Joseba Salbador Goikoetxea
DONOSTIA

Lorezaintza jasangarria, lorea eta paisaia ulertzeko beste modu bat

Lore ekoizle industrial handien aurrean, Euskal Herrian badira lorea eta paisaia ulertzeko modu jasangarriagoa bultzatzen duten proiektu txikiak. Ez dira asko, baina sinetsita daude «lorearen kultura» berreskuratzeak duen garrantziaz, gizarteari eta naturari egiten dion mesedeagatik.

Garbiñe Tolosa, Donostiako Igeldo auzoan duen lore haztegian lanean.
Garbiñe Tolosa, Donostiako Igeldo auzoan duen lore haztegian lanean. (J.S.)

Ez da hainbeste denbora Euskal Herriko baserri inguruetan sendabelarrak eta mota desberdinetako loreak hazten zirela eta, barazkiekin batera, hirietako bezeroei eskaintzen zitzaizkiela, haien etxeak apaintzeko. Porru, letxuga, azenario eta arrautzekin batera, kalak, hortentsiak, begoniak edo arrosak ez ziren falta izaten gure ama eta amonen saskietan.

Gaur egun, ordea, ohitura hori desagertzen ari da ia herri guztietan, baina badira filosofia horrekin bat egin eta barazkigintza eta lorezaintza tradizionala berreskuratu nahi dutenak. Horien artean dago Garbiñe Tolosa donostiarrak zuzentzen duen Meriflauers lorategia. Igeldoko lur sail batean hazten ditu bere loreak, eta harekin elkartu gara, bere lan egiteko modua hurbildik ezagutzearren.

Garbiñe Tolosak urteak daramatza baratze eta lorategi artean. «Lehenbizi Antigua auzoan hasi nintzen, baratze batekin, baina denbora gutxira loreak zaintzen hasi nintzen. Mundu erakargarria iruditu zitzaidan, eta geroztik horretan nabil». Garbiñe kaletarra da, lurrik ez dauka, eta utzitako lur sailetan aritzen da. «Orain, urte batzuetarako, Igeldoko lur sail honetan nago, XVIII. mendeko Ariztegieta edo markesen baserri ederraren azpialdean», azaldu digu.

Donostiar honek beti izan du bertako eta garaiko loreak berreskuratzeko grina. «Konturatzen bazara, gaur egun saltzen diren lore guztiak kanpokoak dira eta kimikoz beteta daude, dendaraino iritsi arte zimeldu ez daitezen. Eta inon ez du jartzen zer kimika mota dituzten», esan du barruko arropa organikoak ere ekoizten dituen emakume honek.

Garbiñek ez du ekoizpen modu industriala atsegin, eta horregatik bertako loreak eta garaian garaikoak hazten ditu, baita hemengo baldintzetara egokitzen direnak ere. Hori bai, klima aldatzen ari denez, lehen egokiak ez ziren lore eta landare batzuk orain landatu daitezkeela zehaztu du. Lorategian bira bat eginez, neguko loreen azken hondarrak eta udaberri hasierakoak aurkitu ditugu: eleboro edo eguberritako arrosa, lilipa edo nartzisoa, kalendula, anemona, mitxoleta edo amapola… «Horiek udaberrikoak dira, normalean orain hasten dira, baina aurten dagoeneko loratzen hasita daude. Oso aurreratua dator dena», ohartarazi du Garbiñek.

BIZIKORRAK ETA BELARRAK

Loreez gain, zuhaixkak, landare bizikorrak (vivaces) eta belarrak ere landatzen dituzte Meriflauers haztegian. Garbiñeren iritziz, hirietako lorategietan jartzeko aproposak dira. «Gaur egun lorategietan lore oso politak jartzen dituzte, baina beti itxura berdina izaten dute. Bizikorrak eta belarrak erabiliz, ordea, lorategiaren itxura aldatzen joango da urtaro bakoitzaren arabera. Gainera, ez dira urte sasoi bakarreko landareak eta, horrenbestez, ez dira urtero aldatu behar». Hori bai, zainketa lan handia eskatzen dutela onartzen du, lorategia erakargarri mantendu nahi bada behintzat.

Horrekin batera, esan gabe doa bere lore eta landareak modu ekologikoan hazten dituela. «Produktu kimikorik ez dut erabiltzen, eta horien ordez prebentziozko tratamendu naturalak erabiltzen ditut», azaldu digu Garbiñek, nahiz eta Igeldoko lur sailean duen hezetasun handiagatik onddo arazo handiak dituen. «Baina onartu behar dugu», esan du.

