Kazetaria / Periodista

Udaberriarekin batera, beisbol eta softbolaren garaia iritsi da: zazpi euskal talde goi-mailan

San Inazio eta Beisbol Navarraren arteko derbiarekin hasiko da beisboleko Urrezko Ohorezko Maila. Bertan, beste bi euskal talde ere arituko dira: Toros Pamplona eta Irabia. Softbolean dagoeneko hiru jardunaldiko bidea egin dute Oriok, Izagak eta Argak eta azken biek derbia jokatuko dute asteburuan.

Orioko Bate Bizkorrak taldeko jaurtitzailea, Capitalinosen aurkako partidan.
Orioko Bate Bizkorrak taldeko jaurtitzailea, Capitalinosen aurkako partidan. (Sergio BERDASKO | OBB)

Udaberria estreinatu berri, beisbolaren eta softbolaren garaia hasi da eta, aurreko urteetan bezala, euskal talde ugarik jokatuko dute Estatu espainoleko goi mailan, zehazki, bost nafarrek, bizkaitar batek eta gipuzkoar batek. Beisbolari dagokionez, asteburu honetan ekingo diote Urrezko Ohorezko Maila izen berria duen ligari Bilboko San Inaziok, Iruñeko Torosek eta Irabiak eta Burlatako Beisbol Navarrak. Emakumezkoen softbolean, ostera, laugarren asteburua izango dute Orioko Bate Bizkorrek, Iruñeko Izagak eta Burlatako Argak.

Bilboko Errekaldeko kiroldegian egongo da beisboleko lehen jardunaldiko interesgune nagusia, San Inaziok Beisbol Navarra hartuko baitu larunbatean. Alegia, iazko ligako sailkapeneko hirugarrena eta seigarrena arituko dira bizkaitarren eta nafarren arteko derbian. Etxeko taldea irabazteko faboritoa den arren, bien arteko partidak beti izaten dira lehiatuak eta, gainera, bilbotarren presidente Fernando San Andresek onartu du ezin izan dutela denboraldi berria nahi bezala prestatu: «Bizkaiko talde bakarra garenez eta martxoan hemen eguraldi euritsua izaten dugunez, partida gutxi jokatu ahal izan ditugu aurredenboraldian, ez gaude bete-betean».

Beisbolean eta softbolean ohikoa den legez, bi partidako seriea jokatuko dute San Inaziok eta Beisbol Navarrak. Aurreneko norgehiagoka 12.00etan hasiko da eta bigarrena 15.30ak bueltan. Bestetik, Toros Pamplona etxean arituko da larunbatean, Astros ahaltsuaren kontrako seriean. Irabia ere egun berean lehiatuko da, Valentzian, Antorcharen zelaian.

2025eko edizioan hamar talde izango dira Urrezko Ohorezko Mailan, 2024an baino bat gutxiago, Viladecansek uko egin baitio eta ez baita inor igo kataluniarren ordez. Hortaz, liga erregularreko lehenengo bostek titulurako ligaxka jokatuko dute eta azken bostek, aldiz, jaitsierakoa, baina berez ez da inor jaitsiko.

Tenerife Marlins eta Astros Valencia dira ligako talderik boteretsuenak eta titulu guztiak irabazteko faborito bakarrak. Haien atzetik, San Inazio hirugarren izan zen iaz. Aurten berriro egon nahi dute lehenengo lauren artean, titulurako ligaxka ez ezik, Kopa jokatzeko aukera emango liekeelako. «Lantaldea berritu dugu, baina oinarria jokalari bilbotarrak dira oraindik», azaldu du Fernando San Andres presidenteak. Azpimarratzekoa da San Inaziok pitcher edo jaurtitzaile berria duela, Bartzelonatik heldu berri den Eric Paez.

Fernando San Andres baikor dago, baina gainerako taldeak indartu egin direla uste du. Nafarroako Toros da, hain zuzen, fitxaketa nabarmenenak egin dituena. «Lantalde orekatuagoa egin dugu eta lehiakorragoak izango garela uste dut», dio Toroseko kirol koordinatzaile Iñaki Alfonsok. «Ligan eskarmentua duten jokalariak eta etorkizun handiko gazteak ekarri ditugu». Royd Hernandez jaurtitzailea San Inaziotik heldu da.

Taldea zuzentzeko ardura Candelario Ruiz manager ospetsuari eman diote Torosekoek, ligako talderik onenetan zein Espainiako selekzioan lan egin duen teknikaria. «Manager berriari esker, profesionaltasun handiagoa izango du klubak, lehen taldean zein harrobian», azaldu du Alfonsok. Partidu guztietan «irabazteko mentalitatea» agertzea da asmoa, sailkapenean ahalik eta goren egoteko.

Hiru euskal talde softbolean

Softbolean aurreratuago dabiltza, asteburuan laugarren jardunaldiko partidak jokatuko baitituzte. Talde nafarrak sailkapenaren bi muturretan daude eta martxoaren 16ko derbiak bien arteko aldea agerian utzi zuen: Izagak 13-1 eta 16-0 irabazi zuen Argaren kontrako seriean. Hartara, iruindarrek lautik lau dituzte irabaziak eta burlatarrek, ordea, seitik sei galdu dituzte.

Orioko Bate Bizkorrak gorabeheratsu hasi da, neurketa batzuk erraz irabazi eta beste batzuk era ulertezinean galduta. Klub gipuzkoarreko presidente Elena Etxeberriaren esanetan, ez da harritzekoa hala ibiltzea, jokalari gazteei erantzunkizuna ematen hasi direlako aurten: «Aurreko urteetan ere jokatu dute baina ez hainbesteko ardurarekin; partida batzuetan indartsu arituko gara eta beste batzuetan ez dute hala erantzungo, ea azkar egokitzen diren». Beteranoek ere segitzen dute taldean, baina horietako batzuek parte hartze txikiagoa izango dute, kirolez kanpoko konpromisoak tarteko.

Orioko Bate Bizkorrak eta Capitalinosen arteko partidako irudia. (Sergio BERDASKO/OBB)

Belaunaldi aldaketaren urtea izanik, Elena Etxeberriak ez die bere jokalariei anbizio handiko helbururik ezarri nahi, 2024an ligako bigarrenak izan ziren arren. Lehenengo lauren artean sartzen badira, oriotarrak konforme, horrek Espainiako Kopa jokatzeko atea zabalduko liekeelako. Beisbolean bezala, derbia dakar softbolak asteburuan: igandean, Iruñean, Irabia eta Orioko Bate Bizkorrak aurrez aurre izango dira, 11.00etan eta 13.30ean. Argak Kanarietan jokatuko du igandean bertan, Capitalinos taldearen zelaian.