
Urtero bezala, udaberria iristearekin batera prest dira lore eta landare azokak Euskal Herri osoan. Asteburu honetan bertan Segurako azoka ezagunaren txanda izango da eta hortik aurrera, ia asteburuero, lore ederrak erosteko aukera izango da han eta hemen. Iturrarango landare berezien azoka, aurten, apirileko azken asteburuan izango da.
Euskal Herriko udalerri asko jo eta su ari dira egunotan lore eta landare azokak prestatzeko, horietako asko Dekolore elkartearekin batera. Elkarte honek hamarkada bat darama lanean zaletasun hori jendartean zabaltzeko asmoz, ez bakarrik adituen artean.
Elkartea dozena bat landare hazle txikik osatzen dute, eta beraientzat oso garrantzitsua da herriz herri egiten duten salmenta zuzena, horregatik erabaki zuten udalerriekin batera antolaketa lanetan parte hartzen hastea. Eginkizun horretan, Behemendi Donostialdea eta Bidasoko Landa Garapenerako elkartearen laguntza jasotzen dute.
Jendearen erantzunari dagokionez, erosketa ohiturak aldatzen ari dira, eta orokorrean jende gero eta gutxiago hurbiltzen da azoketara, baina loreen kasuan, mantentzen ari da azken urteotan. Hala eta guztiz ere, ahalegina egiten jarraitzen dute urteko egitarauak behar adina zabalkundea izan dezan.
AIAN 21. EDIZIOA
Erantzun paregabea jasotzen jarraitzen duen azoketako bat Aiako Iturraran Lorategi Botanikoan egiten den landare berezien azoka da. Aurten apirilaren 26an eta 27an izango da eta XXI. edizioa beteko du.
Bertan mundu osoko landareak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da, baina ez hori bakarrik, gure inguruan galtzen ari diren barietateak berreskuratu eta zaleen esku jarriko dituzte baita ere.
Aurreko urteetan bezala, Euskal Herriko eta frantziar zein espainiar estatuetako mintegiak bilduko dira, tartean Katalunia, Madril, Galizia, Asturias, Kantabria edo Andaluziakoak. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurten lau mintegi berri gerturatuko dira eta guztira 57 postu izango dira, inoiz izan den kopururik handiena.
Azokarekin batera, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dituzte. Horrela, larunbata eguerdian Emilia Valenciak natur-argazkigintzari buruzko hitzaldia emango du lorategian bertan, eta igande arratsaldean Meriflauers-eko Garbiñe Tolosak lore moztuekin xestoak egiteko tailerra eskainiko du, Nia Floralart-ekin batera, Aiako Kultur Etxean. Ekitaldi horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, 943 83 53 89 telefonora deituta.
Gainontzean, azoka bera goizeko 10.00etatik arratsaldeko 18.00ak arte egongo da zabalik eta sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da, autobus joan-etorriak barne.
Azoka ingurune paregabean ospatzen da, Iturrarango Lorategi Botanikoan. Hogei hektareako gune zabal honetan 5.500 landare espezie inguru daude, horien artean Europako haritzen bildumarik handiena. Beraz, lorategiko ibilbideetatik paseatu eta espezie horiek guztiak ezagutzeko aukeraere izango da.
Eguraldiak laguntzen baldin badu, egunpasa ederra egiteko aukera izango da apirileko azken asteburuan.
EGUTEGIA:
SEGURA:
Martxoak 23
LASARTE:
Apirilak 5
MUNGIA:
Apirilak 5
DONOSTIA (BULEBAR):
Apirilak 13
GARAI:
Apirilak 13
AIA-ITURRARAN:
Apirilak 26-27
GUEÑES:
Maiatzak 1
ERRENTERIA:
Maiatzak 3
URRETXU:
Maiatzak 4
OLATZAGUTIA:
Maiatzak 4
HERNANI:
Maiatzak 17
LEKUNBERRI:
Maiatzak 18
IRURTZUN:
Ekainak 1

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
Otegi llama desde el Parlamento europeo a «alejarse de la deriva autoritaria y militarista»

La línea de alta tensión de Forestalia que cruza Zaragoza, Nafarroa y Araba se da por muerta

Fíjate bien la próxima vez que te montes
