan’, Zulaikak idatzitakoa Goenagarekin Alkizan igaro zuen hilabetea oinarri hartuta.

Bost atal nagusi

«Jatorrira bueltatu gara», aitortu du Lertxundik: «Goenagaren lanetan naturaren inbertsioak daukan garrantzira itzuli gara». Eta zehazki, hori «praktika fotografikoaren» bidez nola egin zuen ikertu eta jaso dute. Bildutako argazkiak bi zakutan banatu daitezke historialariaren arabera, «erregistro argazkigintza» eta «esperimentazio argazkigintza». Biak ala biak osatzen dute Goenagaren obra bere ustez, lehendabiziko urteetan Antton Elizegi argazkilariaren laguntzari eta jakintzari esker naturan ikusten zuen hori fotografiatu zuelako, eta ondoren igaro zelako esperimentaziora.

Irudiak bost bloketan banatzen direla azaldu du Lertxundik. Lehenengoan, Elizegik Goenagari mendian ateratako argazkiak daude, «praktika baten erregistroa» bezala definitu duena liburuaren editoreak. Bigarrenean, Goenagak egindako argazkiak daude, «bitakora koaderno» gisara hartua izan daitekena; Lertxundik esandakoaren arabera, bertan sumatzen da Jose Migel Barandiaran ezagutzen duela, «bideari eta denboraren iragateari ematen dio garrantzia».

Hirugarrenak album itxura du, eta argazki batzuk galduta badaude ere, bertan zituen oharrak mantendu dituzte, 1973 ingurukoak direla kontatu dute, bere lehen erakusketak hasten diren garaikoak. Laugarren atalean, bete betean sartzen da argazkigintza esperimentala deiturikoan, «mezu baten koherentzia ikusten da argazkien eta garaian egiten zituen margoen artean. Mitologiak, gauak, edertasunak, arbasoek… indarra hartzen dute». Eta bosgarren atalean bere hiru autoerretratuk ematen diote itxiera liburuari, 1977 edo 1978koa direla zehaztu du Lertxundik, eta Goenaga bizkarrez ateratzen da, baserritik ateratzen.

Margotzearen trantzea

‘Nik ez dut koadro hau margotu’ testuan, Zulaika lagunak garai hartako Goenagarengana hurbiltzen du irakurlea, «gure iniziazioa izan zen artearen munduan» aitortu du. Eta kontatu du gaztetatik egon zirela «oso konektatuak» bera eta margolaria: «Biak ginen nahiko traketsak sozialki, isilak…». Biei interesatzen zitzaien izugarri euskal mitologia, «sorginen mundua zen guretzat mundua», esan du. Bata antropologoa izan nahi zuen poeta zen, eta bestea margolaria.

Hilabete berekin Alkizan pasatzeko gonbita egin omen zion Goenagak, eta Zulaikak gogoratu du Goenagak gau osoa margotzen pasatzen zuela eta berak egun osoa idazten, eta beraz oso gutxi egoten eta hitz egiten zutela. «Gau osoa trantze batean margotzen pasa ostean beti esaten zidan koadro hori ez zuela berak margotu, eta ez zen metafora bat, berak literalki ez zuen koadro hori margotu, bere inkontzienteak edo trantze horrek margotu zuelako», azaldu du, eta horrek eman ziola izenburua bere testuari.

Beti euskaraz mintzatzen zirela azaldu du, sorginen munduarekin eta euskal mitologiarekin loturan ulertzen zutela beren bizitza. Eta Goenagak aipatzen zituen indar edota energia horiekin lotuta anekdota bat kontatu du: «Erniora joan ginen batean esan zidan indarrak sumatzen zituela, zerbait bazela han, Barandiarani deitu genion eta berarekin itzuli ginen leku horretara, eta hara non, kromletx bat aurkitu zuen, sumatzen zuen hori benetakoa zen».

Belaunaldi baten erretratu

Familiaren izenean Barbara Goenaga alabak hartu du hitza, eta guztiei eskerrak eman dizkie, «uste dut horixe egingo zuela aitak, hitz oso gutxirekin eskerrak eman». Aurkezpenean hitza hartzen azkena Lopez izan da, Petronorreko presidentea, eta aldarrikatu du kultura «sektore publikoarena ez ezik pribatuarena» ere badela, eta guztiek hartu behar dutela «kulturarekiko konpromisoa». «Ahazten ari gara nondik gatozen, belaunaldi oso bateko artistak joan zaizkigu eta ez daukagu espazio fisiko bat haien obrak ikusi eta ikasteko; hurrengo belaunaldiek ez dute jakingo nondik datozen», hausnartu du.