Salmentari dagokionez, Garbiñe Tolosak hiru bide erabiltzen ditu loreak herritarrei helarazteko. Alde batetik, salmenta zuzena egiten du haztegian bertan. «Etortzen diren bezeroek aukera daukate beraiek nahi dituzten loreak mozteko. Europan ohitura hori oso zabalduta dago, Slow Flower deitzen zaio». Bestetik denden bitartez ere saltzen du, eta, azkenik, kontsumo taldeen bitartez. «Astean behin barazkiak etxean jasotzen dituztenek aukera dute hilean behin loreak ere jasotzeko, garai batean gure etxeetan egiten zen bezala», dio.

Moztutako lore freskoak saltzeaz gain, Garbiñe Tolosa loregintzaren artean ere aditua da. Urte asko daramatza lore sortak prestatzen, bai ezkontzetarako, bai ospakizunak apaintzeko… «Udan lan asko egiten dut, ekitaldi horietan lore bereziak nahi izaten dituzte-eta», azaldu du.

HEZIKETA

Loreen inguruko zaletasuna, hala ere, gutxitzen doala ikusten du Garbiñek, bai herritarren aldetik, baita erakundeen aldetik ere. «Lehen Donostiak bere haztegi propioak zituen Ulian, herrian zehar lorategi handiak eta ondo zainduak zeuden, baina kultura hori desagertzen ari da pixkanaka».

Horregatik, behar-beharrezkoa ikusten du pentsaera aldaketa eta, batez ere, heziketa. Ez bakarrik herritarren artean loreekiko interesa pizteko, baita loregintza jasangarriaren onurak azaltzeko ere. Helburu horiekin, iaz Loratzen jardunaldiak antolatu zituen Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, estatu mailako aditu handienak gonbidatuz eta hainbat tailer antolatuz.

Jardunaldi horietan tarte berezia izan zuen loregintzaren arteak ere. Garbiñek faltan botatzen ditu Euskal Herrian mota horretako ikasketak. «Loregintzaren artea ikasi nahi duten gazteek kanpora joan behar dute ikastera, hemen ez delako erakusten».

Dena den, tamalez, aurten ezin izan du bigarren edizioa antolatu, erakundeen aldetik ez duelako laguntzarik jaso. Baina ez horregatik bakarrik, herritarren aldetik ere ez duelako interes handirik ikusi. «Pentsatzeko modua aldatzea oso zaila da hemen. Gauza interesgarriak jarri genituen mahai gainean, baina askori ez zaizkie interesatzen. Nik badakit kanpoan jende asko interesatuta dagoela gai hauetan, baina hemen oso zaila da interes hori piztea», amaitu du.

Iaz Iruñean egindako jardunaldien lehen edizioko irudia.

Iruñeko jardunaldien bigarren edizioa, aurten, irailean

Donostian aurtengo udaberrian ez da Loratzen jardunaldien bigarren ediziorik izango, baina Iruñean lortu dute “Loregintza jasangarria” izeneko jardunaldien bigarren edizioa antolatzea. Nafarroako hiriburuan, ordea, ez da udaberrian izango, udazkenean baizik, irailaren 26tik 28ra.

Antolatzaile lanetan Etxauribarreko Sustrai mintegiko Fulgen Sutil lore eta landare hazlea dabil. Haren hitzetan, «lorezaintza hirigintzaren funtsezko zatia da» eta horregatik beharrezkotzat jotzen du «horri guztiari buruzko hausnarketa egitea».

Aurtengo jardunaldiek iazko ereduari jarraituko diotela azaldu digu. Horrela, lehen egunean “Bertako begirada” izeneko hitzaldia antolatu dute, Iruñerriko bi udalerri eta Donostiako eta Irungo lorategien arduradunekin, hiri horietako esperientziak partekatzeko. Bigarren egunean, Valentziako Picassent kartzelan abian jarri duten lorezaintzaren inguruko Lanbide Heziketa zentro bereziaren ibilbidea aipatuko dute, Estatu espainolean bakarra dena, eta hiri paisaian adituak diren estatu mailako bi pertsona ere arituko dira.

Jardunaldietan entomologiak tarte berezia izango du eta, hitzaldiez gain, Iruñeko lorategietan barrena bisita egingo dute bertako intsektuak ezagutzeko eta identifikatzeko. Egitaraua ixteko, makro-argazkigintzari buruzko tailerra izango da.