Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Uxue Loizuk eta Aitor Ugartek irabazi dute Mendiko Eskiko Euskal Herriko Kopa

Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioak antolatutako zirkuitua Andres de Regil Zeharkaldiarekin amaitu da. Azken proba hori, gainera, taldekako txapelketarentzat baliagarria izan da. Lur Basterretxea-Ane Hernani eta Aitor Ugarte-Jon Razkin bikoteak gailendu dira.

Andres de Regil Zeharkaldiak amaiera eman dio euskal lehien egutegiari.
Andres de Regil Zeharkaldiak amaiera eman dio euskal lehien egutegiari. (EMF)

Mendiko eskiko lehien egutegia pixkaka helmuga aldera iristen ari da. Nazioartean oraindik hitzordu batzuk jokatzeke daude; Euskal Herrian antolatzen diren lehiak, aldiz, amaitu dira. Hain zuzen ere, joan den asteburuan Europako Mendietan antolatu zen Andres de Regil Zeharkaldiarekin.

Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak eta Euskal Mendizale Federazioak elkarrekin antolatutako proba ofizialek hiru hitzordu izan dituzte: Bandres-Karolo Oroimenezkoa, Causiat eta aipatu dugun Andres de Regil Zeharkaldia. Hiru lasterketa horiek Euskal Herriko Kopa osatu dute, eta azkenak ere Euskal Herriko Taldekako Txapelketa jaso du.

Joan den 15ean, Fuente Deko ingurumarian Andres de Regil Zeharkaldiaren 56. ekitaldia jokatu zen. Seniorren kategorian, hemeretzi talde irteera puntura hurbildu ziren; horietatik zazpik bakarrik bi euskal mendizale federazioetako txartela zuten. Hots, Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuten.

Ibilbideak 1.300 metroko desnibela izan zuen, eta, oro har, eskiatzaileek baldintza egokiak izan zituzten estutzeko. Bederen, beste edizio batzuetan ez bezala, elur geruza ederrak ez zuen ibilbidea baldintzatu. Lehiari dagokionez, aurreratu dezakegu maila apala egon zela. Gizonezkoetan, soilik lehen bi postuetan sailkatu ziren taldeen artean norgehiagoka polita ikusi zen. Gogoratu behar dugu ere, lasterketa horrek Pierra Mentarekin kointziditu zuela, eta Alpeetako proban euskal eskiatzaile indartsu batzuek parte hartu zutela.

Wilfred Jumere frantziarra eta Davide Rivero italiarra faborito nagusiak ziren; frantziarra ikusi dugu Altitoy lasterketa irabazten. Bada, bikote horrek Andres de Regil Zeharkaldia irabazi zuen 1:54:25 denborarekin. Bigarren postuan euskal talde bat geratu zen. Aitor Ugarte eta Jon Razkin ia lau minutura helmugaratu ziren. Postu horietatik aurrera aldeak oso handiak izan ziren. Eta horren isla da hirugarren bikoteak eginiko kronoa: Joseba Tobarren eta Joseba Ormazabalen denbora 2:21:16 izan zen. Hortaz,

Jumere eta Rivero egin ziren lasterketarekin, eta Ugarte eta Razkin Euskal Herriko Txapelketarekin. Nesken probak, berriz, talde bakarra jaso zuen; hots, Lur Basterretxeak eta Ane Hernanik osatutakoa. Bikote horrek seniorren zein beteranoen txapelak eraman zituzten. Eta egoera bera 18 urtez azpikoen mailan gertatu zen. Ibai Hernaniren eta Unax Solagaistoaren taldea bakarra izan zen irteera puntuan.

Euskal Kopa

Arestian aipatu ditugun hiru proba horiek osatu dute Euskal Herriko Kopa. Eta azken hitzorduan bezala, oro har, parte-hartzaileen kopurua eta maila gorabeheratsua izan dira erregulartasunaren zirkuituan.

Puntu guztiak batu ondoren, seniorren kategorian Aitor Ugarte eta Uxue Loizu euskal zirkuitu horrekin egin dira. Bigarren postuan, berriz, Jon Razkin eta Lur Basterretxea (beteranoen txapela irabazi du) sailkatu dira. Hirugarrenak: Andres de Miguel eta Nahia Quincoces. Azkenik, Ibai Hernanik garaipena lortu du 18 urtez azpikoen mailan, eta Unax Solagaistoak bigarren postua sinatu du.