
Pasaiako segadan Polizia espainiarrak Rafael Delas ‘Txapas’, Pedro Mari Isart ‘Pelitxo’, Jose Mari Izura ‘Pelu’ eta Dionisio Aizpuru ‘Kurro’ tiroka hil zituela 41. urte bete diren egun berean, ekitaldia egin dute arratsaldean Azpeitiko Azoka plazan, justizia, egia eta erreparazioa aldarrikatzeko. Eguerdian, berriz, lore eskaintza egin dute Enparan dorrearen ondoan dagoen monolitoan.
Aurtengoa ekitaldi berezia izan da, izan ere, berriki hil baita bizirik zegoen azken gurasoa, Maria Pilar Arbelaiz, «inolako justizia eta aitortza ofizialik ikusi gabe». Horregatik, 1984ko segada hura argitu dadin exijitzeaz gain, hil diren senideei omenaldia egiteko baliatu dute ekitaldia. Gogoratu dutenez, eraildakoen guraso guztiak zendu dira, eta «bizi izan ziren bitartean ez zuten ez justiziarik ez errekonozimendurik ezagutu». Aitortza ofiziala iritsi, iritsi da azkenean, baina berandu guraso guztientzat. Aste honetan bertan jakinarazi diete Lakuako Gobernuak Estatuaren indarkeriaren biktima gisa onartu dituela eraildako lau kideak, eta hortaz erreparazioa jasotzeko eskubidea izango dutela.
Senideek sarritan aldarrikatu dute beranduegi izan baino lehen etorri behar zirela justizia eta errokonozimendua, baina bi azpeitiarren eta bi iruindarren gurasoek ez dute ezagutuko heldu den astelehenean ofizialki jasoko duten aitortza hori, eta bereziki salatu dute hori.
Gaurko ekitaldian herriko dantzariak igo dira oholtzara, eta Anari musikaria ere bertan izan da. Senideen izenean Pello Aizpuruk eta Arantxa Isartek hartu dute hitza eta nabarmendu dute 41 urteren ondoren aitortza ofiziala lortu ondoren «inoiz baino ozenago» esan dezaketela «Estatu terrorismoa izan zela» sarraski hura.
Eskerrak eman dizkiete Pasaiako Sarraskia Argitu taldean parte hartu duten edo laguntzen ibili diren guztiei. «Lortu dugun aitortza hau hein haundi batean zuei esker izan da, bestela ez genuen lortuko», adierazi dute.
Lakuako Gobernuarentzat ere izan dituzte hitzak eta «sentsibilitate gutxi» izatea leporatu diote. «Gure ama Pilarrek hori baino gehiago merezi zuen eta gure aitte Tomasek ere bai, eta Pelitxoren gurasoek, Miren eta Justok, eta Txapasen gurasoek, Rafael eta Divinak, eta Peluren gurasoek, Julian eta Txelesek, gehiago merezi zuten».
«Kritika positiboa»
Hala ere, «kritika positiboa» egin nahi izan dute eta zera adierazi dute: «Gure esperientzia mingarri honek balio beza Jaurlaritzak gure atzetik datozen Estatuaren biolentzia jasan duten senideei tratu duinez eta errespetuz tratatzeko».
Aitortza ofizialaren berri izan ostean iragan ostegunean eskaini zuten agerraldian, Delas, Izura, Isart eta Aizpururen senideek adierazi zuten errekonozimendu ofiziala lortuta ere «justizia egin arte» aurrera segituko dutela. «Gure gurasoek bizirik jaso ezin izan zuten errekonozimendu hori justizia bihurtu dadila. Guk 20 urte inguru genituen gure anaiak erail zituztenetik eta 60 urte pasata ditugu. Bizi garen arteko aitortza egin behar badugu, hala egingo dugu, baina gure gurasoek jaso ez zuten justizia hori gure seme-alabek jaso dezatela gutxienez», esan zuten.
Ildo horretan, sarraskiaren egileen inpunitatea salatu eta Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko eskatu zuten, isilduta dauden kasuak desklasifikatzeko.
Larunbat honetako ekitaldian ere horixe bera azpimarratu dute, «inpunitatearekin» bukatzeko lege hori aldatu behar dela. Barrionuevoren aurkako kereilan ere parte direla jakinarazi dute, eta nazioartean aukerarik badago ere horretan saiatuko direla.

«Ganas, paciencia y un poco de mano», receta para ser un constructor naval a pequeña escala

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona
